2017ko azaroaren 10ean 69 urte beteko dira Nazio Batuen Erakundeko Asanblada Orokorrak Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zuenetik. Arrazoi hori dela medio ospatzen da urtero giza eskubideen nazioarteko eguna data horretan. Gaurkoan, Egiari Zor Fundazioaren izenean, lanerako gure engaiamendua berretsi nahi dugu, pertsona guztiak haien eskubideen jabe diren bake egoera baten alde. Estatu Espainolaren konpromiso falta larria ere salatu nahi dugu, praktikara eraman duen biolentziaren biktimon egoera konpontzeko ezer egin gabe jarraitzen duelako eta gainera, salaketa edo aitortza saiakera oro zapuzten duelako.
Giza eskubideen babesarako sistema osoak estatuari aitortzen dio horien zaintzarako ardura eta zilegitasuna. Hori dela eta, kalteen arduraduna eskubideak ez urratzeko ardura duen berbera izatea izugarri larria eta asaldagarria da. Erantzukizun honen aurrean ezin onartu daiteke ezin ikusiarena egitea. Adibidez, harrituta gaude azken asteotan 2016. urteko sanfermin festetan jazotako bortxaketa basatiari ematen ari zaion kobertura mediatiko hutsal eta misoginoarekin. Telebistako programa eta eztabaidetako dozenaka minutu gaiaren xehetasun guztiak jorratzeko baliatzen badira ere, inork ez dio inolako garrantzia berezirik ematen itxura denez bortxaketa gauzatu dutenetariko batzuk estatuko funtzionariak izateak duen larritasun gehigarriari. Hori da estatua hori, herritarron eskubideak horrelakoekin defendatzen dituena.
Estatuaren biolentzia pairatu dugun biktimoi gure esperientziak ahalmena ematen digu giza eskubideen urraketa ororen gaineko egia ezagutzea exijitzeko: heriotzak, exekuzioak, behartutako desagerpenak, zaurituak torturatuak, mehatxatuak... Kasurik ez zaigu egiten, hala ere. Eta are okerragoa dena: egindakoaren gaineko erantzukizunik ez hartzeaz gain, egun oraindik giza eskubideak urratzen dira. Torturaren prebentziorako nazioarteko protokoloak ez dira betetzen; inkomunikazio legezkoa da oraindik; astero ehunka senide eta lagunek haien bizia errepidean arriskuan ipintzen jarraitzen dute; Ibon Iparragirre bezalako presoen eskubideak bortizki urratzen dira...
Hau ez diogu guk soilik. NBEko Giza Eskubideen Komiteak txosten ezberdinetan (azkenekoz 2015ean) behin baino gehiagotan gomendatu dio Estatu Espainolari iraganeko giza eskubideen urraketa guztiak aztertzeko; bertan behera uzteko 1977. urteko Amnistiaren Legea torturak, desagerpenak eta epaiketa gabeko exekuzioak ikertuak izan daitezen; debekatzeko errudun gisara kondenatutako pertsonei indultuak ematea; bermatzeko polizia eraikinetako galdeketen grabaketa; edota debekatzeko inkomunikazio egoerako atxiloketa. Erantzunik ez, baina.
Bestalde, Amnesty International moduko erakundeak bere Tortura moduko giza eskubideen urraketen biktimen egiarako, justiziarako, erreparaziorako eskubidea izeneko azken txostenean jasotzen du Espainiak ez dituela bere eginbeharrak betetzen tortura eta tratu txarrak jasan dituzten biktimekiko, eta Gobernu Zentralari eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen die eragindako minaren aitortza publikoa egiteko.
Mota honetako eskubideen jazarpena familia askorentzat tragedia bat da egundaino. Gertatu den guztia ezagutzeko garaia da. Egia ezagutzea justizia mekanismo bat izan daitekeelako. Nazioarteko zuzenbideak egia eta erreparazioa mekanismo ezberdinen bidez bilatzeko aukera eskaintzen du. Guri dagokigunez, zigorra oinarri duen konponbide eredu batekin bat ez gatozela esan beharrean gara, gatazka eta honen ondorioak betikotzea bakarrik ekarriko lukeelako. Horretarako, ordea, estatua bere erantzukizunen jabe egitea beharrezkoa da. Baita gatazka politikoak bide politikoetatik jorratu eta konpontzeko konpromisoa hartzea ere.
Giza eskubideen defentsan lanean tinko jarraituko dugula adierazi nahi dugu, eta garaia da eskubide horiek babesteko ardura dutenek hala egin dezaten. Urraketa gehiagorik ez, sekula ez. Eskubide guztiak pertsona guztientzat.
Abenduak 10: eskubide guztiak pertsona guztientzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu