A ze abadeak, Konkordatu kartzelakoak!

2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Pedro Berrioategortuaren heriotzak beltzez tindatu du Konkordatu Kartzelaren 50. urteurrenaren ospakizuna, baina ez du lausotu, gehiago motibatu baizik. Senide eta lagunek bere omenez antolatu duten omenaldia iragarri nahi dizuet idazki honekin: irailaren 8an, larunbata, Zornotzako Zelaieta Zentroan.

Ajeak alboratuta, Zamoran egonikoak eta beste errepresaliatuek uztailean prestatu genuen bazkarira etortzen tematu zen bihozkadak emanda, hain zuzen lagunak agurtzera. Disimulatu ezineko poztasunez jaso zuen, taldearen buru zenekoz, eskaini zitzaion lore sorta. Eusko Gudariak ere abestu zuen, kartzelan logelako pabiloian abestu ohi genuen lez. Bederatzi egunetara eman zigun azken agurra.

Borrokarako bere zintzotasunagatik, bera genuen zutabe dinamiko eta errespetagarrienetakoa. Kartzelan ezagutu nuen eta gero kanpoan Gogor taldearen hartu-emanetan. Jarrera sendo eta tinkoa zuen gizonak, eta bide batez, patxadakoa. Era naturalean zeragin lidergoa.

Bere arau sozialekin koherente, Elizako soldatari uko eginaz, hainbat lan ezberdinetan aritu zen ogibide moduan, abade langile gisara. Sozial eskolak bultzatu zituen, JOC edo Herri Gaztedi elkarteekin batera. Garai hartan hain ugari ziren aldarrikapen eta mugida guzietan hartzen zuen parte: lan-grebak, Aberri Egunak, Maiatzaren 1ak, Obispaduko itxialdiak, batez ere, Derio Apaiztegikoa, eta abar.

Hain «inkontrolatu» ez zirenetatik erasoak jasan zituen, esate baterako, autoaren erreketa. Birritan sartu zuten Konkordatu Kartzelan, 1968ko abuztuan hilabete eta erdirako Etxebarrietaren alde meza emateagatik eta 1972an sei hilabeterako desakatu eta propaganda ilegalagatik, TOPak zigorturik. Zamorako abadeetan bakarrik, hamasei izan ziren TOParen epaiak eta hemeretzi epai militarrenak. Mostra txiki bat baino ez da azken frankismoaren sententzien artean, zeintzuk ezabatu behar diren, bai edo bai. Ihesteko zuloa egin edo su eman zitzaionean, bera ez zegoen barruan; kanpotik lagundu zuen, baina. Ekintzen zergatia ez zen kartzela erretzea, irudikatzen zuen Konkordatua kolpatzea baino.

Euskal Herriaren eskubideen alde, autodeterminazioa, euskara, euskal kultura eta abar, Eliza bera horretara behartuaz, borrokalari nekaezina izan bazen, ardura berdinekin jokatu zuen eskubide sozialen alde. Gizartearekiko alderdi biak elkartu zituen Euskal Herri Langilearen lelopean, Gogor taldeak berea egin zuena, ziur ez jakin arren nork asmatu zuen, Periko Solaberriaren sotoan, ETArenfronte langilean edo Gogor taldean. Langile klaseen ahalduntzea zen apustua. Bakarrik zendu berriak aitatzeagatik, Periko biak, Imanol Oruemazaga, Julen Kalzada, Txomin Artetxe, taldean poliki lortu zuten ezker meatzealdeko eta euskal giroko arima biak bat egiten.

Zornotzan kokaturik, Perikok bikain gauzatzen du beharrezko sintesi hau, tirabira batzuk eragin bazizkion ere, 60ko hamarkadaren azkenetan hain ohizkoak. Esanguratsua Zamorako Apaiz Kartzela liburuan egiten duen aitorpena: «Garaia ere berezia baitzen oso, Euskal Herriko ezkerraren barruan joera politikoen ezberdintasunak indartuz zihoazen eta gure artean ere nabaritzen genuen, eten ideologikoak gauzatzeraino batzuetan. Aldi berean, ostera, argi zegoen herriarekiko kezka nagusietan guztiok gogaide ginela, Euskal Herria erraietaraino sartua baikenuen».

Beste hemeretzi lagunekin batera, Pedro lehenengotarikoa izan zen Kereila argentinarrean parte hartzeko sinatzen. Maria Servini epailearen aurrean aurkezteko aukerarik ez izan arren batzuek bezala, beti aitortzen zuen merezi zuela Estatuari pultsu hau botatzea, frankisten krimenak salatzen. Ondorio definitiboagoaren zain, kanpainak balio izan du Altxamendu genozidaren jarraitzaileek,—gelditzen dira—, hamarkadatan ezarritako isiltasuna apurtzeko.

Denok gaude gonbidatuta irailaren 8an Zornotzako omenaldira. Diktaduraren kontra borrokatzeagatik torturatu eta atxilotuak omenduko ditugu, Pedrorekin batera. Askok dihardugu oraindik askatasun osoagoen ametsaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.