Abenduaren 28a inozente eguna bezala ezagutzen da gurean, eta ohikoa izaten da mota ezberdinetako inozentadak ikustea edota pairatzea. Eta oraingoan ere, arrisku hori egon arren, espero dut egutegian inozente eguna izateaz gain, guztiontzat eta batik bat euskal pilotarentzat eta zaletuentzat egun historikoa ere bihurtzea, zeren ondo bidean, data horretan, Iruñean, Nazioarteko Pilota Federazioak antolatuta, batzarra egiteko asmoa dago. Eta euskal pilota selekzioaren alde betidanik lanean buru-belarri aritu garenontzat batzar horretan ofizialtasunari bide emateko aukera egotea gerta daiteke, segurua ez den arren. Oso notizia ona izango litzateke, jakin arren oraindik urrats gehiago egin beharko direla guztiok amesten dugun ofizialtasun hori zentzu zabalenean, alegia, zazpi herrialdeek osatutako Euskal Herri mailakoa, behingoz lortzeko. Urteetan lanean eta oraindik hor jarraitzen dugunon helburua hori lortzea da. Ea ba zorterik dagoen, eta, behingoz, nazioartean selekzio gisa ofizialak izaten garen. Bada garaia eta!
Urteak eta urteak daramatza herri honek euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen. Hasiera, hain zuzen, Kuban 1990ean jokatu ziren Munduko Euskal Pilota Txapelketan izan zen: gonbidatu gisa eta erakustaldi modura, Euskadiko Pilota Federazioak selekzio gisa, lehenengo aldiz, hasierako desfilean parte hartzea lortu zuen. Beraz, kostata, baina orain 34 urte lortu zen lehen urratsa egitea. Itzela izan zen, oro har, euskal gizartean, baina batik bat pilotazaleen artean, ofizialtasuna lortze bidean Kubako ekimen hark sortu zuen oihartzuna eta aldi berean gurean sortu zuen itxaropena.
Baina, zoritxarrez, ekimen horren ondoren eta saiakera batzuk egin arren (1994 Biarritz, 1998 Mexiko, 2002 Iruñea, 2022 Mexiko...) euskal pilota selekzioak ez du nazioarteko txapelketa ofizial batean parte hartzeko aukerarik izan, ezta gonbidatu gisa ere. Eta horregatik, aurtengo abenduaren 28a egun berezia eta historikoa ere bihur daiteke. Hori espero dut behintzat; izugarria izango litzateke euskal pilotarentzat, eta zer esanik ez Euskal Herriarentzat. Baina agian, beste inozentada bat gehiago ere izan daiteke. Zeinek jakin, orain arte gertatutakoa ikusita.
Euskadiko Pilota Federazioak aipatu saiakera batzuk egin ditu Nazioartekoan bazkide gisa onartua izateko. Baina, zoritxarrez, orain arte egindako saiakera guztiak hutsean gelditu dira, eta zergatik ukatu, hasieran Kubako ekimen hark eta ondorengoak piztutako itxaropen guztiak pixkanaka urruntzen joan dira.
Baina euskal herritarrak zerbait bagara, besteak beste, burugogorrak gara, eta horregatik, urte hauetan guztietan ekimenak antolatzen eta aldarrikatzen jarraitu dugu, hasieran ESAIT bezala eta azkenaldian EHEPSAM modura, horien artean azkenekoak Durango eta Biarritz (2022) eta Hendaia eta Iruñea (2024). Garbi genuelako aldarrikapenak bizirik mantentzea ezinbestekoa zela Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadiko Pilota Federazioaren eskaerari, behingoz, irtenbide bat bilatzeko eta esku artean daukagun aukera hori gauzatzeko; alegia, EAEko federazioa nazioartean ofiziala izatea eta etorkizunean euskal selekzio gisa lehiaketa ofizialetan parte hartzea.
Eta seguruenik, oraindik ere, urte guztietako borroka honen garaipen horretaz baliatuz, batzuk, beti bezala, beraientzat zuku politikoa ateratzen saiatu arren, guztiok dakigu herritarren borrokarekin lortu den garaipen txiki bat baino ez dela. Eta horrek zerbait ondorioztatzen badu, zera da, sinesten ditugun gauzen alde borroka egitea merezi duela.
Horregatik, espero dugu beste hainbat arlotan ere aldarrikatzen eta borrokan segitzea, jakina delako saiakerarik gabe lorpenak ezinezkoak direla. Beraz, jarraitu dezagun.
Gora euskal pilota selekzioa eta Euskal Herrikoa!