Abenduaren 16an 80 urte bete ziren Armando Cortesão ingeniari, historialari eta atleta olinpiko portugesak Portugal-Ingalaterra-Iberia hitzaldia eman zuenetik. Bertan, aurreneko bi herrialdeen arteko harremanak oso kritikoki aztertu ondoren, iberismoa aldeztu zuen.
Hala izanik, urtemuga hau arrotza gerta dakiguke euskal herritarroi. Guk iberismo hitza entzutean euskararen jatorriari buruzko teorian pentsatzen dugu, eta ez, Cortesãoren modura, Iberiar penintsularen batasun politikoan. Azken aldaera hori ere Pirinioen bi aldeetako euskal herritarron arteko batasunaren aurkaritzat jo genezake. Madrilera eta Parisera bakarrik ez, eta Lisboara begira ere jarri behar al gaituzte?
Baina bi datuk euskaldun zintzoen beldurrak akaso uxatuko dituzte. Bat: Cortesãok hitzaldia Londresko Euzko-Etxean eman zuen. Zergatik izango zuten euskal erbesteratuek Bigarren Mundu Gerraren erdian iberismoaz jarduteko grina? Bi: hitzaldia egin eta gero batzorde bat eratu zuten lau kidek: Cortesãok berak; PSOEko Luis Araquistainek, Espainiako Askapen Juntaren ordezkariak; ERCko Carles Pi i Sunyerrek, Kataluniako Nazio Kontseiluaren buruak; eta EAJko Manuel Irujok, ministro ohiak. Helburu argia zuten: Salazar eta Francoren diktadurei oposizio bateratua erakutsi eta etorkizun politiko elkartua irudikatzea. Amets horiek Iberiako Nazioen Komunitatean ardaztu zituzten, urruti ikusten ez zen etorkizunean Iberiar penintsulan gorpuztu behar zuena.
Ian Gibson historialariak iberismoa hiru motatan sailkatu duen honetan (katalana [Maragall], portugaldarra [Pessoa] eta espainiar-gaztelarra [Unamuno, noski]), Irujoren lana Londresko batzordean izandako iberismo euskaltzale baten adierazgarririk bakanetakoa dugu.
Laster hasi ziren lau kideak proiektuak fintzen. Cortesãok kontseilu orokor bat eratu nahi du aurrena, Portugal, Galizia, Gaztela, Katalunia eta Euskal Herriko ordezkariekin. Hasieran, aholku-emailea baino ez zen izango, baina bere proposamenak penintsulako gobernuak onartzen joango lirateke, batasun handiago baterantz.
Irujok eredu federala proposatzen du iberiar nazioentzat, harrigarriki gaur egungo Europako Batasunaren oso antzekoa, bai instituzio-eskeman, bai eskumenen banaketan. Araquistainek, ordea, Errepublika Bikuna plazaratzen du, Espainiaren eta Portugalen arteko erakunde lausoa.
Irujok Portugalekiko batasun-grinak Espainiaren barne-kontraesanak areagotu ditzakeela uste du. Portugalekin elkartu ahal izateko, Portugalek berak elkartu nahi izateko, Espainiak ezin du bere baitan beste herriak edo kulturak azpiratzen jarraitu. Horrela ulertu zuen Cortesãok ere: «Katalunia eta Euskadiri gertatutakoagatik bada ere, portugesek edozein hurbiltze intimori susmo txarra hartzen diote».
Baina Araquistain beldur da. Behin naziotasuna aitortuta, ez ote dute Katalunia eta Euskal Herriak independentziara joko, iberismora jo ordez? «Espainiarrek Portugalekin batu nahi dute, baina ez Katalunia eta Euskadi nazio gisa aitortzearen kontura». Cortesãok paradoxari hitz aproposak ipini zizkion: «Portugalek ez lioke bere patua Gaztela inperialista bati lotuko, ezta Espainia balkanizatu bati ere».
Azkenean, Araquistainek batzordea amaitu zuen, Irujori eta Pi i Sunyerri Espainiako 1931ko konstituzioaren aldeko adierazpen bat exijitzean, eta haiek uko egitean, ez aurka egoteagatik, baizik eta horrelakoak lekuz kanpo zeudela irizteagatik. Dena den, exijentzia horrek paradoxari erantzuna emateko ezintasuna islatzen du, edo, agian, Araquistainek erantzuna aurkitu bai, baina onartzeko prest ez zegoen.
80 urte igaro dira, baina paradoxak bere horretan dirau. Eta, pauso motelaz bada ere, Errepublika bikuna geroz eta gertuagoa dugu, espainiar eta portugaldar gobernuen arteko akordio eta bilera gero eta sarriagoek erakusten dutenez. Egoera honetan, beste iberismoak ere posible direla gogorarazten digute orain dela 80 urte erbestean abiatutako lanek eta, agian, Tajoren urak Senarenak edo Manzanaresenak baino goxoagoak direla euskaldunok bertan murgiltzeko.