68ko maiatza eta feminismoa 50 urte geroago

2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Iragan urrian, Jakiundek (Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia) antolatutako jardunaldi interesgarri bat izan zen Donostiako San Telmo museoan, iaz abiarazitako Memoria Feministen programaren jarraipen modura, Teresa del Valle antropologoak koordinatuta.Inaugurazio hitzaldia Paris-Dauphineko Unibertsitateko Françoise Pickek eman zuen eta gero, mahai-inguru bat egon zen Pilar Folguera, Marina Subirats eta Mariasun Landarekin, Jakeline Barker Jaiundeko koordinatzaileak zuzendurik.Nire aldetik, ikuspegi pertsonal eta literarioago bati helduta, saiatu nintzen nire ikuspuntu autobiografiko eta lokala ematen, Euskal Herriko neskatxa gazte batentzat Parisera joatea eta ikasketak 68ko maiatzaren ondoko iraultza-giroan egitea nolakoa izan zen azalduz. Izan ere, hizlari guztiak ados egon ginen alderdi baten: 50. urteurren honi funtsezko eta arrazoitutako garrantzia aitortzea. Feminismoaren bigarren olatua da, ekologiarekin batera, 68ko maiatzak gure bizitzan utzi duen legaturik handiena.

68ko maiatza oroitzeko, hiru ikuspegi uztartu behar ditugu: lehenengoa Parisko matxinadaren zortzi asteetara zedarritzen da; bigarrenak hamabi bat urte hartuko lituzke, eta hirurogeiko hamarkada eraldaketa sozial eta kultural handi baten ardatz gisa kokatuko luke lehen aldiz, continuum batean; eta hirugarrenak hamarkada horretako testuingurua nabarmendu beharko luke, nazioarteari, politikari eta kulturari dagokienez. Bertan, airearen hondoa gorria izango zen (Chris Markerren 1977ko Le fond de l'air est rouge filmaren izenburuak zioen bezala).

70eko hamarkada ere aipatu zuen Françoise Pickek bere hasierako konferentzian. Izan ere, Frantziako mugimendu feminista indartsua 68ko mugimendu politikoaren oinordekoa izan zen, aldi berean jatorrian zuen eredu iraultzaile hori ezbaian jarri zuen arren. Askotan esan da aurten. Emakumeen beren bazterketa-egoeraren kontzientzia hartu zuten 68ko mugimenduan, eta horren aurka altxatu ziren. Emakumeen mugimenduaren antolamenduak eta feminismo berriaren aldeko militantziak gizartea modernizatzen lagundu zuen, baita gizonen eta emakumeen arteko harremanak eguneratzen ere, harremanak errotik zalantzan jarriz eta perfektua izan gabe ere egokiagoa den oreka-maila bat lortuz.

Gaur egun feminismoa beste goraldi batean murgilduta dago, zioen Françoise Pickek paradigma zaharrak kolokan jartzen dituzten erronka berrien inguruan. Agerikoa da AEBetako feminismoaren garrantzia eta unibertsitateetan duen errotze-maila. Françoise Pick queer teoriari buruz aritu zen. Horrek, gizonen nagusitasuna eta gizon eta emakumeen arteko harremanak zalantzan jartzeaz gain, sexuen arteko diferentzia modu erradikalean kuestionatzen du.

Pilar Folguera, UAMeko historiagile katedradunak nabarmendu zuenez, autore batzuek «68ko mundu-iraultza» aipatzen dute. Data horretatik aurrera, Latinoamerikan eta Afrikako zenbait herrialdetan, erakunde berriak sortu ziren, emakumeen mugimenduak eta mugimendu feministak sustatu zituzten, kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako planteamenduekin. Feminismo ugari definitu zituzten, izaera komunitario, beltz, herrikoi eta indigena zutenak.

Bestalde, Marina Subirats, UABeko katedradun emerituak aipatu zuen patriarkatua aurretiko konfigurazio bat dela, emakumeei mentalitate bat eta balio- eta jokamolde-sistema bat ezartzen diena. Emakumeek bere egin dituzte jaiotzatik bertatik jaso dituzten mezuak, pertsona sexuatu gisa konfiguratu dituztenak. Horregatik, 68ko maiatzak tresna multzo bat eman zien emakumeei, jaso zuten sozializazioaz libra zitezen eta «beste leku batetik» pentsa zezaten, ez kultura androzentrikoak ezartzen zienetik. Marinak «kortsea askatzea» deitu zion horri. Feminitatearen Mistikaren eta Women's Lib-ren (Emakumeen Askapen Mugimendua) sorrera, Frantziako maiatzaren ekarpenak eta Kataluniako feminismoaren hatsarrea, 70eko hamarkadan.

Euskal Herrian ere,68ko maiatzak izan zuen bere garrantzia, baina diktadorea hil arte itxaron behar izan zen emakume feministen taldeak antolatu eta, 1977an, Leioan, emakumearen jardunaldi horiek egiteko. Jardunaldiok, bada, mugarria izan ziren euskal feminismo modernoaren historian.

Modu subjektiboago batean heldu nahi izan nion nik gaiari. Paris aipatu nuen,1968ko urrian bertara iristean ezagutu nuen moduan, eta, horretarako, 40 urte geroago idatzi nuen liburu autobiografikoa ardatz hartuz: Festa aldameneko gelan (Erein, 2008). Nire liburuaren izenburuak batzuetan izaten dugun sentsazio etengabe bati egiten dio erreferentzia; alegia, guztira berandu iristearena. Baina ez zen egia izan. «Festak» jarraitu egin zuen. Hitzaren festak, gorputza askatzearenak, ilusioarenak eta utopiarenak, 1970eko hamarkadako lehen urte horietan iraun zuena, unibertsitatean pertsonalki egiaztatu ahal izan nuen bezala. Hain zuzen ere, 1970eko hamarkadan sortu zen Frantzian Emakumeak Askatzeko Mugimendua. Ekintza berri eta eraginkorrak egin zituzten; esate baterako, abortua legalizatzearen aldeko manifestua 1970ean. 343 emakume ezagunek sinatu zuten, tartean, Simone de Beauvoirrek, Catherine Deneuvek, Giselle Halimik, Jeanne Moreauk eta Marguerite Durasek. 1974an, Simone Veil legeak abortua onartu zuen Frantzian.

Amaitzeko, ezagutu nuen Paris horren azalpenean, ezinbestean aipatu behar nituen emigrazio espainiarra eta antifrankismoa. Zehazki, Pariseko familia dirudunetan hain ugariak ziren bonnes á tout faire neskameei eta concierge emakumezko atezainei buruz hitz egin beharra zegoenematen duenez, ahaztu egin dugu zer garrantzi zuten Espainiako ekonomian. Baita Parisen instalatuta zegoen antifrankismoari buruz ere; izan ere, 68ko maiatzeko bolada iraultzaile berriek horien forma guztiak astindu baitzituzten.

Kontraindikazioak kontraindikazio eta gorabeherak gorabehera, 68ko maiatz horrek ateak eta leihoak ireki zizkien emakume guztiei. Ezer ez zen berdina izan, eta hori asko da.

Nabarmentzekoa da EHUren Donostiako Carlos Santamaria Bibliotekan feminismoari eta 68ko maiatzari buruzko erakusketa interesgarri bat dagoelainstalatuta, abendura arte egongo dena ikusgai.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.