Aste honetan, urtarrilaren 21ean, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna izan dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek, eta greba orokorra eragin zuen Nafarroa mailan. Beriain eta Undiano artean kokaturiko meategi hori probintzian langile gehien zituen fabrika zen garai hartan. Bertako langile asko fabrika-batzarretan antolaturik zeuden, eta haien ordezkariak beste fabrika batzuekin koordinatzen ziren langile-komisio deiturikoetan. Garai hartako langile mugimenduaren antolaketa-modu nagusia zirela frogatu zuten komisiook. Langile Komisioak ziren, gaur egungo CCOOrekin zerikusi txikia edo batere ez zuen mugimendu unitarioa.
Itxialdia baino hilabete batzuk lehenago, langile-komisioek hainbat fabrikatako langileendako aldarrikapen ekonomiko eta politiko bateratuen zerrenda aurkeztu zioten patronalari. Aldarrikapenen artean soldata-igoera eta bilera-eskubidea zeuden. Patronalaren ezezkoak greba orokorra egitera bultzatu zituen langileak abenduaren 11n Euskal Herriko leku askotan. Urtarrilaren hasieran, hilabete baino gehiago greban egon ondoren, bi hilabeteko zigorra jaso zuten lanik eta soldatarik gabe, greba bertan behera uzteari uko egiteagatik. Erasoaren aurrean, grebalariek lanera ez itzultzea erabaki, eta apustua handitu zuten: itxialdi bat antolatu zuten borroka prozesuari jarraipena emateko, hamabost egun iraun zuena. Kontua zera zen, nork eskuratuko zuen agintea: enpresaren eta Erregimenaren indarrak ala langile antolatuenak.
Elkartasuna eta batasuna adierazteko, urtarrilaren 15ean Nafarroa osoko greba orokorra deitu zen, izaera politikoa zuena, eta itxialdiari babesa emateko eta patronala eta Estatua langile-mugimenduaren aldarrikapenei zegokienez presionatzeko borroka-tresna izateko helburua zuen. Itxialdia amaitu arte iraun zuen grebak, eta horrelakoak utzi zizkigun: 50 enpresatako 20.000 grebalari, mobilizazioak egunero, denden itxiera, ikasle-grebak... Langile-klase osoaren borroka integrala izan zen.
Azpimarratzekoa da itxialdiko parte-hartzaileek izandako antolakuntza-maila oso altua izan zela, bai itxialdiaren aurreko lanetan, bai eta iraun zituen hamabost egunetan ere, eta langile-mugimenduaren heldutasunaren adibide argia izan zela. Horren haritik, nabarmentzekoa da hartan garatu zuten kontzientziazio-maila handia, borrokarako espazio hori formakuntzarako eta eztabaida politikorako aprobetxatu baitzuten. Gainera, itxialdiak ondorio negatiboak izan zituen Erregimenean. Azken finean, Nafarroako enpresarik handiena zen Potasas de Navarra, eta Estatua bera zen haren jabea. Ezin da ahantzi, bide batez, itxialdiarekin batera egin zen greba handiak nolako ekarpena egin zuen frankismoaren krisialdi bete-betean.
Egindako borrokaren ondorioen artean, itxialdian ziren langileen kontra nagusiek egindako errepresioa aipatu behar da. Guztiak kaleratu zituzten, bai eta isun bidez zigortu ere. Nolanahi ere, langile-klasearen elkartasun antolatuari esker —fabrikako lankideak zein auzokide eta lagunak—, errepresaliatuek hainbat gauza lortu zituzten: lanpostu berri bat lortzea, isunak ordaintzea, beste enplegu bat bilatzen zuten bitartean beren bizi-beharrak asetzea... Bai mobilizazio-uneetan, bai atzera egiteko uneetan ere, eredugarria izan zen langile-klasearen batasuna. Itxialdiari esker, 1974ko udazkenetik zetorren gatazka hura greba orokor batera bideratzea lortu zen, Nafarroan izan den grebarik arrakastatsuenetako batera, hain justu. Klase-elkartasunari esker, Nafarroa osoko milaka langilek beren gain hartu zuten fabrika bateko langile batzuen borroka. Langileek bazekiten indarrak batuz bakarrik lor zitzaketela beren helburuak.
Izan ere, data da —izenez eta lekuez harago, langile-klaseko kide guztienganako elkartasunaren printzipio hori— gogoratu eta biziarazi behar duguna, nostalgiarik gabe betiere, langile-elkartasunez jardun dezagun krisian dagoen gizarte kapitalista honetako enpresari eta kudeatzaileen eraso guztien aurrean. Hain zuzen ere, printzipio horrek batzen zituen orduko langileak, horrek indartzen zituen haiek banatzea helburu zuen errepresioaren eta zigorren aurrean, eta horixe da, hain justu, gaur egun ere gidatu behar gaituen printzipioa.