Aitona-amonek beti kontatu dizkigute gerra garaiko istorioak, eta istorioak baino ez zirelako ustean ez genien kasu handirik egiten. Sagardia Goñi familiaren historia ere asmatutako kondaira zela uste zuten askok, baina egia baieztatu berri da Aranzadi Zientzia Elkartearen lanari esker. Haurdun zegoen ama eta haren sei seme-alabak Legarreako leizera bota zituzten, 1936ko abuztuaren 30ean. Haien delitua, 16 urteko Joaquin, Antonio, Pedro Julian, Martina, Jose Maria eta 16 hilabeteko Asuncion gosez hil ez zitezen auzokideen baratzeetako janaria lapurtzea izan zen. Estatu-kolpearen ostean Pedro Sagardiak, aitak, gerrara joan behar izan zuen, baita Jose Martinek ere, 18 urte eskaseko seme nagusiak, eta Juana Josefak ez zeukan umeak aurrera ateratzeko bitarteko nahikorik, baina bazekien jaten eman behar ziela aurrera ateratzeko, janaria lapurtu behar bazuen ere.
Kondaira egia ote zen egiaztatzeko, 2014an leizera sartu ziren Sagardia Goñi familiaren bila, baina 40 metrora beste gorpu bat topatu zuten, 2008an desagertutako Iñaki Indartena, hain zuzen. Gauzak horrela, Sagardia Goñi familiaren bilaketa eten egin zuten, eta Juana Josefak beste urte bi itxaron behar izan zituen haren umeak leizetik atera ahal izateko. Nolakoak diren gauzak, baina, ia mende baten ostean, osina madarikatuta egongo bazen bezala, indarrez desagerrarazitako beste biktima bat isiltasunaren zulo berean ezkutatu zuten, nahita ote? Egiaren barrenera sartzeko bidea, aldiz, irekita zegoen jada, eta Iñakirekin batera, Juana Josefa Goñik haren umeak aterako zituen handik.
Estatu-kolpeak eta geroko gerrak eta diktadurak miseria eta errepresioa ekarri zuten, eta horrekin guztiarekin batera beldurra. Ezaguna zen Juana Josefa Gaztelun, eta ezagunak ziren haren umeak, hala ere, egun batetik bestera desagertu ziren eta haiekin batera haien izenak. Horregatik, berriro joan ziren Gaztelura egiaren bila. Leizearen barruan harriak, makilak, zaborra, hildako animaliak... topatu dituzte, eta bai, hori guztia garbitu ostean, horren guztiaren azpian, Sagardia Goñi familia agertu da. Behin beldurra kenduta, 80 urte igaro eta gero beldurra kenduta, lortu dute 50 metrora eta zaborrez estalita zegoen egia argitara ateratzea.
Berandu izan da Jose Martinentzat, 2007an hil baitzen Iruñean, haren familiatik oso hurbil, baina egia argitaratzetik oraindik urrun. Ez da inoiz berandu, ordea, justizia egiteko. Kondairaz mozorrotuta zegoen isiltasuna apurtu egin da, eta herriak, behingoz, beldurrari, lotsari agian, egin dio aurre. Juana Josefaren eta sei ume horien historiak agerian utzi du estatu-kolpeak familietan eragindako mina. Emakume gaztea, haurdun, senarra eta seme nagusia etxetik kanpo, diru barik, gose, baratzeetatik lapurtzera behartuta seme-alabei jateko eman ahal izateko, eta horregatik, baliabiderik ez izateagatik, indarrez desagerrarazita eta indarrez ahaztuta.
Gogorra izan zen borroka-gunean bizi izandakoa, asko atzeguardian izan ziren errepresaliatuak, fusilatuak kasu askotan, kartzelatuak, bortxatuak, torturatuak, baita erbesteratuak ere. 1936ko estatu-kolpeak ekarritako gatazkaren etaerrepresioaren ondorioz, berriz, askok zeharkako indarkeria ere sufritu zuten. Sagarna Goñiren auziarekin batera errealitate hori ere azaleratu da. Emakume asko bakarrik geratu ziren familiaren zama guztiarekin.
Juana Josefaren egoera oso larria izan zen hasieratik, baina, egia esan, asko egiteko astirik ere ez zioten utzi, ez berari ez haren seme-alabei. Nork desagerrarazi zuen? Hori oraindik ez dakigu, baina badakigu herriak,beldurrak eta goseak kondenatu zuela familia. Beste emakume batzuek zorte handiagoa izan zuten, eta umeak atzerrira bidaltzeko aukera izan zuten, beste batzuek prostituzioa topatu zuten irtenbide bakarra, eta izan ziren prostituitu gabe maite ez zuten gizonarekin ezkontzera behartu zituztenak... baina Sagardia Goñiren historiarekin gertatu zen bezala, familia horiena ere kondairatzat hartzen dugu askotan, «bazegoen herrian emakume bat...». Errepresioaren aztarnak ez daude beti leize baten barruan, baina familia askoren memoria Legarreantopatutako zabor berdinaz estalita dago, beldurrarenaz, lotsarenazagian.
Zorionez, gero eta pertsona gehiago ausartzen dira istorioen historia kontatzen. Kasu honetan, orduan oraindik egiaztatu gabe egon arren, Jose Mari Esparza idazleak Gazteluko historia argitaratu zuen, eta horrek, besteak beste, ahalbidetu zuen aztarnen errealitatea topatzea. Izan ere, gero eta gehiago dira 1936ko estatu-kolpearen osteko errepresioari eta giza eskubideen urraketei buruz egiten diren ikerketak eta gero eta handiagoa da gizartearen parte hartzea ikerketa horietan. Horri esker, Legarrako leizetik ateratako aztarnekin batera, itxaropena ere atera du ikerketa taldeak. Oraindik, zoritxarrez, argitu gabeko kasu asko daude, egia bilakatzeko zain dauden kondairak, baina zenbat eta isiltasun gehiago apurtu, eta zenbat eta errealitate gehiago argitaratu, orduan eta istorio gehiago bilakatuko dira historia.
50 metrora gordetako egia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu