Nazio Batuen Erakundearen jaiotzetik beretik Nazio Batuen Gutunak giza eskubideen inguruan xedatzen zuena definitu eta zehaztuko zuen tresna juridikoa sortzea izan zen helburua. Honela, Giza Eskubideen Batzordeak lanari ekin zion 1946an. Hasiera batean Deklarazioa, Ituna eta neurri zehatzak jasotzen zituen dokumentua egitea planteatu bazen ere, laster estatuak konpromiso sendoak hartzeko uzkur zirela eta, pragmatismoz jokatzea erabaki zen. Ondorioz, funtsezko giza eskubideak jasotzen zituen dokumentua adostu zen, eta 1948ko abenduaren 10ean, Parisen, aurkako botorik gabe onartu zen Giza Eskubideen Nazioarteko Deklarazioa.
Eztabaidak baldintzatzen zituen Gerra Hotzaren testuinguru horretan, eta giza eskubideen zein gizartearen inguruko kontzepzio ezberdinak gorabehera, Deklarazioak lortu zuen eskubide zibil eta politikoak eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak bat ekartzea, era orekatuan. Alta, loteslea zen nazioarteko tresna juridikoa lantzeari ekin zitzaionean, bloke kapitalista eta sozialistaren arteko liskar ideologikoak ekidin zuen giza eskubide horiek guztiak batera jasotzea, Deklarazioan egin bezala. Honela, ia bi hamarkada geroago, 1966ko abenduaren 16an, gaur duela 45 urte hain zuzen ere, batetik, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna (EZPNI) eta, bertzetik, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna (EESKNI) onartu ziren, biak giza eskubideen alorrean lehenengo nazioarteko itun lotesleak izanik.
Egun, 167 herrialdek berretsi dute Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, hots, askatasun printzipioari erantzuten dioten giza eskubideak, «lehen belaunaldikoak» ere deituak. 160 herrialdek dira Eskubide Ekonomiko, Sozial etaKulturalen Nazioarteko Ituna berretsi dutenak, berdintasuna erdiestea xede duten eskubideekiko konpromisoa hartuz («bigarren belaunaldiko eskubideak» direlakoak). Bi dokumentutan banatuak egon arren, giza eskubideen bi kategoria hauen zatiezintasuna eta interdependentzia espresuki jasotzen da itun bien hitzaurre berdin-berdinetan.
Alor honetako eztabaidak oparoak direla jakitun, EZPNI eta EESKNIren urtemuga honetan hausnarketa xumea plazaratu nahi nuke. Itun bien 1. artikuluek aitortzen dute herriek autodeterminaziorako duten eskubidea, horren arabera beren izaera politiko eta garapen ekonomiko, sozial eta kulturala ezarriko dutelarik.
Herria kontzeptu bera zein autodeterminazio eskubidearen saihets politikoa hizpide dituzten eztabaida mamitsuak oraingo honetan alde batera utzita, eskubide honen alderdi ekonomikoari helduko diot, EESKNIk ezarritako xedapen batekin batera. Bertzeak bertze, itun honetan lana, hezkuntza, osasuna eta gizarte segurantza eskubideak asetzeko neurriak hartzera konprometitzen dira estatuak, beren ahalmen ekonomikoen arabera eta nazioarteko lankidetzaren laguntzaz. Hau da, EESKNIk jasotako eskubideak aurreranzko egikaritzekoak dira, hots, pixkanaka-pixkanaka burutu beharreko eskubideak. Hala ere, 5. artikuluak propio xedatzen du eskubide hauen aurreranzko egikaritzea mugatzen edo oztopatzen duten neurri atzeragarrien debekua.
Hala, bada, bizi dugun krisialdi ekonomiko garaian, Europan egunetik egunera zerbitzu sozialen murrizketa gehiago ikusten ditugun honetan, agerian geratzen da pertsona eta bere garapen osoa ez direla hemengo gobernuen lehentasuna. Estatuak «lehen belaunaldiko eskubideek» eskatzen duten laissez-faire-ra mugatzen ari dira gero eta gehiago, I. Mundu Gerraren ondoren sortutako eskubide sozial, ekonomiko eta kulturalen aldarrikapenak eskatzen duen jokabide aktiboa izateari muzin eginez. Kapitalaren interesak dira herrien etorkizun ekonomikoa taxutzen ari direnak, beren nazioarteko konpromisoei bizkarra ematen dieten gobernuak lagun.
Bertzalde, gaur egun EESKNIk ikuskapen mekanismo bakarra eta ahula du: estatuek beraiek Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeari igorritako aldizkako txostenak. 2008an onartutako Hautazko Protokoloak jakinarazpen indibidualak aintzat hartzea ahalbidetuko badu ere, oraindik ez da indarrean sartu, eta horren ondoren ere estatu sinatzaileei eraginen lieke bakarrik.
Honen guztiaren ondorioa argia da: goragoko instantziek egin dezatela itxarotea, baina herritarrok gara EESKNIren edukiak inolako atzerakadarik gabe bete ditzatela exijitu behar diegunak gure gobernuei. Hitzak hitz, gobernuen jokabide konkretuak egun 45 urte bete arren inoiz baino gaurkoagoak diren Eskubide Zibil eta Politikoen eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunen erreferente sendo eta saihestezinarekin alderatu behar ditugu. Estatuak urteetan zehar bereganatzen joan ziren giza eskubideekiko konpromiso juridikoa egungo gobernuek konpromiso politikoz berma dezaten aldarrikatu behar dugu. Azken batean, herritarron eskubideen murrizketen aurrean arduragabekeriaz jokatzea eta ez-ikusiarena egitea ekonomiaren krisiarekin batera printzipio eta balioen krisian sakontzeko bide ematea litzateke.
45 urte igaro eta gero, giza eskubideen aldarria indarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu