420 minutu

2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Four-twenty ez da cannabisaren kodea bakarrik, gurean laurehun eta hogei Lehen Arretako sendagile baten eguneko lanaldia ere bada. Gloria Quesada zenak, aspaldiko Osakidetzaren zuzendariak, aitortu zuenez, 2007an minutu horietan medikuek egunero 29 gaixo, paziente, bezero edo pertsona artatzen zituzten batez beste, bakoitzari bederatzi bat minutu eskaintzen zizkiotelarik. Horrek esan nahi du, batak 16,5 eri hartzen bazituen, beste batek 41,5. Edo bestela esanda, estatistikaren arabera oilaskoaren axioma bezala ezagutzen dena: zuk oilasko bat jan baduzu eta nik bat ere ez, zientziak dio biok bapo jarri garela oilaskoa erdi bana janez.

Are okerrago, duela hamabost urteko gehienezko kopuru hura gaur egun ohiko batez besteko bilakatu da. Zer esan nahi du horrek? Bada, Gloria Quesadaren garaiko bederatzi minutu horietan, gaixo bat artatu beharrean, biri erantzun behar dietela gaur eguneko medikuek. Alegia, pertsona bakoitzeko lau minutu eta erdira jaitsi da arreta denbora. Tarte hori bete ezean, sendagileek bere astialditik, lanalditik kanpo, gabeziak bete behar dituzte, gaixoak artatuko badituzte, behinik behin. Osakidetzako arduradunentzat hori efizientzia izan daiteke, erabiltzaileontzat, berriz, Osakidetzaren kalitatearen galera. Eta ez, gaixoen aurrean dauden medikuek ez dute kalitate-galera horren errua.

Osakidetzaren arduradunak tipula negarrez kexu dira egoera horretaz, ez baitute aski sendagile nahiko luketen arreta eskaintzeko. Baten batek pentsatu beharko luke Lehen Arretako medikuak zergatik doazen beste espezialitate batzuetara, edo zergatik uzten duten medikuntza beste arlo batzuetan lan egiteko, edo zergatik hartzen dituzten ordaindu gabeko eszedentziak. Eta hori guztia sei urteko ikasketak, urte beteko MIRaren prestaketa eta lau urteko Erresidentzia egin ondoren. Hori guztia egindakoan, ondo jantzitako 30 urteko profesionalak dira. Zergatik galarazi inbertsio eta ondare hori guztia, sendagileak maitatu, zaindu eta babestu beharrean? Horrek guztiak ez ote du ematen zer pentsatu?

Osakidetzak dirua aurreztu nahiko balu, agian medikuntza prebentiboa indartu beharko luke murrizketak ezarri beharrean; batez ere kontuan izanik mende erdia igaro dugunok garela Lehen Arretako bezerorik zintzoenak, erabiltzaile guztien bi herenak gainditzen ditugulako. Eta medikuntza prebentiboak behar ditu baliabide egokiak zeregin hori eraginkortasunez betetzeko.

Lehen Arretak ez dauka milioi askotako makina garestirik, ez eskanerrik, ez partikula-azeleragailu linealik. Gu, gaixook, Lehen Arretako kontsultara goazenean sendagilea ikusten dugu mahaiaren beste aldean, eta, sendatuko gaituelakoan, harengan jartzen dugu gure esperantza, hari azaltzen dizkiogu gure egoera eta beldurrak, barnekoenak badira ere. Guk esaten diogu, ahal dugun bezala, zer gertatzen zaigun, berak interpreta dezala osasunaren ikuspunturik zer dugun. Eta hark minutu gutxi batzuetan entzun, arakatu eta diagnosi bat ezarri behar du.

Baina bada besterik, guk ikusten ez duguna: sendagileen prestakuntza saioetan jardun; ardura administratiboak egin; etengabe ikasi; bere pazienteen kupoaz gain lankideenak ere bete, ez baitute ordezkorik; MIReko ikasleak tutorizatu; gaixoen jarraipena egin, nahiz eta horiek kontsultara joan ez... Eta hori guztia gutxi balitz, paziente eta sendagileen arteko harremanak kudeatu behar ditu, harreman horiek beti ez baitira errazak, pazienteak dakarren estresa eta haren testuingurua kontuan harturik.

Osakidetzaren jokabidea eta Lehen Arretak aspalditik daukan abandonua ikusirik, beldur naiz Lehen Arretari ez ote zaion gertatuko asto harena: jabea kexu zen astoa jan barik bizitzen ohitu zuenean, hil baitzitzaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.