Duela 40 urte, eliteek bere eredu politiko, sozial eta ekonomikoa erabakitzeko eztabaida eta ahalmena lapurtu zizkioten Nafarroako gizarteari. Egiazki, Nafarroak ez zuen ezer erabaki. Nahi duten bezala aurkezten ahal digute Foru Hobekuntza, baina Espainiako Konstituzioaren menpeko autonomia estatutu bat da, besterik ez. Hala ere, beste batzuk ez bezala, gure estatutua ez da inoiz erreferendum baten bidez onartu.
Hobekuntzak argi eta garbi erakusten digu Nafarroako elite erreakzionarioek historian zehar izan duten portaera; herriaren borondatearen eta beharren gainetik Nafarroa Espainiako oligarkiaren eta Konstituzioaren menpeko eremu bat bihurtzeko duten interes berezia. Marko politiko guztiak apustu ekonomikoak dira, eta Nafarroan ezartzen zaiguna patronal nafarraren zutabe ekonomikoak oinarritzera dator, UGT eta CCOOren traizio politikoarekin.
Foruaren Hobekuntza proposamen baztertzaile baten emaitza izan zen, urduri baitziren hainbat eskakizun —besteak beste, lan hobekuntzak, askatasun sindikalak, demokrazia osoa eta autodeterminazio eskubidea— aldarrikatzen zituen Nafarroako langile-klasearen bultzada ikusita.
Estatuarekin zerbait negoziatu zelako itxurak egin zituzten, baina akordioa Madrilen itxita zeukaten. Alderdi guztiak baztertzea erabaki zuten, UPN, PSOE eta UCD izan ezik. Nafarroako Parlamentuaren %33 kanpo utzi zuten, eta erakunde sindikalak gutxietsi zituzten. Politikari gutxi batzuek sasiko autonomia estatutu bat aurrera eraman zuten.
Nafarroako Langile Mugimendua trantsizio garai batean zegoen. Alde batetik,estatuko sindikatu batzuk (CCOO-UGT) saiatzen ari ziren frankismoaren azken urteetan eta trantsizioaren hasieran sortu zen langile mugimendu indartsuaren autoantolaketa eta kontrabotere asmoak hutsaltzen. Bestetik, ezker sindikaleko zenbait korronte (SU, CSUT, LAB...) CCOO eta UGT sindikatuek bultzatzen zuten instituzionalizazioari eta erreformismoari aurre egiten saiatzen ziren.
LAB sindikatuak bere betiko jarrera berresten du: haustura demokratikoaren jarrera, 78ko Erregimenaren aurkako jarrera. Berrogei urte igaro ondoren, Hobekuntzak utzi digun saldoa defizitarioa da. Hala da demokratizazioari dagokionez, baina baita bizi- eta lan-baldintzei dagokienez ere.
Begien bistakoa da Nafarroak lan eta gizarte politika propioak erabakitzeko ahalmen mugatua duela. Areagotu egin dira pandemiaren, gerraren eta sistemak eragindako krisien ondorio sozial, ekonomiko eta politikoei aurre egiteko Nafarroako erakundeek dituzten egiturazko gabeziak.
CCOO eta UGT sindikatuen, CEN patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko ekintza-batasunak usurpatu egin ditu ordezkaritza sindikala eta Elkarrizketa Soziala, nahiz eta une honetan ordezkaritza sindikalaren %50 baino gutxiago izan. Horrela, Nafarroako sare ekonomikoaren eta Nafarroako langileen beharrei kasu egin gabe, beren interes politikoak lehenetsi dituzte oraingo estatu-ereduari eta beren gizarte- eta lan-harremanen esparruari eusteko.
Horixe da 40 urte betetzen dituen Hobekuntzaren benetako balantzea. Patronalaren eta Nafarroako elite ekonomikoen neurrira egindako sasi-autogobernu aldakor bat dugu: zentralista agertzen da langile-klaseari eskubideak ukatu nahi zaizkionean, eta foralista Estatuaren eta elite erreakzionarioen interesak bere horretan mantendu nahi direnean (fiskalitatea, esate baterako).
Behar-beharrezkoa da egungo indar korrelazioa aldatzea, kontzientzien eraldaketan aurrera egitea eta agerian jartzea funtzionamendu modu hori eta politika horiek desagerrarazi behar direla. Hauteskunde sindikalen emaitzak erakusten ari dira gero eta langile gehiagok Hobekuntzaren eredu politiko eta sozioekonomikoa gainditzearen alde egiten dutela.
Etorkizunari begira, Nafarroak tresna berriak behar ditu. Erakundeen burujabetzarako proiektu sendo bat behar dugudatozen egiturazko erronka handiei aurre egiteko. Tresna berriak behar ditugu, herri gisa, gure lurraldeko gehiengo sozialaren eskakizun sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak bermatu eta ahalbidetzeko.
Ezinbestekoa da, beraz, eztabaida prozesu zabal eta mugarik gabea irekitzea Nafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalari buruz, eta Espainiako Estatuarekin eta gainerako euskal lurraldeekin izan nahi ditugun harremanei buruz. Gizarte eta lan eremuari dagokionez, ezinbestekotzat jotzen dugu lan harremanetarako eta gizarte babeserako esparru propioa eratzea, bai eta lan kode eta gizarte segurantza propioa ere. Espazio sozioekonomiko propioa, eskumen osoekin eta gizarte eta lan arloko gaiak erabakitzeko gaitasunarekin.
Duela 40 urte eztabaida lapurtu ziguten. Orain, nafarroi dagokigu gure etorkizuna erabakitzea, askatasunez eta demokratikoki. Defizit historiko hori zuzentzeko unea iritsi da; Nafarroako herritarrei hitza eta botoa emateko unea da.
Kapitalismoan langileok ez dugu etorkizunik. Aldaketak behar ditugu, bai ekonomian, bai eredu instituzionalean. Eta hori guztia posible egin behar dugu hemen, Nafarroan, Euskal Herrian. Kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea herriz herri jorratu beharreko gai globala da. Hori egin ahal izateko, Nafarroak bere subiranotasuna berreskuratu behar du. Madrilen posible ez diren aldaketak Nafarroan gauzatu ahal izateko. Sindikalismo subiranistak ezin dio izkin egin gai horri. Altxa gaitezen! 40 urteren ondoren, hemen jarraitzen dugu. Egin dezagun posible!
40 urteren ondoren, egin dezagun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu