Berrogei urte bete dira 1982ko azaroaren 24an Carlos Garaikoetxea lehendakariak 10/1982 legea sinatu zuenetik, Euskararen Erabilera Arauzkotzezko Legea izenarekin.Gerora, ofizialki beste modu batera berrizendatu zuten, baina deituraofiziala laburtuz Euskararen Legea izenarekin erabiltzen da herritarren artean.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mugarria izan zen lege hura. Hiru urte lehenago onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua, eta euskarari hizkuntza ofizialaren izaera aitortu zitzaion, gaztelaniarekin batera. Autonomia Estatutuak bi hizkuntzen ofizialtasuna ezarri zuen, eta haren ildotik landu eta garatu zen hiru urte geroago onartu zen Euskararen Legea.
Oinarrizkoa izateko helburuarekin sortu zen, eta, beraz, euskara alor guztietan normalizatzeko araubidea ezarri zuen. Hizkuntzari dagokionez herritarren eskubideak eta erakunde publikoen betebeharrak zehaztu zituen, euskararen erabilera arautzeko alorrekin batera.
Besteak beste, administrazioan, justizian, irakaskuntzan edota hedabideetan, ordura arte erakunde publikoetatik egin gabekoa egiten hasteko modua jarri zuen. Gizarte erabilerari dagokionez, berriz, helduen euskalduntzeari eta erabilera bultzatzeko ardurei buruzkoak ere bildu zituen.
Bazituen beste hainbat kontu ere legeak, baina asko laburtuz horiek izan ziren batez ere nabarmendu zituen esparruak. Horrek guztiak aldaketa handia ekarri zuen, eta euskararen lurraldearen zati batean ofizialtasuna aitortuta, ofizialtasuna garatzeko bideak zabaldu zituen. Harrezkero, Euskararen Legearen haritik heldu diren erabakiak eta horiek ekarri duten aldaketa oparoak izan dira euskararentzat. Baina argi dago ez dela nahikoa izan euskara erabat normalizatzeko.
Hasteko, legea adostasun eta babes zabalarekin sortu eta abiatu zen, eta adostasun horrekin bildu zituen artikuluak ere. Udalerri euskaldunen ikuspegitik, esaterako, garrantzitsua zen legearen 8.3 artikulua: «Herri aginteek euskara bakarrik erabili ahal izango dute toki-administrazioaren esparruan baldin eta, udalerriaren ezaugarri soziolinguistikoak direla-eta, herritarren eskubideak kaltetzen ez badira». Euskara hutsean aritzeko eskubidea aitortu eta bidea zabaldu zien udalerri euskaldunei, betiere legea betez herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu ondoren. Espainiako Konstituzio Auzitegiak, ordea, baliogabetu egin zuen 8.3 artikulua 1986an, eta, harrezkero, udalerri euskaldunek legearen aurrean babesik gabe aritu behar izan dugu gure eskubideen defentsan, ahal diren zirrikitu guztiak baliatuz elebitasun orekatua gainditzeko eta euskarari dagokion lehentasuna emateko, desoreka egoeran dagoen edozein hizkuntza gutxituren biziberritzeak eskatzen duen moduan.
Aurrera egiteko eta bidea zabaltzeko borondatea izan dugu, baina legearen babesik gabe. Ondorioz, luzea izan da udalerri euskaldunek urte hauetan guztietan epaitegietan egin beharreko bidea, elebitasun orekatua gainditzeko eta euskara lehenesteko gure erabakiek aurrean izan dituztelako epaileak eta garaian garaiko Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Epaileen interpretazioaren eta borondatearen arabera ibili gara, orain bai, orain ez, ahal izan dugun moduan bidea egiten, euskarari dagokion lekua emateko borondate politiko sendoa eta argia izan arren. Horregatik, oraindik ere zirrikiturik gabeko legeak behar ditugu, udalerri euskaldunen izaera eta garrantzia aitortu, eta euskara normalizatzeko benetako neurriak oztoporik gabe hartzeko.
Borondate politiko sendoa giltzarria baita, baina ausardia eta aurrera egiteko gogoa izan arren, neketsua eta oztopoz betetakoa da bidea legearen benetako babesik gabe. Eta, era berean, legeak babesten dituenak ere hutsalak dira borondate politiko argirik gabe. Eskubideak hitz hutsak dira, gero eskura biderik ez badago. Berrogei urte bete dituen lege hau adibide ederra da hori guztia islatzeko: informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea ez dator bat telebista publikoan euskarazko katea ahulena eta babesgabeena izatearekin, edota publizitate instituzionala batez ere erdarazko hedabideetara bideratzearekin. Eta zer esanik ez berrogei urteren ondoren epaitegietan edota Ertzaintzaren aurrean euskaraz aritzeko ditugun zailtasunekin eta eragozpenekin. Legeaz gain, legean bildutakoa garatzeko borondate politikoa ere behar da. Bestela, gaur egungoa bezalako bidegurutzea agertuko zaigu gerora ere: euskararen ezagutzak gora egin arren, gero eta herritar euskaldun gehiago egon arren, euskara erabiltzeko aukerak eta hautuak ez dira herri bezala aurrera egiteko behar ditugunak izango.
Uema beste hainbat erakunde publikorekin azkenaldian egiten ari den ikerketek gero eta argiago erakusten dute ez dela nahikoa ezagutza soilik bermatzea, gero erabiltzeko aukerak murritzak baldin badira. Legearen alderdi batzuk garatu arren beste batzuetan lasaiegi aritu izanaren ondorioak orain ari gara ikusten, udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoan agerikoa den moduan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskarak aurrera egin du berrogei urte bete dituen lege honekin eta herritarren ahaleginarekin. Jauzi handia eman du alor askotan. Baina ez da nahikoa, inguratzen gaituzten erdara nagusiek guk baino askoz gehiago egin baitute aurrera. Mundua erabat aldatu da berrogei urtean, eta aldaketa horiei erantzungo dieten egiturazko erabakiak behar ditugu, benetan euskaraz bizi ahal izateko, esparru guztietan eta euskararen lurralde osoan. Benetako borondate politikoa behar dugu. Berrogei urte barru ere euskaraz aritzea ahalegin indibiduala soilik izan ez dadin.
40 urte legearen eta borondatearen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu