Orain dela bi urte-edo prentsara bidali nuen artikulu bat izenburu honekin: Eusko Jaurlaritzak zer egin dezake euskararen alde? Besteak beste, eskutitz horretan kexu agertu nintzen 40 urtean ez nituela sekula entzun Donostian bi, hiru edota lau ertzain haien artean euskaraz hitz egiten. Dagoeneko bi urte pasatu dira, eta lehengo lepotik burua. Nik (egoera lotsagarri eta kezkagarri hori aldatzen joatea nire erantzukizuna ez bada ere), hainbat hausnarketa idatzi nituen eskutitz hartan. Euskararen biziberritze prozesuan dudan esperientzia xumean oinarriturik, hainbat aholku idatzi nituen.
Laburbilduz, adierazi nuen hainbat urtetan goi mailako lanbide hezkuntzan hainbat klase eman nituela, eta askotan urte berean asignatura berberak euskaraz zein gaztelaniaz ematen nituela. Ildo horretatik aipatu, D ereduko ikasleen artean ikasle batzuk beti euskaraz hitz egiten zutela, eta beste hainbat ikasle ikaskide batzuekin euskaraz eta beste batzuekin gaztelaniaz aritzen zirela. Bazeuden ere euskaraz irakasleekin bakarrik berba egiten zuten ikasleak. Aldiz, gaztelaniaz ematen nituen klaseetan %30-40 euskaldunak (alegia, euskaraz bazekiten mintzatzen) eta gainerakoak erdaldunak ziren, eta ikasleen arteko ia harreman denak gaztelaniaz izaten ziren, bai euskaldunen artekoak, bai noski erdaldunen artekoak ere. Beraz, Donostian ertzainak binaka, hirunaka edo launaka egoten direnean beti gaztelaniaz entzun izanak pentsarazi zidan egoera horren eragileetariko bat izan zitekeela ertzain izateko formazioan ia asignatura edota gai guztiak gaztelaniaz eman izana.
Ikusirik egoera ez dela batere aldatu bi urte pasatu ondoren, Ertzaintzaren web orrira sartu naiz, jakiteko zer duten idatzia ertzainen euskararen erabilpena handitzeko. Web orri horretan hainbat informazio dago. Adibidez, badago ekitaldi bat, Ertzaintzaren goi mandatari batzuk zuzendu zutena ertzain etxe batean 2023ko abenduaren 3a zela eta (Euskararen Nazioarteko Eguna). Bertan, besteak beste, Ertzaintzaren goi mandatari batzuek zein kaleko hainbat ertzainek euskararekin izandako esperientziaz hitz egin zuten, eta euskarari begira haiek dituzten jarrerak azaldu zituzten.
Kuriosoki, orain dela bi urte nik prentsan proposatu nituen hainbat aholkuk oihartzuna izan zuten ekitaldi hartan. Dirudienez, aholku horietariko batzuk haientzat erronkak izango dira.
Ekitaldi horretan (edota beraien web orrian dagoen idazkiren batean) esaten da Arkauten ertzaingai diren ikasleei eskaintzen zaizkien asignatura guztien %97 inguru gaztelaniaz izaten direla. Aipatzen da ere ertzaingai batzuei, alegia C1 Hizkuntza Eskakizuna egiaztatuta dutenei, formazio klaseak euskaraz ematen zaizkiela. Horrekin batera, aipatzen dute ertzaingaiei ematen dizkieten asignaturen artean asmoa dutela euskaraz gero eta asignatura gehiago emateko.
Bestetik, web orri berean, besteak beste, 2018-22 urteen artean gauzatu zuten euskararen erabilpena handitzeko plangintzaren ebaluazioaren emaitzak ageri dira. Horri buruz bi gauza esan nahiko nituzke. Batetik, hainbat helburu bete diren edo ez jakiteko ez da egin ebaluazio sistematikorik. Eta bestetik, esaten zaigu ebaluazioaren unean ertzain guztien %61 inguruk egiaztatu dutela 1. Hizkuntza Eskakizuna edo 2. Hizkuntza Eskakizuna. Zoritxarrez ez digute esaten zein ehunekotan egiaztatu duten 1.H.E eta zein ehunekotan 2.H.E.
Euskararen erabilera Ertzaintzan handitzeko gaur egun indarrean dagoen plangintza 2023-27 urteen artekoa da. Hor idatzitako helburuak lortuko balituzte, balekotzat eman zitekeen plangintza, nire uste apalean. Dena den, oso garbi ikusten dut gaur egun C1 eskakizuna egiaztatzen duten ertzaingaiei formazioa euskaraz ematen badiete, euskarazko formazio hau ere eskaini beharko lieketela B2 egiaztatuta daukaten ertzaingaiei. Izan ere, ertzain izateko eskatzen dituzten baldintzen artean bat da Batxilergoa edo haren baliokidea gaindituta izatea. D ereduan Batxilergoa gaindituta duten ikasleei euskararen B2 maila egiaztatutzat ematen diete automatikoki. Beraz, B2 egiaztatuta daukaten ertzaingaiak formazioa euskaraz jasotzeko egoeran daude. Horrela eskainiko balitzaie, euskararen erabilpenari mesedea egingo lioke.
Ertzaingaiei formazioa ematen dieten irakasleak gaur egun ez badaude prestatuta klaseak euskaraz emateko, badute birziklatzerik. Badaude bideak klasea eman behar dutenak euskaraz emateko trebatuak izan daitezen. Ez al da egia Derrigorrezko irakaskuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako zein unibertsitateko milaka irakasle trebatu eta gaitu direla euskaraz irakasteko?