Lankidetzarako euskal politikek 30 urte betetzen dituzte 2018an. Duela hiru hamarkada, gizartearen eskaeraren eta zenbait elkartasun-adierazpenen ondorioz, euskal erakundeek lehen aldiz funtsak bideratu zituzten lankidetzarako; hain zuzen ere, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeok (GGKE) esku hartzen genuen pobretutako guneetan pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokan laguntzeko. Hala, gaur egungo Euskadiren oinarriak finkatu ziren: XXI. mendeko gizarte ireki bat, plurala, askotarikoa, globala eta pertsona guztiei giza eskubideak bermatzeko konpromisoa bere egiten duena.
Erakundeak, GGKEekin eta euskal gizartearekin batera, beren lankidetza-politikak eratzen joan ziren, nortasun eta izaera propioarekin, baina helburu bateratu batekin: urruneko lurraldeetan milaka pertsonak bizitza duina izan dezaten laguntzea eta, horrela, haien oinarrizko eskubideak bermatzea.
2007an, Garapenerako Lankidetzari buruzko Legea onartu zen Eusko Legebiltzarrean; han, euskal erakundeetako aurrekontu guztietan %0,7 lankidetzara bideratzeko erronka ezarri zen. Nahiz eta ez-betetzeak sistematikoak izan diren eta krisi-garaian aurrekontu-murrizketak egin diren, euskal lankidetza-politikak erreferente izan dira Estatuan.
Bide horretan, Euskadik bizitza aldatzen lagundu die milaka pertsonari; izan ere, lankidetzaren bidez, lagundu egiten dugu giza eskubideak betetzen direla bermatzen, hala nola hezkuntza, osasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, eta ura eta saneamendua eskura izatea.
Euskadiko herritarrok ere asko ikasi dugu herrialde pobretuetatik, eta horrek guri ere lagundu digu aldatzen. Orain, badakigu gure inguruan gertatzen denak baduela lotura urruti dauden beste leku batzuekin; badakigu, halaber, zenbait pertsona oparotasunean eta gehiegikerian bizitzeko, beste batzuk gabezian edo pobrezian bizi direla, eta horren ondorioak pairatu behar dituztela; badakigu emakumeek eta gizonek eskubide eta aukera berdinak ez badituzte, ez dagoela gure gizartea aldatzerik; eta pertsona ilegalik ez dagoela, baizik eta pobrezia eta desberdintasunak eragiten dituzten kausak direla ilegalak...
Azken finean, gaur egungo mundu globalaren erronka handiei aurre egiten laguntzen ari gara, gure ehun ekonomikoaren, kulturalaren eta sozialaren berezitasunetatik eta ahalmenetatik abiatuta.
Eta munduko desorekak eta desparekotasunak berez sortzen ez direnez, biztanleriaren zati handi baten garapena oztopatzen duten kausak salatu behar ditugu. Posible da beste gizarte-eredu baterantz aurrera egitea. Eredu horretan, pertsonek, banaka eta era kolektiboan, elkarri begiratuko eta entzungo diote, arazoak partekatuko dituzte eta elkarri lagunduko diote arazo horiek konpontzen; eta gainera, pertsona guztiak bat etorriko dira funtsezko printzipio batekin: desberdintasunen eta bidegabekerien aurrean, ezin da axolagabetasuna onartu. Eta horretarako, gizarte-politikak lehen mailan jarri behar dira, eta haien artean lankidetza-politikak, pertsonei eta pertsonen eskubideei ematen baitiete lehentasuna.
2018an, 30 urte betetzen ditu Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, lankidetzan aritzen diren 79 euskal GGKEz osatuta dagoena. Lorpen eta aurrerapauso asko erdietsi ditugu urte hauetan, baina aurrera begira ere erronka handiak ditugu. Hala, GGKEok berretsi egiten dugu lankidetzarekin dugun konpromisoa; izan ere, milaka pertsonarentzat oinarrizko premia izateaz gain, konpromiso etiko eta morala da, eta gure gizarteak berretsi egin zuen hori duela hiru hamarkada, mundua aldatzeko gakoa justizia eta elkartasuna direla erabat sinetsita.
Hori dela eta, aurten euskal GGKEok are ahalegin handiagoa egiten dugu kalera ateratzeko, herritarrekin elkartzeko asmoz eta 30 urte hauetan gure gizartean eta gure planetako gune zaurgarrienetan utzitako aztarna ezagutarazteko asmoz.
30 urte aztarna uzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu