3.0 enplegua, flexiaskatasuna... betiko leloaren betiko leloa

Gaizka Suarez Iparragirre. Leire Arrutia Lopez
2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Azkenaldian koloredun motxiladaramaten txirrindularien inbasioa ikusten ari gara Bilbon. Ez, ez da PNVk Frantziako Tourraren etapa bat lortu duela. Modernitatearen azken nobedadea diren banatzaileen aurrean gaude: 9 kilo baino gutxiago eta 40x40x30 neurriko motxila batean sartzen den edozer gauza eramateko gai direnak. Izan ere, badira 2 hilabete Glovo edota Deliveroo bezalako enpresak Bilboko kaleetako elementu bat gehiago bihurtu direla.

Halaere, 9 kilo baino pisutsuagoa den zama daramate euren bizkarretan: euren bizitzak baldintzatzen dituen prekarietate laboral sistematikoa. Lan merkatu prekarioaren irudi berria dira, eta, era berean, langile klasearen paradigma berriaren erakusle. Banatzaile horiek euren bizikleta edo motorra jartzen dute, autonomo moduan alta ematen dute, gerta daitezkeen gorabehera guztien gaineko erantzukizuna hartzen dute (trafiko istripu eta matxurak, adibidez) eta ez dute sosik ikusten oporrak hartu edota gaixotuz gero. Enpresak egiten duen lan bakarra zera da: banatzaileak eta zerbitzu hori eskatzen duen jendea harremanetan jartzea. Eta hori guztia plataforma digital baten bidez, enpresaburuak are gehiago aurreztu dezan.

Contigent workers deitu zaie; enpresaburuek diru kantitate handia aurreztea posible egiten duten ustezko langile autonomoak, hain zuzen ere. Kotizazio sozialak, opor egunak, kaleratze kalte ordaina... kontzeptu horiek ez dira existitzen euren hiztegian. Autonomoaren figura ezaguna da; ez hainbeste, ordea, banaketan aritzen diren baina plantillan banatzaile bat bera ez duten enpresak. Jokozelai berri bat zabaldu da lanaren esplotazioari zein enpresen irabazien maximizazioari dagokienez.

Eta hori guztia gaztetasun errebeldearen eta modernitatearen itxurapean...Be your own boss bezalako kontzeptu kulturalen zabalpenak zein teknologia berriek jokatzen duten paperak egiten du erakargarria sektore hori gazte askorentzat. Gig economy esaten zaio, hau da, enkargu txikien ekonomia. Enkargu txiki horiek soldataren osagarri bezala saldu dira, bizitza pertsonalera malgutasunez moldatzen direnak, ikasten ari diren pertsonentzako edota diru extra bat behar dutenentzako. Baina errealitatea oso bestelakoa da: enpresa horiek moldatzen dira langileek eskariaren puntu gorenetan lan egin dezaten (asteburuetan), eta, gainera, ez dira gazteak langile potentzial bakarrak, gero eta jende gehiagok sostengatzen du bere bizitza lan honetatik jasotako soldataren bidez.

Badaude zenbait borroka esperientzia estatu mailan zein nazioartean, non langileek antolakuntza eredu desberdinak garatu dituzten. Enplegu horren sorreran sare sozialek funtsezko papera jokatu duten heinean, erabilgarritasun bera dute lan baldintza berdinak konpartitzen dituzten pertsonak kontaktuan jartzeko orduan. Hala izan da Londresen, Berlinen edota Milanen, eta protesta arrakastatsuen ondorioz Deliveroo-k lan eskubideak hobetu behar izan ditu. Estatuan ere mobilizazio ugari egon dira eta horien bidez enpresa hauek euren langileak TRADE-tzat hartzea lortu dute, ekonomikoki dependienteak diren autonomoak, alegia. Figura juridiko horrek lan eskubide gehiago eskaintzen dizkie ustezko «autonomoei», baina ez ditu enpresako langile propiotzat aitortzen. Hala eta guztiz ere, erakutsi dute posible dela hainbat antolakuntza ereduzein aldarrikapen artikulatzea, sektore horietako enpresei hortzak erakusteko.

Enpresa mota horiek ezin hobeto integratzen dira udalek eta multinazional handiek sustatutako hiri eredu berrian. Hirian nagusitzen ari den sare produktiboa multinazionaletan eta kanpotik inportatutako egitasmo eta ikuskizun jendetsuetan oinarritzen da. Guggenheim efektu famatua da. Zerbitzuen kanpora ateratzea, autonomo faltsuak, azpikontratatak, «gazte ekintzaileak»... gure hirian marrazten ari diren enplegu eredua eta unibertso soziala da. Kamareroak, arropa marka handien dendetako dendariak, banatzaile autonomoak, azafatak... Hori da etorkizuna.

Ezinbestekoa da borroka esperientzia desberdinak batzea, bai gazte mugimendutik, mugimendu feministatik eta mugimendu sindikaletik ere. Sareak sortzea da gai hauetan inplikatuta gauden eragile ezberdinek egiteke ditugun lanetako bat eta erronketako bat. Konfiantzakoak eta politikoki operatiboak izango diren sareak, hain zuzen ere. Subjektu hautsien eta kontzeptu politiko dispertso eta lausoen garai honetan, premiazkoa da hainbat ikuspuntu artikulatu eta langile klasearen errealitate berriei erantzutea. Esan bezala, premiazkoa, ezinbestekoa eta beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.