25. urtemugan beste lege bat nahi dugu

2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Abenduaren 15ean Vascuenceren Legeak 25 urte bete ditu. Nafarroan euskararen normalizazioan talka handia ekarri duen marko juridikoa. Izan ere, legeak euskara lurralde osoan ofiziala ez izateko oinarria jartzen du. Vascuenceren Legeak herrialdea hirutan zatitzen du, eta soilik eremu vascofonoa deitua izan den horretan da euskara ofiziala. Gaztelania, Nafarroan, berezkoa, ofiziala eta ezagutu beharrekoa da. Euskara berezkoa da, partzialki ofiziala eta ez da ezagutu behar. Estatus desoreka hori normalizazioa eragozten duen oztoporik handienetako bat da.

Hori dela eta, lege berri batek bestelako baldintzak ezarri beharko lituzke: euskara ofiziala Nafarroa osoan, ezagutu beharrekoa, lehentasunezkoa, jardun mota guztietan...

Bestalde, helduen euskalduntzean aritzen garenontzat lege honek gure lana bukaezina bihurtzen du. Beste behin, gogora ekarri nahi dugu AEK-ko euskaltegion bilakaera naturala desagertzea dela. Vascuenceren Legeak, ordea, 18 urte betetzen dituztenean eskolan euskara ikasi ez duten 60.000 gazte egotea dakar.

Horrez gain, aipatzekoa da ere, Vascuenceren Legean alor asko eta asko batere arautu gabeak direla, eta horietan euskararen normalizazioak ez du euskarri legalik eta herritarrak babesgabetasunera zigortzen ditu Nafar Gobernuak. Helduen Euskalduntzearena horietariko bat da. Beraz, gure ustez,lege berri batek hauxe jaso beharko luke:

1. Helduen euskalduntzeak euskararen normalizazio prozesuan duen garrantzia kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak bitarteko egokiak jarriko ditu eskaintza osoari atenditzeko. Bestalde, helduek euskara ikas dezaten sentsibilizazio kanpainak bultzatuko ditu. Euskaltegi oro baldintza egokitan ari dadin beharrezkoak diren bitarteko ekonomikoak luzatuko ditu gobernuak.

2. Administrazioak ahalegin berezia eginen du irakasleriaren prestakuntza bermatzeko, hala nola ikasmaterialaren sorkuntzan.

3. Lan mundua euskalduntzeko plangintza bereziak bultzatuko ditu Nafarroako Gobernuak.

4. Euskara ikastea dohainekoa izanen da ikasleentzat. Horretarako, administrazioak bitarteko ekonomikoak jarriko ditu edo beka sistema egokia bermatuko du.

Euskaraz bizitzea da egoera honi buelta emateko proposatzen dugun erronka. Euskaraz bizi nahi dugunok euskaraz bizi ahal izatea, hain zuzen ere. Euskararen normalizazioa erdiesteko asmoz, herritarrek izan dituzten lorpenak handiak izan dira. Bide horretan sakonduz, aurrera jarraituko dugu. Horretarako, euskaraz bizi nahi dugunok harrotasunez halaxe eginen dugu: euskaraz bizi. Eta, hautu horren ondorioz, euskararen normalizazioa ekarriko duen olatua bultzatuko dugu. Bide horretan, herri gogoaz gain, beste baldintza politikoak, ekonomikoak eta, esan bezala, juridikoak ezinbestekoak dira.

Lege berri bat, euskaraz bizi nahi dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.