20ko hamarkada, amets itsuen alde

2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Peaky Blinderstelesail ezagunean, 20ko hamarkadan Birminghameko industrializazioa aprobetxatuz eta mafia taktikak erabiliz aberastu den Tommy Shelby ijitoak Winston Churchill lehen ministroarekin duen elkarrizketan hala kontatzen du berehistoria: «Nire amona kanpaleku batean jaio zen; nire ama, txalupa batean. Ez daukat jaiotza ziurtagiririk inoren aurrean erakusteko». Etahala erantzuten dio Churchillek, habanoari pare bat zupada eman ondoren: «Kanpalekua, ondoren txalupa, gero etxe bat eta orain jauregia daukazu. Ez dago txarto, e?».XX. mendeko 20ko hamarkadan kapitalismoak izan duen hazkuntza «zoriontsuaren» lurrina igarri dezakegu Shelbyren azalean. Nork eta jatorri xumeko ijito familia bateko semeak inperio bat eraiki dezake, baldin eta joko-arauak ondo interpretatzen asmatzen badu. Negozioa eta odola, telesailak nahiko garbi lagatzen du zein den Ingalaterrako botere konfigurazioan lekutxo bat lortzeko bidea.

Shelbyren arrakastan badirudi kapitalismoak torloju eta ardatz guztiak zorroztu dituela, merkataritza nonahi eta noranahi. Lehen Mundu Gerrak eta Spanish fluaren pandemiak Europari ekarri zion hondamendiaren ondoren, 1920ko hamarkadan zoriontasuna iritsi zela iruditu zitzaien behingoz, behintzat Europako finantza eta industria oligarkia jakinetara. Produkzioa, merkataritza akordioak, eta fede itsua dolarretan, hortxe zoriontasunaren giltza. Elite politiko eta industrialak kabaret eta auto berrien artean gozatzen ari ziren bitartean, ordea, sumendi kapitalista erupziorako prestatzen ari zen. Italian faxismoaren gorakada nabarmena, Alemanian nazionalsozialismoaren indartzea eta finantza burbuila erraldoi baten sorkuntza, zorpetzean eta finantza espekulazioan oinarritua. Hamarkada bukaerarako sarraskia su txikian prestatzen.

Distantziak distantzia, ziurgabetasunak eta arriskuaren sorkuntzakgidaturik sartu gara hamarkada berrian. Birus txiki bat bazterrak astintzen, merkatu globala uzkurtzen eta potentzia handien arteko indar-harremana jokoan. Txina eta zetaren bidea. Mundu hegemonia bete-betean lehiatzeaz gain, eskura dauden baliabideak finituak direla jakinik eta klima aldaketak aurreikusten digun agertoki makabroak kontuan izanda, militarrek ostera ere protagonismo berezia izan dezakete datorkigun hamarkadan. Negozioa eta odola, ez gara askorik aldatu.

Mundu modernoaren ajeak gainditzeko esperantza, ordea, aurrera egiteko bulkada zen 1920. urtean. Aurrerapena eta bizi-baldintza materialen hobekuntza, etxeak eta automobilak guztiontzat. Sozialismoaren eraikuntza hazkuntza materialaren bidetik etorriko zen; Bilboko, Eibarko edo Zumarragako fabriken keak kiratsetik bezainbeste zuten garapen eta utopia usainetik. Proletariotza omen iraultza ekarriko duena. Agortzen ari zaigun planeta honetan, ordea, ahul daude emantzipazio edo iraultza ilusioak; ezkerreko mugimendu politikoek gehiago edaten dute kalteak murrizteko jarreratik kaleak pizteko bulkadatik baino. Fabriketako tximiniak ke potentzialki askatzailea ateratzeari utzi diote, kaleak bizikleta banatzailez bete dira eta langileak hiltzen zaizkigu zabor artean.

Etorkizuneko kolapso posible baten eta agertoki distopikoaren pertzepzioa gailendu da sektore sozial gehienetan, are gehiago COVIDaren etorrerarekin. Ekialdetik itxaropen gorrixka zetorren duela mende bateko 20ko hamarkadan; orain ez dakigu oso ondo zer datorren, edo itxaropen askatzailea edo nagusi berria, zaharra bota eta bere aulkian eseriko dena. Beste etorkizun posible baten ametsak gidatzen zuen alderdi eta sindikatu handien jokabidea; orain, munduaren beste amaiera bat posible dela diote pintadek paretetan.

Errazagoa da munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoarena baino, hala zioen behinola Fredric Jamesonek. Mark Fisherrek Errealismo kapitalista liburuan gehituko du kapitalismoaren jarraipena soilik irudikatu dezakegula, geure marko kognitiboak ez direlako gai beste edozein errealitate ekonomiko eta sozial irudikatzeko, eskala handian behintzat. Iruditeria katastrofiko eta apokaliptikoak eguneroko ogi dira Netflixeko telesailetan. Zibilizazioaren kolapsoa agertzen da, baina eskaintza-eskariaren lege sakratuak funtzionatzen jarraituko duela inor gutxik jartzen du zalantzan, beste dimentsio eta truke-produktu batzuekin bada ere. Bestela esanda, kapitalismoa hanka arinez dantzan imajinatu dezakegu planetaren eta bioaniztasunaren hondamendian bertan ere.

Utopia posibleak birkontatzeko ariketa egin beharko da agian, estiloz, edukiz eta helburuz moldaketa esanguratsuekin, XXI. mendeko 20ko hamarkadarako pentsatua eta prestatuta. Mamu komunista berri bat, edo euskal errepublika ekofeminista bat edo munizipalismo libertario bat. Edo beste zerbait, eraldaketarako desira-bulkadak piztea da kontua. Euskal zinemagile, antzerkigile, idazle eta bertsolariek forma eman eta Euskal Herriarentzako utopia berritu bat hauspotzea litzateke zeregin nagusia.

Ez dakigu Shelbyk gaurko botere konfigurazioan ukondoa sartu eta lekua egin nahiko balu zer estrategia jarriko lukeen martxan. Apustua beti irabaztera doan zaldiaren alde: bere familia nomadarekin kanpalekuko su epelera bueltatzeko hautua egingo luke ziur asko. Jauregia hotzegia eta handiegia baita, buruak eztanda egiteko beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.