Doktoretza aurreko ikertzailea EHUn, sare sozialen alorrean

2030 Agenda: Etorkizun jasangarrirako ardura historiko eta garaikidea

Patricia Barron San Blas
2024ko martxoaren 28a
05:00
Entzun

Itxaropen- eta ardura-itsasargi gisa azaltzen da Nazio Batuen 2030 Agenda proiektua munduan. Areago, plan hau gertaera historikoen eta gaur egungo errealitateen arteko lotura da; hori dela eta, askotariko helburuak ditu bere baitan. Nahiz eta aurrenekoan asmo handiko plan gisa uler daitekeen, 2015ean onartu zuten 193 herrialdek, gizateriaren arazo larrienei heltzekotan; hortaz, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) martxan jarri zituzten, hain zuzen ere, hamazazpi mugarri definituz. GIH edo jomuga kolektibo horietako batzuk aztertzerakoan, argi izango dugu Agenda 2030 mugarri historikoa dela, izan ere, egungo gizartearentzako ibilbide-oinarria baita.

Helburuak ugariak bezain zorrotzak diren arren, bai bere garrantzi historikoagatik, bai duen egungo premiagatik, bigarrena dugu helburu nabarmenetako bat: «Zero gosea» izenekoa. Guztiok dakigunez, gosetearen eta elikagaien urritasunaren aurka borrokatu du gizateriak mendeetan zehar. Haatik, gure aro moderno honetan, oraindik aurre egin beharrean gaude obesitatearen eta azpielikaduraren erronka paradoxikoari. Horregatik, gizarte global bidezkoagoa eraikitzeko urratsa da eta ez ekintza humanitario hutsa.

Azpimarragarria suerta daitekeen funtsezko beste xede bat zazpigarren definizioan kausitzen dugu, alegia, energia eskuragarrietan zentratzen dena. Guztiz globalizatua dugun mundu honetan eta herrialdez herrialde gero eta interkonektatuago dagoen etorkizunerantz aurrera egiten dugun heinean, esponentzialki hazi da energia-eskaria. Alabaina, aldi berean, energia-iturri iraunkorretarako trantsizioan gara, beharrezkoa bihurtu dena klima-aldaketaren eragin suntsitzaileak arintzeko. Hori dela eta, xede horrek argi islatzen du garapen ekonomikoa baliabideen agortzetik eta ingurumenaren degradaziotik bereizi beharra, ezbairik gabe, gizarte garaikideak barneratu behar duen ikasgai kritikoa baita.

Egia da ere 2030 Agendak askotariko erronkei heltzen diela, era berean, garrantzitsua da kontuan hartu ez diren alderdiei buruz hausnartzea. Ildo horretan, gizarte moderno honek ezinbesteko helburu baten hutsunea nabaritzen du: «Etorkizunerako Berrikuntza Etikoa». Jomuga honen gabeziak gizateria agerian uzten du teknologia berrien aurrean, Adimen Artifizialaren aurka, kasu. Hori dela eta, proposatutako xedeak teknologia aurreratuen garapena sustatu nahi du, baina ikuspegi etiko batetik begiratuta. Digitalizazio espazio horretan ezinbestekoa baita pribatutasuna, giza duintasuna eta ekitatea ere babestuko direla ziurtaraztea. Geroago eta hurbilago dagoen mundu hiperkonektatu honetan, oinarrizkoa delako online zein offline eskubide naturalen babesa.

2030 Agenda izeneko plan estrategiko horrek, konpromiso globalean mugarri historikoa definituz, argi eskaintzen du egungo erronkei aurre egiteko gida. Izan ere, xede delineatuak, anbizio handiko helburuak ez ezik, agindu moralak ere badira, gidatu behar gaituztenak gure ahalegin kolektiboak etorkizun jasangarriago eta bidezkoago baterantz bideratzeko. Hori dela eta, helburu berri bat sartzeak bermatuko luke berrikuntza etikoa sustatuko duen teknologia eta gizartea etorkizunean harmonian egotea, edo saiakera bertan gauzatuko litzateke, bederen. Argi dago, 2030 Agenda gure iparrorratza da; beraz, ondo erabil dezagun hura etorkizunaren eta nahasmen moralen itsaso erraldoian bide egokiena urratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.