Nafarroako GKEen Koordinakundeko kideak

2024ko udal aurrekontuak, elkartasunari arreta emateko deia

Miren Jaione Lasa Arandia eta Francisco Javier Abad Vicente
2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Iruñeko Udalak ekainaren 6ko Osoko Bilkuran onartu ditu hiriaren 2024rako aurrekontuak, eta udalak berak emandako informazioaren arabera, garapenerako lankidetzako diru sailak ez dira %0,7ra iristen; konkretuki, %0,57 baino ez da bideratzen Garapenerako Laguntza Ofizialerako (GLO).

Duela urte batzuetatik hona, dokumentu guztietan, hala nola memoria edo plan zuzentzaileetan, udalak iragartzen du bete egin dela Nazio Batuen Erakundeak aurrekontuaren %0,7 Garapenerako Laguntza Ofizialerako bideratzeko hartutako konpromisoa; eta hori horrela izan da krisi ekonomiko eta sanitario globalen urteetan ere, herrialde pobretuetako pertsona eta komunitateekiko elkartasun globalaren aldeko apustu garbia eginez.

Ehuneko hori lortzeko konpromisoa Lankidetzaren II. Plan Zuzentzailean (2022-2025) jasota dago, bai eta udalean gobernatzen duten alderdien programetan ere. Konpromiso hori Iruñeko Udalak bere gain hartu zuen Nazio Batuen ebazpen batean oinarriturik.

Kezkagarria iruditzen zaigu %0,7ko ez-betetze hori, izan ere, lankidetza-proiektuak eta garapenerako hezkuntza finantzatzeko konpromiso handiagoa behar-beharrezkoa baita krisi global, sozial eta ekonomikoa, giza eskubideen urraketa, aurrekaririk gabeko krisi klimatikoa, desberdintasuna eta balio demokratikoen galera areagotzen dituen testuinguru larri baten aurrean.

Nabarmendu behar dugu GLOren finantzaketa ez hobetzea Nafarroan eta Iruñean hobetu den egoera batean gertatu dela, non aurrekontu horiek nabarmen handitu diren eta gizartea orokorrean zein gizarte-erakundeak mobilizatu diren desberdintasunaren eta giza eskubideen urraketen aurkako borrokan. Hala eta guztiz ere, paradoxikoki, egoera txarrenean dauden pertsona eta komunitateekiko konpromiso soziala betetzen ez duen udal bat izango dugu.

Urte askoan, GKEen Koordinakundetik Iruñeko Udalaren lankidetza jardunbide egokien adibide gisa aurkeztu dugu beste autonomia erkidego eta erakunde lokalen aurrean. Hala ere, udalari planteatu behar diogu lankidetza-politikarekiko konpromisoak serioa eta koherentea izan behar duela, soberakinekin egiten diren zuzenketen zain geratu gabe. Aitzitik, aurrekontuaren plangintzatik gutxienez %0,7 betetzea planteatu behar da, eta zuzenketak politika horiek indartzeko erabili behar dira.

Hori guztia 2030eko perspektibarekin bat etorriz, hau da, Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren helburuak bete diren urtearen bueltan, hain zuzen ere, Iruñeko Udalak konpromiso gisa hartu dituen helburuak. Gainera, 2023ko otsailean onartutako estatuko lankidetza-legearen arabera, urte bererako GLOaren %0,7 bete behar da, lege horretan erakunde lokalei aitortzen baitzaie «zeregin garrantzitsua» dutela «garapen iraunkorrerako eta elkartasun globalerako Espainiako lankidetza-sisteman». Testuinguru horretan, gure hiriburuko udala atzera doa.

Nafarroako GKEen Koordinakundetik Iruñeko Udalari eskatzen diogu galdutako bidea berreskura dezala eta bere erantzukizunari hel diezaiola mundu hau aldatzeko, politika koherenteak, denboran iraunkorrak eta globalak garatuz.

Artikulua honako hauek ere sinatzen dute:

Diego Cayuela Beloso, Jose Javier Esparza Unsain, Octavio Romano Vallejo, Jone Ramos eta Cristina Gil Perez (Nafarroako GKEen Koordinakundeko kideak).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.