Jakina da. Gizakiok horrelakoak gara. Ziklo bat ixten dugunean, atzera begiratzen dugu, balantzea egiteko, eta, aldi berean, hasiko den ziklorako asmo berrien zerrenda prestatzen dugu. Normalean irailean gertatzen zaigu, udako oporren ondoren, eta are gehiago, abenduko azken egunetan eta urtarrilaren hasieran.
2023a amaituta, 2024ari aurre egitea dagokigu, erronka garrantzitsuekin, ez asmo hutsalekin, gure Foru Erkidegotik planeta salbatzeari aletxo bat eman nahi badiogu behintzat —ezin dugu hitz leunagorik erabili larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan— eta gure autonomia ekonomiko eta fiskaletik abiatuta justizia sozialaren kuota handiagoak lortu. Argi dago, erronka fiskalaz ari naizela.
Horregatik, fiskalitate berdearen formula berriak ezarri beharko dira, Europako Batasunak berak ezarritako premisaren arabera: «Kutsatzen ez duenak onura ateratzen du, eta kutsatzen duenak ordaindu egiten du». Trantsizio ekologikoak arau fiskalak sortzera gidatu behar gaitu ekonomia zirkularrean oinarritutako sistema batera ailegatzeko, non iturri berriztagarrietatik soilik sortuko den energia.
Gure ustez, Geroa Bairen ustez, fiskalitate berdea zerga-sistema pedagogia sozialerako eta herritarrak kontzientziatzeko bide gisa aplikatzean datza, ingurumenaren ikuspegitik positibotzat jotzen diren ohiturak hartzeko helburuarekin. Horrela, fiskalitate hori aberastasuna birbanatzeko elementu bat da, karga altuagoak egozten baitizkie kalte ekologiko handiena eragiten duten eragile ekonomikoei —pertsona fisikoak edo juridikoak—, eta, horrela, haien egintzen ondoriozko kaltea ordaintzeko kostua eragiten die. Fiskalitate mota hori berdintasunezko engranajea da, arauaren hartzaileei aukera ematen baitie beren jokabidea lortu nahi den helburura bideratzeko, bidezko baldintzetan.
Neurri batzuk dagoeneko ezarrita daude, jakina. Baina beste asko aztertu eta erabaki behar ditugu, hala nola meatzaritzako erauzketa-jardueren gaineko zerga, lurzoruaren erabilera-aldaketa, edo abeltzaintza intentsiboaren ingurumen-inpaktua (ustiapen handien kasuan). Adibide gutxi batzuk jartzearren.
Eta, jakina, hemendik, Nafarroatik, ingurumen-zergen inguruko araugintza-ahalmena handitzea aldarrikatu dezakegu, hala nola berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga, hidrokarburoen gaineko zerga berezia, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, edo garraiobide jakin batzuen gaineko zerga. Kudeatzen ditugun zergak dira, baina horien gainean ez dugu inolako ahalmen legegilerik, Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoaren testuan artikulu askotan errepikatzen delako «Nafarroak Estatuko lurraldean unean-unean indarrean dauden oinarrizko printzipio, arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu» edo «Estatuko oinarrizko legeriari kalterik egin gabe». Estatu mailan uniformetasuna bilatzeagatik? Madrilen konfiantza faltagatik kudeatzeko ez ezik, arautzeko ere dugun gaitasunean?
Hitzarmena estatuarekin dugun harreman ekonomikoaren giltzarria da; horregatik, etengabe eguneratzearen alde egiten dugu, ahalik eta asmo handienekin, aldatzen, adibidez, 54. artikuluak dioena: Foru Erkidegoak bere gain hartuko ditu dagokion heinean «estatuaren zor guztien interesak eta amortizazio-kuotak». Hori ez baita elkartasuna, anbizio falta baizik. Are gehiago interes-tasak igotzen ari diren garai hauetan.
Inflazioa izan da gure kezka nagusietako bat azken bi urteetan. Eta, zoritxarrez, hala izaten jarraituko du hurrengo urteetan ere. Herritarren poltsikoarentzat dakarren zigorragatik, batez ere baliabide gutxien dituenarentzat. Eta, gainera, alde gaiztoa dauka, zeharkako zergarik garrantzitsuenaren bidez, BEZaren bidez, Ogasunen diru-bilketa handiagoa egiten baita.
Meloi bat, BEZarena —oro har, zeharkako zergena—, haren erregulazioaren gainean gaitasuna izatearena, berandu baino lehen ireki beharko dena, eta gure bizilagun gipuzkoarrek dagoeneko ireki dutena; izan ere, gure aldundiak berriki adierazi du eztabaida bati ekin behar ziola estatuari eskatzeko lurraldeak erabakitzeko ahalmena izan dezala BEZaren kudeaketan, zerga garrantzitsuenetako bat, berriz diot. Gipuzkoako agintariek BEZ mota desberdinak erabakitzeko aukera izan nahi dute.
Gure ustez, Gipuzkoa bezain anbiziotsuak izan behar dugu, gutxienez, eta Nafarroako Ogasunarentzat arautzeko gaitasun hori bera eskatu behar dugu. Geroa Baik, jakina, ildo horretako ekimenak planteatuko ditu.
Are gehiago zerga-bilketari buruzko benetako datuak ezagutu ondoren, hilabetez hilabete. Kudeaketa propio batek aukera emango liguke erosketa-saskiko oinarrizko produktuetan zerga horrekin jolasteko, eta haien prezioek herritarren poltsikoetan duten eragina murrizteko, batez ere behartsuenen poltsikoetan.
Ahaztu gabe, jakina, iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka; eta Europaren baitan, arlo ekonomiko-finantzarioko erakundeetan, dugun zereginari buruzko aldarrikapena, non Nafarroak bere presentzia eta ahotsa izan behar duen.
Esandakoa: gure hondar alea planetaren onerako... eta gure patriketarako autonomia fiskal handiago baten bidez.
Forua eta otordua... baita 2024rako ere.