2022: murrizketa gehiago pentsioetan

2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Europako Funtsen bigarren zatia ordainduko dio Europako Batzordeak Espainiari. Hala iragarri dute udan hedabideek. Europak ontzat eman baitu Pedro Sanchezen gobernuak sinatutako konpromisoen betetzea. Hori, ordea, errealitatearen zati txiki bat besterik ez da.

Izan ere, alde batetik, albisteak berresten du Europako Funtsak politika jakin batzuk aplikatzera baldintzatuta daudela; doikuntza politiketara, besteak beste. Bestetik, mezu ofizialak zera ezkutatzen du: pentsioen erreformari buruzko Europako Batzordearen dokumentuak hiru orrialde ditu, eta funtsean, 2021ean onartutako erreforma motz geratu zenez, aurten hitzartutako erreformarekin konpentsatu behar dira hutsune horiek.

Gogoratu behar dugu Espainiako Gobernuak onartu zuela pentsioen erreforma bi fasetan egingo zuela: 2021ean bata, 2022an bestea. Hortaz, bai ala bai, aurten pentsioen beste erreforma bat egin nahiko dute; kezkagarria da auzi honek eztabaida politiko, sozial edo mediatikoan duen leku txikia.

Gainera, Sanchezen gobernuak eta Europako Batzordeak sinatutako akordioak honako hau jasotzen du: pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den urte kopurua handitzeko berariazko konpromisoa (gaur egun 25 urte dira, handituz joan dena pentsioen aurreko erreformekin). Beraz, zenbat eta kotizatutako urte gehiago kontuan hartu, orduan eta txikiagoa izango da pentsioen zenbatekoa. Hori baita neurriaren helburua: pentsioak txikiagotzea.

Europako Batzordearen dokumentu horrek iragartzen du egoera are larriagoa izan daitekeela. Batzordeak adierazi du Espainiako Gobernuak hartua duela erreforma egiteko konpromisoa, «sistemaren finantza jasangarritasuna epe labur, ertain eta luzean ziurtatzeko», eta iazko pentsioen erreforman onartutako neurriek arriskuan jar dezaketela jasangarritasun hori. Baieztapen hori justifikatzeko, hiru elementu aipatu dituzte: lehena, inflazioak gora egin duela, eta, horren ondorioz, pentsioen balioa handitzeak gastua nabarmen handitzea dakarrela; bigarrena, erretiro aurreratuan onartutako murrizketak ez direla handiegiak; hirugarrena, Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoak (Jasangarritasun Faktorea ordezkatu duen tresna) aurreikusitakoa baino aurrezpen txikiagoa ekarriko du. Eta, gainera, nabarmendu du ez zuela patronalak mekanismo hori bermatu (gogoratu dezagun gobernuak hitzeman zuela erreforma elkarrizketa sozialean adosteko, lan erreformarekin egin bezala; patronalari beto eskubidea aitortzea da hori).

Era berean, Europako Batzordeak argi eta garbi adierazi du Espainiako Gobernuak sinatutako konpromisoak bete behar dituela, eta, beraz, 2022ko erreformak 2021eko erreformaren hutsuneak bete beharko dituela. Beraz, erreforma horri begira, litekeena da KPIaren araberako pentsioen igoerak eztabaidan jartzea, jada daudenez gain; hala nola, aipatu dugun pentsioak kalkulatzeko zenbateko urte kopurua.

Ikasturte honetan, pentsioen erreformak leku handiagoa hartuko du agendan. Espainiako Gobernuak murrizketa garrantzitsuak ditu hitzartuak, are handiagoak izan daitezkeenak Europako Funtsen onartzeen ondorioz; konponbideak baino gehiago baldintzak dakartzatelako. Europako Batzordeak azaldu duenez, konpromisoen betetzeen arabera egingo ditu datozen ordainketak, hau da, pentsioen murrizketen arabera. Ahal bezainbeste salatu dugu egoera hori, baita mobilizazioekin ere. Baina datorrena ikusita, politika horiek salatzen jarraitu beharko dugu, komunikabideetan zein kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.