2019 arrazoi erabakitzeko

Angel Oiarbide eta Jone Amonarriz
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bost urteko zikloari amaiera eman dio Gure Esku Dago-k, eta, urte berria hastearekin batera, etapa berri bati ekingo diogu. Garai konplexu bezain interesgarri hauetan, herritarrok jokatuko dugun paperak zedarrituko du, hein handi batean, biharko etorkizuna. Horregatik, aurrerantzean pauso berriak emateko, ezinbestekoa izango da erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika sendo eta autonomo bat.

Demokraziaren aurkako haizeak indartzen ari dira mundu osoan, eskubide zibil eta politikoen, justiziaren, berdintasunaren eta askatasun demokratikoen kontrako haize atzerakoiak. Giza eskubideen aldeko haizeak ere badira, berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen alde jotzen dutenak, edota norbanako nahiz herrien burujabetza eta askatasunaren alde bultzatzen dutenak. Ikusi dugu, ordea, nola Kataluniaren askapen nahiari inboluzio demokratiko batekin erantzun zaion Espainiako estatu egituretatik.

Kataluniako prozesuak irakaspen demokratiko garrantzitsuak eman dizkigu eta argi dugu bertan gertatzen denak eta gerta daitekeenak eragina duela eta izan dezakeela gure bizimoduan eta gure etorkizunaren eraikuntzan. Horregatik, jarraituko dugu elkartasunaren eta elkarlanaren ildoa elikatzen, errepresioa salatu eta herritarren hitzean eta erabakian oinarritutako konponbidea babesten, Euskal Herriaren zein Kataluniaren auzia bideratzeko tresna ezinbestekoa dela uste dugulako.

Eskuin muturraren gorakadak abagune politikoa aldatu badu ere, gero eta argiago ikusten ari gara zein den gure bidea. Demokrazia, burujabetza eta askatasunaren bideak soilik eramango gaitu etorkizun hobe eta justuago batera. Testuingurua konplexua da, bai, baina, aldi berean, baditugu baikorrak izateko motiboak ere. Lehena eta oinarrizkoena: euskal herritarren gehiengoa (%66,8) erabakitzeko eskubidearen alde dago eta biztanleriaren bi heren horiek uste dute «printzipio demokratikoa» dela, Iparra Hegoa fundazioak eta Parte Hartuz ikerketa taldeak 2016an egindako ikerketa baten arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoan, legebiltzarreko alderdien %75ek babesten dute erabakitzeko eskubidea. Autogobernu Ponentzian adostutako oinarrietan erabakitzeko eskubidea jaso dute bi alderdi nagusiek, EAJk eta EH Bilduk, eta Ahal Dugu-k bat egin du eskubide eta askatasunen atalarekin. Adostasun horretan, gainera, herritarrok sentitu dugu gai izan garela eragiteko; eta ondorengo faseei begira lan egingo dugu erabakitzeko eskubidearen inguruko adostasunari eusteaz gain, zabal dadin, herritarron gehiengoaren nahia delakoan.

Nafarroan erabakimen gehiagoren beharra mahai gainean da eta behar horri bide emateko aukerak zabaldu ahalko dira aldaketaren gobernuak aginteari eusten badio. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, aldiz, kultura demokratikoaren filosofia errotzen ari da herri ekimenen bidez; bakegileak eta Euskal Elkargoaren eraketa izan daitezke adibiderik ezagunenak eta berrienak. Elkargoari, gainera, aurrerapauso demokratikoak emateko aukera zabal dakioke erabakitzeko eskubideak hurrengo urratsetan.

Datozen hilabete edota urteetan Euskal Herriko lurraldeetan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko sor daitezkeen aukera guztietan eragingo dugu. Datozen hilabeteak gakoak izango dira eta bultzada soziala ezinbestekoa izango da, orain artean izan den bezala, aurrerantzean ere. Herritarrok erabaki politikoetan eragitea eta erabaki horiek babestea ezinbestekoa izango da, iraganeko aukera galduak errepika ez daitezen.

Gure Esku Dago-ren bost urteko ibilbide labur bezain emankor honek ezer erakutsi badio herri honi da bat eginda soilik lortuko dugula korapiloa askatu eta aurrera egitea, etorkizun hobe eta justuago baterantz. Herri libre bat izan nahi badugu, herri izan behar gara, herri bezala jardun, eta herri estrategia bat garatu. Horregatik, ahalduntze soziala eta erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jendarte mailako indar bilketa izango dira aro berrirako ildo nagusiak, martxoaren 16an Bilbon aurkeztuko dugun bide orrian.

Aurrera egiteko, ordea, uste dugu garrantzitsua dela orain arte herritarrok emandako aurrerapausoen balioa azpimarratzea. Urte luzez gatazkatsua izan den gai bat bost urtean, normaltasunera ez ezik, agenda politikoaren erdigunera ere ekarri dugu, eta, gainera, zoru komun bat bilakatu da milaka eta milaka herritarrentzat; erabakitzeko eskubideak batu egin gaitu. Urtez urte, gero eta jende gehiago aktibatu eta mobilizatu da aldarrikapen honen eta kultura demokratiko berri baten alde. Iazko giza katean, esaterako, 175.000 lagunek eman genion elkarri eskua; azken mobilizazio horren harira, gainera, Herritarron Ituna landu dugu alor anitzetako eragile eta herritarrekin; 2019 arrazoi erabakitzeko jaso ditugu bertan eta egunetik egunera gehiago ari zaizkigu pilatzen. Halaber, Etxarri Aranatzen eta Arrankudiaga-Zollon abiatutako galdeketen ildoari jarraiki, bi urtean 208 herritan egin ditugu kontsultak estatus politikoari edo erabakitzeko eskubideari buruz; Euskal Herriko biztanleriaren herena bizi den eremuan, hiriburu bat barne —Donostia—. 1.061.058 lagunek izan dute botoa emateko aukera eta horietatik 218.248k hartu dute parte; %20,56k.

Eskozian izan ginen aldietako batean, esan ziguten demokrazia sendoetan ez dela hitz egiten edo eztabaidatzen erabakitzeko eskubideari buruz; XXI. mendeko demokrazia sendoetan erabaki egiten dela. Eta hori da guk nahi duguna: erabakitzea. Etorkizun hurbilean, Euskal Herriko lurraldeetan erreferendum bidez gure etorkizuna erabakitzea. Norabide horretan urrats berriak eta eraginkorrak egiteko asmoz ekingo diogu martxoan ziklo berriari. Eta bide horretan, guztiok gara ezinbestekoak. Elkarrekin, ezina, ekinez, egina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.