Venezuelako Turmero herrian semea eskolako bigarren egunera neraman, 2013ko irailaren 20ko goizean, Interpolek arma erakustaldi eta show handi bat eginez atxilotu ninduenean; hamar urte igaro dira atxilotu eta Estatu Espainiarrera deportatzeko ahalegina egin zutenetik; Venezuelako agintariei esker, ez zen gauzatu.
2013ko azaroan, gatibu nintzelarik, hemezortzi eguneko gose-egarri greba bat egin nuen inteligentziako zerbitzuen egoitza barruan. Egoera aldatzeko negoziatzera etorri ziren eta handik hiru egunetara nire bikotekidea eta semea zeuden etxera eraman ninduten.
Bat-batean kalean baina inolako nortasun agiririk gabe aurkitu nintzen; nire izenez bizitza egiten, baina nor nintzen erakusteko agiririk gabe, heriotza zibileko egoeran kalean.
2014ko urte hasieran Madrilen egoitza diplomatiko batean Amaiur eta EH Bilduko hautetsiak izan ziren, eta baldintza onartezinak asumitu zituzten. Asier Guridi iheslaria nortasun, babes, berme, eskubide eta bizibiderik gabe geratu behar zela asumitu zuten. 2014ko apirilean Iñaki Goioaga Espainiako senataria etorri zen Caracasera, ordurako Madrileko egoitza diplomatikoan asumitua zutena inposatzera.
2014an hasi zen sufrimendua, heriotza zibila eta linboko egoera. Gatibu hartu ninduten arte, nuen lanbidea egin ezinik eta familia aurrera ateratzeko ezintasunarekin. Poliziak nortasun agiria eskatzen zidan aldiro arazoak eta poliziei dirua eman beharra... Linboko egoeran, bizibiderik gabe, jakiak eskuratzeko arazoekin, semea instituzio eta kirol elkarteen aurrean ordezkatzeko ezintasuna... Handik laster Venezuelan egoera ekonomikoa guztiz okertu zen eta dendetan erosketak egin ahal izateko nortasun agiria derrigorrezkoa bihurtu zen; halako agiririk ez nuenez, jaki eta bestelakoen erosketetatik baztertuak izan ginen.
2020an, Estatu Espainiarrean arazo juridikorik ez nuela baliatuaz, nire pasaportea/identifikazio agiria eskatzeari ekin nion, eta Estatu Espainiarrak, nire identifikazio eskubidea urratuz, pasaporterik gabe utzi ninduen. 2021eko abenduaren 3an lehen gose greba hasi nuen Espainiako Kontsulatu Orokorraren azpian, eta abenduaren 7an, Venezuelako Gobernuak errefuxiatu izaeraren aitorpena onartuz erreakzionatu zuen.
2021-2022 urteetan, Errefuxiatu Izaeraren Aitortza aktak zioenari jarraikiz, Venezuelako identifikazio agiria eskuratzeko tramiteak hasi nituen, eta errefuxiatuontzat bete ezinezko baldintzekin aurkitu nintzen. SAIME edo Venezuelako Identifikazio Zerbitzuak Espainiako pasaportea indarrean aurkeztea eta 1.500 dolar ordaintzea eskatzen zidan, besteak beste... Horrela, 2022ko martxo-apiril aldera gose greba berri bat hasi nuen Caracasen Espainiako Kontsulatu orokorraren egoitza azpian, ordaindua nuen nire pasaportea eskatuz, identifikazio bat izateko nire eskubidea aldarrikatuz. Espainiako kontsulak hartu ninduen eta ez emateko agindua zutela esan zidan; horrela 36 egun egin nituen gose greban, eta Caracaseko Perez Leon ospitalean ingresatu ninduten.
Gose greba gogorretik errekuperatuta, instituzio eta autoritate ezberdinengana idazkiak helarazi, eta bestelako kontaktuak egin nituen. Ehun eta berrogeita hamar egun inguru iraungo zuen kale agerraldi edo plantoia ere hasi nuen; nortasun agiriaren aldarrikapena batera eta bestera eramanez; Venezuelako Fiskaltza Orokorraren aurrean hilabetez gau eta egunekobijilia edo egonaldia egin nuen.
Azkenean, 2023ko maiatzaren 3an Venezuelako Errepublika Bolibariarreko Asanblea Nazionalean izaniko ekitaldi ofizialean, Kanpo Harremanetarako Batzordeko diputatuen aurrean, Venezuelako Identifikazio Zerbitzuko zuzendaria den Gustavo Vizcainok Venezuelako nortasun agiri nazionala eman zidan.
Nire seme Iban oso testuinguru berezian jaio zen; jazarria nintzen, eta Iban ihesean zen aita baten seme izanik, ezin izan zen erregistro zibileko aurkezte normalik egin. 2022ko ekainean hasi nuen epaitegian Ibanen jaiotze agiriak zuzentzeko bidea; handik bide administratibora bidali gintuzten; eta bide administratiboan hilabete luzeak erantzunik izan gabe egon ostean, berriro ere bide judizialera bidaliak izan ginen. 2023ko abuztuaren 7an bigarren aldiz aurkeztu genuen epaitegian Ibanen jaiotze agiria Erregistro Zibilean zuzentzeko agindu dezaten eskakizuna, eta gaur egun tramite honetan gaude. Era berean, arazoa ikusarazteko kale agerraldiak hasi ditut, Ibanen interes gorena eta eskubideak aldarrikatuaz; elkartasuna eta konponbidea eskatuaz.
Ibanek eskubideak eta legalitatea izan ditzan borrokan jarraituko dut; 2014an erraz asko konpondu zitekeena konpondu gabe dago. Erregistro Zibileko agiriak zuzenduz dagozkion eskubide eta legalitatearen jabe izan dadin; Oñatin bizita legez kanpoko egoeran den nerabea izateari utzi diezaion; naziotasun bikoitza eskuratuz eskubide guztien jabe egin dadin.
Urte hauetan bizitakoak eta borrokak argi erakutsi dute erabaki okerra izan zela 2014an babes, nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe uztea. Fredy Gutierrez abokatuak eta Rafael Uzcategui politikari eta gerrillari ohiak ere argi dute orain Ibanek dagozkion eskubideak berehala izan behar dituela, eta berandu gabiltzala.
Nire bizitzan borroka izan da bidea, norabide eta ardatza; aurrerantzean ere, dagozkigun eskubideen jabe izan arte borrokan jarraitzeko asmo sendoa agertzen dut.
2013-2023: sufrimenduz eta duintasunez beteriko hamarkada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu