LABeko exekutiboan sartu nintzen 2008an, Nafarroako bozeramaile gisa; hiru hilabete eskasera, Lehman Brothers erraldoiak behea jo eta espekulazio neoliberalak puztutako burbuilak eztanda egin zuen. Berehala hasi ziren kaleratzeak eta enplegu erregulazioak. Gobernuek merkatua bere kabuz arautzen denaren ipuin hura ahaztu eta pertsonak ez baina bankuak salbatzearren jarri zuten (guztion) dirua. Faktura herritarroi pasatu ziguten eta aurretik ere aski ez zen babes sozialerako sistema murriztu egin zuten, oraingo pandemiak agerian utzi dituen ondorio tamalgarriekin. Azpigaratutako zaintzen eremua prekarizatu eta baztertu zuten, emakumeen bizkar. Neurri horiek guztiak mundu mailako botereguneetan erabaki eta Euskal Herria ukatzen duten estatuen eskutik ezarri ziren, zentralizazioa areagotuz.
Garai latzak izan ziren jende askorentzat. Gogoan dut egun batetik bestera kaleratua zen jendearen ezinegona. Gogoan ditut etxegabetzeak, eta bereziki bat, geure afiliatu Miren Peñarena, bere heriotza goiztiarraren eragile. Baina, era berean, gogoan dut ordezkarien batzar hura, Lehman Brothersek porrot egin eta gutxira, gogoan ditut greba orokorra eskatuz entzun ziren mintzaldi sutsuak. Gogoan ditut ere ondorengo urteetan egindako hamaika mobilizazio, kanpaldi, martxa, pikete. Energia kolektibo hori guztia oroitzen dut, gauzak aldatzeko beharra ez ezik aukera ere bazegoelako konbentzimendu hura. Ez genituen gauza guztiak aldatu, ezta gutxiago ere, baina bai horietako batzuk; Nafarroan eragindako ziklo aldaketa, krisiaren aurretik pentsaezina zena, adibideetako bat da.
Garai hartatik hona, egiturazko krisi sistemikoa larriagotu da, eta COVID-19aren inguruko kudeaketak krisi horren azkartzea eragin dezake. Izaten ari diren adierazle sozioekonomikoek 2008koen antz handia dute. Hasia da jada emakume langileak etxera bidaltzeko presioa, besteak beste, telelanaren bidez. Hasiak dira ebentualen kaleratzeak eta behin-behineko erregulazio espedienteak, horietako batzuk behin betiko bilakatu daitezkeenak. Oraindik ere balkoietako txaloak entzuten direnean, murrizketekin mehatxu egiten hasi dira hainbat agintari. Zorroztu eta zorroztu ari dira eliteak: labanak zorroztu, euren negozioen artetik zeinek egingo duen aurrera erabakitzeko; eta guraizeak zorroztu, langileriaren eskubideak murrizteko. 2008ko gidoia errepikatzen ari?
Ez derrigor. Izan ere, testuinguru orokorra desberdina da, eta 2008ko bide beretik aurrera jarraitzeko sistemak duen tartea estuagoa, krisi ekologikoren, energia iturri eta materialen agortzearen nahiz sistemarekiko atxikimendu bitartekoen ahultzearen ondorioz. Baina, batez ere, gertatuko dena, mundu mailan nahiz Euskal Herrian ezarriko den indar korrelazioaren araberakoa izango da. Geure herrian, urtarrilaren 30eko greba orokorrak erakutsi zuenez, badago kontrabotere sindikal, sozial eta politiko sendo bat; kontua da: nondik jo beharko genuke?
Lehenik eta behin, sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidarekiko alternatiba estrategikoa birbaieztatzeko tenorea da. Birusaren kontrako gerraren ondoko berreraikuntzaren erretorikari aurre egin, eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko, sozial eta politiko berrirako trantsizioa defendatzea dagokigu, argitasunez, anbizioz eta dogmatismorik gabe; klase aldarrikapenak agenda feministarekin eta bestelako ekoizpen eta kontsumo ereduaren premia atzeraezinarekin uztartuz. Pertsona guztiei eskubide guztiak aitortuko dizkien Euskal Herri burujaberako programa sozioekonomikoa eratzea litzateke erronka.
Bigarrenik, epe motzean egin beharreko borroka nagusiak identifikatzea garrantzitsua da. Urtarrilaren 30eko greba orokorraren aldarrikapenekin batera (1.080ko pentsioa, 1200eko gutxieneko soldata, prekaritateari muga jarri, arrakala patriarkal oro ezabatu), pandemiak agerian utzi dituen beharrak kokatu beharko genituzke, besteak beste, zaintzarako sistema publiko-komunitarioaren sorrera, sektore publiko indartsu baten eta hori ahalbidetuko duen eredu fiskalaren garapena edota merkataritza edota garbiketa bezalako funtsezko lan feminizatuen duintzea. Era berean, lanpostuen suntsiketa masiboaren mehatxuari aurre egitea beharrezkoa izango da, eta, ildo horretan, lanaldiaren murrizketa agendan kokatu beharko dugu, pertsona guztiok enplegua izan dezagun eta enpleguaz besteko lanak pertsona guztien artean banatu daitezen. Eta, era berean, bazterketa arriskuan diren herritarren oinarrizko beharrei (etxebizitza, energia, elikadura) erantzuna eman beharko diegu, tokiko zaintza sareen filosofiatik abiatuta.
Hirugarrenik, eremu sindikal eta sozialaren arteko aliantzak ehuntzen jarraituko dugu, bai orokorrean (Eskubide Sozialen Kartaren baitan), bai tokian tokiko aukeren araberako elkarlan eta koordinazio espazioen bidez, baita borroka zehatzen inguruan ere, greba feministen, Huerta de Peraltaren, Bizkaiko metalaren edota sektore publikoko borroken ildotik. Eremu horien eta eremu politikoaren arteko harremanari dagokionez, bakoitzaren autonomiatik abiatuta, agenda sozial partekatuan sakontzea beharrezkoa da; politika publikoen norabidea auzitan jartzearekin batera, geure bizitzen gaineko erabakiak hartzeko eskubidea aldarrikatuz.
Erronka horiei guztiei heltzen asmatuz gero, eliteek ezarri nahiko diguten gidoia auzitan jarri dezakegu, garai honek dituen arriskuei aurre eginez ez ezik, izan baditugun aukerak baliatuz. Ekin diezaiogun!
2008-2020: arrisku zaharrak, aukera berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu