200 urte geroago, Marxek balio du?

2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Finantza tsunami batek mundu osoko burtsetan lurrikara eragin zuela esan ziguten duela hamar urte jada. Lehman Brothers finantza erraldoia jauzi eta kapitalismoaren oinarrian dagoen merkatu librea agerian gelditu zen. Hamar urteko krisi luzeari hasiera eman zitzaion. Karl Marxek maisuki azaldu zuen, aspaldi, kapitalismoak ziklikoki krisiak eragiten zituela eta horiek ere sistemaren garapenaren parte zirela. Nola da posible krisiak iraunkorki sortzen dituen sistemari buruz funtzionatzen duen bakarra dela esatea?

Ez dago erantzun bakarra, jakina, baina garrantzi erabakigarria du ekonomian ematen diren gertakariak naturaltzat jotzeak eta, ondorioz, ekidin edo molda ezinak izango balira bezala aritzea. Lehenago aipatutako metaforak horren adibide garbiak dira. Krisiaren harira, tsunamiaz, lurrikaraz edo finantza turbulentziez mintzatu zaizkigu aditu ekonomikoak, naturaren fenomeno fisikoak bailiran eta horien atzean ardura pertsonalik ez balego bezala.

Sistema kapitalistan merkantziek bizitza propioa izango balute bezala proiektatzen zirela idatzi zuen Marxek Kapitala liburuan. Merkantziaren fetitxismoa deitu zion aipatu mekanismoari. Eta berrehun urte geroago ere, ekonomiaren gertakariak fetitxizatuta azaltzen zaizkigu, eztabaida publiko gehienetan. Merkatuak bizitza propioa izango lukeen fenomeno gisa aurkezten da eta, ondorioz, nekez egin daiteke zerbait haren norabidea baldintzatzeko.

Ez merkatuak eta ez sistemak ez dute funtzionatzen. Ez lehen, eta ez orain. Kapitalismoa, etengabe krisiak eragiten dituen sistema da. Hazkunde ekonomikoaren garaian, kapitalak langileon izerdiaren kontura eskuratzen ditu etekinak (plusbalioaren bitartez Marxen hitzetan) eta, ageri denez, krisi garaiko galerak ere guk ordaindu behar ditugu.

Bestelakoa da, ordea, sistemaren funtzionamenduaren inguruko azalpena. Honetaz ere mintzatu zen Marx Ideologia alemaniarra liburuan. Ideologiak betetzen duen funtzioa azaldu zuen eta haren ondorioz«gizakiak eta haien harremanak alderantzikaturik ageri» (Marx, 2004:184) zirela azpimarratu zuen.

Egungo sistema ekonomikoak pobrezia, langabezia eta prekarietatea sortu, hedatu eta iraunkortzen ditu; emakumeak lan erreproduktibora eta sektore prekarizatuetara kondenatzen ditu, gizartearen arrakala soziala handiagotzen ari da, baliabide naturalak inolako kontrol eta bermerik gabe ustiatzen ditu eta iparraren garapena hegoaldearen miseriaren gainean eraikitzen da. Horrela izan da luzaroan, eta hori areagotu egin da azken hamarkadetako neoliberalismoaren ondorioz.

Eta hori guztia ez da naturala, ez da berezkoa. Horrela agertzen bada, besteak beste, ideologia neoliberalak izan duen hedapenaren ondorioa da, hots, Marxek aipatzen zuen errealitate alderantzikatua islatzen zuen ideologiaren ondorioz. Honetan ere, Marx zorrotz eta fin.

Gauza bera esan dezakegu Manifestu komunista-n estatu-exekutiboak burgesia-klasearekiko erakusten duen menpekotasuna salatzen duen atalari dagokionez. Egun, demokrazia pribatizatu eta estatuak transnazionalen aginduak hertsiki betetzen ari diren honetan, estatu agintariek kapitalaren txotxongiloak dirudite.

Berrehun urte igaro dira Karl Marx jaio zenetik. Han eta hemen, omenaldi, ekitaldi eta kongresu anitz antolatzen ari da, eta guk ere, haren ibilbide eta ekarpenari gorazarre egitearekin batera, hausnarketa hau kaleratzea ebatzi dugu. Marxek ekarpen ikaragarriak egin zituen. Klase gatazkak historiaren garapenean izan duen funtzioa eta aipatutako fetitxizazioa, plusbalioa, errealitate alderantzikatua edota estatuburuen menpekotasuna esaten ari garenaren adibide gardenak dira.

Edonola, bada Marxen jarraitzaileen artean izaten den akats edo ulertezina den jarrera: mundua, gizartea eta ekonomia aldatu ez balira bezala aritzen dira haren testuak alferrik interpretatzen. Zoritxarrez, hori ere ez da gauza berria; izan ere, Marxek aipatu behar izan baitzuen bera ez zela marxista, batzuk haren obraz egiten ari ziren irakurketaz ohartu ostean. Alegia, atzo eta gaur, batzuk Marx baino marxistago.

Ezbairik gabe, funtsezko ekarpenak egin zituen ekonomiaren, soziologiaren eta filosofiaren alorrean. Baliagarriak dira oso mundua ulertzeko eta eraldatzeko, baina ez dira bakarrak. Azken hamarkadetan, adibidez, ekonomia feministatik zaintza lanen eta sektore erreproduktiboaren garrantzia azpimarratu da. Gizonaren* izerdiarekin plusbalioa sortzeko, oharkabean pasatu ohi den emakumearen* izerdia ere behar dela frogatu da. Areago, produktibo eta erreproduktibo kontzeptuak ere auzitan jarri dira, ekonomiaren erdigunean produkzioa edo aberastasuna baino gehiago, bizitza eta elkarbizitza jartzeko. Betaurreko moreak planteatu dira, alegia, ekonomiari so egiteko. Gauza bera gertatzen da betaurreko berdeak jantzi eta sistema kapitalistak baliabide naturaletan egiten ari den sarraskia era gardenean ikusteko aukera dugunean; edota, guztiona dena, komuna dena, transnazionalak ustiatzen ari direla frogatzean. Desagertzen ari den hori guztia ez da ageri inongo kontabilitatean, ez bederen ekonomialari ortodoxoen kalkuluetan.

Eta nola azaldu planteamendu dekolonialetatik eta beste teoria batzuetatik egiten ari den ekarpena estatuen eta haien burgesien arteko menpeko harremanak ulertzeko? Nola laburbildu herrien eta nazioen zapalkuntza ekonomiko, politiko eta kulturalak ulertzeko azken hamarkada luzeetan egin diren hausnarketak? Luze joko luke denak aipatzeak; izan ere, oparoa baita sistema kapitalistaren oinarriak deseraikitzeko sektore anitzetatik egiten ari den lana.

Marxek ezinbesteko ekarpena egin zuen sistema kapitalista interpretatu eta bestelako jendarte eredua eraiki nahi dugunontzat. Zorionez, kolore anitzetakoak dira jada ezkerreko gizon eta emakumeak munduari so egiteko eta eraldatzeko ditugun betaurrekoak. Izan ere, mundua interpretatzea bezain garrantzitsua baita, haren barnean izaten diren zapalkuntzei aurre egitea, hots, praktikaren bitartez sistema kapitalista basatia, egunez egun, borrokatzea. Norberak bere herrian eta kontraesanak kontraesan, bestelako mundua eta jendarte eredua eguneroko praktikaren bitartez eraikitzea behar du izan gure xede nagusia. Hori da Marxi egin dakiokeen omenaldirik hoberena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.