Guztiok ezagutzen dugu zer-nolako zailtasunak dituzten Ameriketan garatzen ari diren proiektu alternatiboek, zeinetan subjektu eta agenda anitz elkar gurutzatzen diren azpikontinentea garaitu eta menperatzeko historiarekin apurtzeko helburuan. Batetik, XXI. mendea gobernu anti-neoliberalen eskutik heldu da herrialde batzuetara, izaera eraldatzaile desberdinekoak, baina pobreziak eta kanpo menpekotasunak baldintzatutako errealitateari herritarren gehiengoak emandako erantzuna direnak; bestetik, eta aldeko egoera baliatuta hain zuzen, mugimendu sozial ugariek agenda politiko burujabetzagileak martxan jartzeko beharra jarri dute mahai gainean, herrialdeek eta herritarrek historikoki pairatu izan dituzten logika kolonizatzaileak eta menpekotasunak behingoz gaindituko dituztenak.
Hala, hasiera batean aktore instituzional zein sozialak eskutik helduta aritu ziren arren, tentsioak sortu dira gobernu eta mugimenduen artean, gizarte mugimendu zahar eta berrien artean bezala: eraldaketa prozesuen bizkortasuna edo geldotasuna; gobernuek motzean jokatzeak emantzipazioak luzera jotzen duenean; gehiegizko garapenak edo bizitza onerako trantsizioa egiteko erabaki irmoa; menpekotasunaren oinarriak hemen eta orain gainditzeko beharra edo historiaren ikuspuntutik begiratuta hain laburra den denbora tartean egiteko ezintasuna. Hauek dira, hain zuzen ere, Latinoamerikako errealitatea aberastu eta zaildu egiten duten eztabaidak. Egoera hauekiko apustuak ez dira batere errazak, ez dira kategorikoak, eta horietan sakontzea ezkerraren erronka handienetako bat da; Europako ezkerraren baitan ere.
Ukaezina da, alabaina, mende berriarekin batera abiatu diren prozesu hauek guztiek pitzadurak eragin dituztela, indarrak metatzeko guneak ahalbidetu dituztela, borrokak artikulatzeko guneak herritarren gehiengo zabalen eskutik. Eta inork ezin du bere burua horren jabe izendatu, mugimenduen zein gobernuen ekintzaren emaitza izan baita. Eskumak ongi daki hori, eta horregatik ilusioz beteriko etapa berri honekin kosta ahala kosta bukatu nahi du. Hala, oligarken eta haien menpeko komunikabideen erasoek gobernuak zein borroka sozialak zikintzea dute helburu, eskualdea desorekatu eta azpikontinentean aurretik zuten erabateko kontrola berreskuratzeko. Horretarako, edozertarako prest daude, estatu kolpeak emateko ere.
Gako horien ikuspegitik ulertu behar dira 2002ko Venezuelako estatu kolpea, eta 2006an Mexikon emandakoa —hauteskundeetan iruzurra eginda—. Baina halaxe ere ulertu beharra dago Hondurasen (2009) eta Ekuadorren (2010) gertatutako 2.0 kolpeak, non estatu kolpe eredu berriekin entseguak egin izan dituzten, nazioarteak eta herritarrek beraiek kolpeak direnik ere pentsa ez dezaten. Hala, estatu kolpe militar gordinaren aurrean, bide berriak aurkezten dira, poliziak eragindako ezegonkortasun sozialetik hasita legezko baliabideekin, konstituzionalak barne, iruzurra egiteraino.
2.0 kolpe sorta berria oso errotuta dago Amerikan. Joan den astean, Paraguaiko presidentea bere kargutik kendu zuten epaiketa politiko baten ostean, jardunerako ezintasuna agerian utzi duen agintaria kargua lagatzera behartzeko konstituzioak dakarren legean oinarrituz. Alde horretatik, testuinguru legala eman nahi izan zioten zilegitasunik eta demokraziarik gabeko ekintzari, zeinetan herritarrek emandako babesa zuen presidentea paretik kendu zuten epaiketa sumario baten bitartez, bere defentsarako bi orduko tartea besterik eman gabe, behar bezala prestatzeko inolako modurik gabe, akusazioa hain larria izan arren. Kolpearen azken helburua: kontinenteko oligarkiarik atzerakoienetako batek azken urteotan garatzen hasiak ziren eraldaketa lotsatiak geldiaraztea, eta ezkerrak 2013ko lehendakaritza hauteskundeetara indartsu azaltzea ekiditea.
Bestalde, munduko hedabide guztiek zabaldu zituzten Boliviako poliziaren grebak —herrialde ugarietan legez kanpokoa dena- eragindako istiluak, herrialdea ezegonkortzeko saio berrien aurrerapena izan daitezkeenak—.Azkenik, ikusteke dago datorren igandean Mexikoko hauteskundeetan zer gertatzen den. Ikasle mugimenduak indar handia hartu du PRI boterea berreskuratuko duen beldur, eskumaren eta komunikazio talde handien babes osoa duelako.
Oso adi egon beharko da errealitate berri horien aurrean, eta Ameriketan demokraziaren aurka egin daitezkeen erasoak eta gehiegikeriak irmo salatzen. Gobernu batzuen inguruan izan daitekeen iritzitik haratago, gauza bat izan behar dugu argi: ezin dugu onartu azken hamarkadan lortutakoan atzera egitea, eta horretarako indarrak batzea ezinbestekoa dugu, elkartasun internazionalistaren ikuspegitik batetik, baina baita eskualde honetan bizi garen eta guztioi kalte egiten digun zibilizazio krisia gainditzeko bestelako eredua irudikatzen lagungarri izango dugulako, inspirazio iturri izan dezakegulako. Gure bideak gurutzatu egiten dira, haien demokrazia gurea ere bada.
2.0 estatu kolpeak Ameriketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu