Joan den ekainaren 19an, Kongresuan, EH Bilduk aurkeztutako interpelazio bat eztabaidatu zen. Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroari galdetu zioten «zein diren gobernuak hartu beharreko neurriak 1978ko sanferminetan jazotako gertaerak argitzeko». Bel Pozueta diputatuak, bere esku-hartzean, azaldu zuen ezen, «inoiz, ezta gobernu espainiar batek ere, ez duela sanfermin haietan gertatutakoa ikertu, argitu edo aitortu nahi izan; ezta German (gertaera haietan Poliziak hil zuen gaztea) eta bere ahaideendako egia, justizia eta ordaina bilatu nahi ere». Gehitu zuen «badela tenorea inpunitatea deuseztatu eta egia argitzeko pausoak emateko». Horren aitzinean, ministroaren erantzunak, gure irudiko, hitz politak, isiltasun franko, autolaudorio ugari eta eguzkiari aupada aunitz izan zituen, ez bertzerik.
Eztabaida gertaera haiek jazo eta 46 urte pasatu ondoren izan zen, gobernu sozialisten 27 urte iragan ondoren, Pedro Sanchezek karguan emandako seiak barne. Beharrezkoa zitekeen, hortaz, ministroak aurrekoa aitortu eta gibelatze justifikaezin horrengatik barkamena eskatzetik hastea.
Orobat, faltan bota genuen gobernuak, estatuko ordezkaria den aldetik, basakeria polizial hartan izandako erantzukizun zuzena eta nagusia bere gain hartzea: bi lagun hildako, balaz zauritutako 11, 300 artaturik osasun zentroetan eta hiri bat suntsiturik. Zer froga gehiago behar dira estatuak eraso justifikaezin haren biktima guztiei barkamena eskatzeko? Ez ote da aski jakitearekin irrati polizialetik goi mailako agintari batek tropari harenga egin ziola «tiro egin zuen indar guztiekin, ez izan hiltzeko inolako ardurarik» aginduta?
Sanfermin haietan gauzatutako eskubideen urraketa aitortzeko bide gisa Memoria Demokratikoaren Kontseilua planteatu zuen, existitzen ez den organoa izanik ere, laster sortuko dutela baieztatu baitzuen. Bertan, Memoria Demokratikoaren Legeko 57. artikuluak aipatzen duenari jarraikiz, «lantalde bat sortzen ahalko da, Gerra eta Diktaduran gauzatutako giza eskubideen aurkako urraketez dagoen informazioa sistematizatzeko txosten bat eginen duena eta, orobat, ikerketa plan ordenatu bat proposatu eta eremu horretan jarduteko metodologiak eta protokoloak sustatuko dituena».
Laburbildurik, proposaturiko aterabidea oraindik existitzen ez den Kontseilu batetik pasatzen da, bertan batzorde bat sortzen «ahalko» delarik, eta horrek, horretarako, jarduteko plan bat proposatzen «ahalko» duelarik. Sobera «ahalko» estatuak, 46 urtez, bizkar emandako gertaera eta biktimendako.
Ministroaren hitzek sakon-sakonean nahigabetu gaituzte. Ez bakarrik eduki hutsalengatik, baizik eta bere gobernua (Barne Ministerioa, Defentsa Ministerioa, gobernuak Nafarroan duen ordezkaritza...) izan delako, egin ditugun eskaera aunitzen aitzinean, behin eta berriz baieztatu duena bere artxiboetan ez dagoela inolako dokumenturik gertaera haiei buruz. Horrela ukatu egiten du, lotsagorritu gabe, ministerioetako artxiboetan orain izatea gobernari zibilak, Iruñeko polizia komisarioak, ministerioko haren nagusiak eta polizia ikuskaritzak orduan egin zituzten txostenak. Bada, legeari jarraikiz, txosten horiek derrigorrez egin behar izan baziren eta orain existitzen ez badira, nork lapurtu ditu, edo suntsitu edo ezkutatu?
Joan den ekainaren 13an, Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen 78ko Sanferminak Gogoan-en mozio bat (aldeko 30 boto, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Elkarrekin-Ahal dugu; hamabost abstentzio, UPN; kontrako bost boto, PP eta Vox) German Rodriguezen ahaideek, sanferminetako peñek, balaz zuritutako zenbait lagunek eta gure elkarteak aurkeztutako azken kereila sostengatuz. Erailketa poliziala frankismoaren krimenetan sartzen zen, horiek gizateriaren aurkako krimentzat jo baitira. Zergatik ez du mozio hori gogoan hartu ministroak, ez da gauza zehatzei buruz mintzatzen hasten eta eguzkiari aupadak egiteari uzten?
Hiru egun beranduago, ekainaren 16an, AZGMk (Iruñeko Alde Zaharreko Gazte Mugimendua) antolaturik, ibilaldi jendetsua gauzatu zen auzoko zenbait tokitan barna, German Rodriguezen militantzia sozial eta politikoaren lekuko izan eta basakeria polizial haren testigu izan zirenetan ere: zezen plaza, haren oroimenez eraikitako hilarria, Peñen Batzorde Ikertzailearen egoitza...
Ibilaldian azpimarratu zen urte hauetan guztietan eraikitako memoria kolektiboaren aldeko borrokan segitzeko beharra, biktimez gain biktimagileez ere mintzo den egia aldarrikatuz eta errepresioa jasan zutenen funtsezko ekarpenaren garrantzia nabarmenduz. Orain arte ukatua izan den justizia eskubidea galdatu zen, bai eta modu formal eta administratiboaz gaindi joan beharreko ordain integralerako eskubidea ere. Gogoan hartu, ministro jauna: bada belaunaldi berri bat eskakizun horiekin bat egiten duena eta Germanek zituen askatasunaren, elkartasunaren eta justizia sozialaren idealen aldeko borrokan segitzeko prest dagoena.
Heldu den uztailaren 8an gure ohiko elkarretaratzea eginen dugu, 13:00etan, Germanen hilarri ondoan. Herritar guztiak gonbidatzen zaituztegu. Arratsaldean, zezenketa ondoren, Iruñeko peñekin bat eginen dugu toki horretarainoko ibilaldian.
Bitartean, ministroari eta gobernuari galdatzen diegu aurrekoaz hausnartu eta, behin betikoz, estatuak eraso basati hartan izan zuen erantzukizun nagusi eta zuzena aitor dezaten. Ez ibili luzamendutan eta, behingoz, deuseztatu 46 urte dirauen inpunitatea, herritarrek eremu sozial, judizial eta politiko guztietan beren memoria kolektiboa errekonozitua ikusteko duten eskubidea bermatuz, demokrazia eta askatasunaren benetako parametroetan garatu nahi den jendartearen berme gisara.