1978ko sanferminak, 35 urte borrokan

2013ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Heldu den astelehenean, uztailaren 8an, hogeita hamabost urte izanen dira gertaera haiek jazo zirenetik: polizia zezen plazan sartu zen, eta, inolako bereizkuntzarik gabe oldartu, eta hamaika zauritu eragin zituen; ondoren, Germán Rodriguez gaztea erail zuten Orreagako etorbidean, eta, egun batzuk geroago, Joseba Barandiaran hil zuten Donostian. Bestak hautsirik eta hiria sakon zauriturik; zauria oraindik ez da itxi, eta gaitzidura dario, baita egia, justizia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak izateko eskaera ere.

Urte hauetan ikusi dugu gero eta pertsona eta erakunde gehiago gehitzen ari direla frankismoak eta gaizki deituriko «trantsizioak» sorrarazi zuten izugarrizko justiziarik eza desmuntatzeko ahalegin kolektiboan. Eta ez dute egiten nostalgiagatik, borroka eta mobilizaziorako elementu gisa baizik.

Gure egia kontatzeko, gure historia islatzeko ahalegina presente dago gaur egun, etxe-kaleratzeen aurka, murrizketa sozialen aurka, emakumeek jasaten dituzten erasoen aurka, gazteriaren etorkizunik ezaren aurka egiten diren borroketan. Erailketa haien errudunak zigortzearen alde eta haien zigorgabetasunaren aurka eginez laguntzen ari gara gaurko erasoak hobeki ulertzen eta jasaten dugun egoera bidegabea aldatzen.

Hogeita hamabosgarren urtemuga honetan Argentinako epaitegi batek ireki du auzi prozesu bat, 4591/10 kereila, frankismoaren erregimenak gauzatutako genozidio eta gizateriaren aurkako delituengatik egindako salaketei babesa eman nahi diena.

Justizia unibertsalaren printzipioak aplikatzea da, edozein lurraldetako justizia epaitegiek, nazioarteko komunitatearen izenean, larritasun handiko delituen gainean jurisdikzioa erabiltzeko duten eskubidea aitortzen baitu. Haien izaeragatik preskribaezin eta amnistiatu ezintzat jotzen diren delituak dira. Eta, gure ustez, 1978ko uztailean egindakoak horien artean daude.

Horregatik, auzitegi horren aitzinean bere salaketa aurkeztu duten ehunka lagunen artean 1978ko gertaeretan zauritutako batzuk ere badaude; Sanfermines 78 Gogoan! elkartea bera ere aurkeztu da salatzaile gisa, errudunen zigorgabetasuna buka dadila eta epaituak izan daitezela eskatuz. Elkarte honetako partaide garenontzat, beste urrats bat da gure memoria berreskuratze prozesuan, gure irudiko ahalegin hori uko egin ezinezko manu etikoa baita. Errugabeko biktimen inguruan argia emateko eta gure herriari galdutako duintasuna itzultzeko bidean aurrera egitea da.

Bestalde, sentitzen dugun ezintasuna hausteko modu bat da, urte hauetan guztietan izandako zigorgabetasuna dela-eta sentitu duguna, oinarri demokratikoen ustelkeria eta abdikazioaren beste era baita; orobat, Estatu espainiarraren justizia auzitegiek lotsagabeki deus ez egiteko eratu duten horma hausteko modu bat da. Giza eskubideen diskurtsotik justizia galdatzen laguntzeko aukera, ez-memoria, utzikeria eta zigorgabetasun egoera akitzeko.

Ez dakigu noraino irits daitekeen Argentinako auzitegia, baina eskaintzen digun zirrikitua aprobetxatu behar dugu, munduari hemen gertatutakoaren berri emateko eta, batez ere, jendeak ezagut dezan errudunak nola babestu dituzten. Horregatik, Argentinan irekitako auziak protagonismo berezia izanen du Iruñean astelehenean, uztailaren 8an, eginen dugun ekitaldian.

Orobat, aurten irudi du Nafarroako Parlamentuak, agian, Memoria historikoari buruzko foru lege bat onetsiko duela.

Gure ahalegin guztiak egin behar ditugu lege hori urratsa izan dadin orain arteko zigortu, espetxeratu, erail, desagertu, torturatuen eskubideak minimizatu dituzten erakunde horien isiltasuna desagerrarazteko. Zigorgabetasunaren eredu espainiarren zurkaitza bilakatu ez dadin, amaiera emateko 1977ko legeak, amnistiari buruzkoa deitutakoaren bidez ezarritakoarena, alegia, horrek galarazi baitu justizia aplikatzea eta biktimek duten ordainaren eskubidea ukatu baitu.

Lege horrek trantsizio deitutakoaren biktima guztiak hartu beharko lituzke, besteak beste, 1978ko uztailekoak eta erakundeen aldetik inolako aitorpen edo babesik aurkitu ez duten beste horrenbeste biktimak ere.

Horretarako, ezinbestekoa da Nafarroan memoriaren alde egiten duten erakunde guztien parte-hartzea hasiera-hasieratik, bere ekarpenak aintzat hartu eta onesten den testuan sartzea.

Bitartean, urtero bezala, uztailaren 8an, Germanen hilerrira joanen gara, jo eta ke jarraitzeko adore berriekin, zeren Gabriel Celaya poetaren parafrasea eginez, memoria, poesia bezala, etorkizun handiko arma baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.