Idazlea

(1978 – 2024)

2024ko urriaren 1a
05:00
Entzun

Udak egin ditu bere urratsak eta jai giroa ahultzen doa. Orain, atzean utzitako beharrak ditugu aurrez aurre, eta beste behin, euskal gizarteari arrazoi zuzenak eskaini behar zaizkio.

Itxuraz, hasierako lehen hartu-emanak giro politikoari bideak leundu nahian dabiltza, baina —beti daude salbuespenak—, agian, Ortuzar jaunari eskerrak eman beharko litzaizkioke protagonista izateko egiten dituen ahaleginengatik.

Ortuzar jauna aldakortasun diplomatikoaren adibide garbia baita, eta —dirudienez— bere kantore solista egunak amaitzera doazenean, azken agur dotorea ongi irabazia duela uste dut.

Hamar urte luze joanak dira geroztik, eguraldi ederra genuen, haize freskoa, dotorea. Eguberriak hurbil zeudenez hiriburuak karrikak ongi apainduak eskaintzen zituen, 2013ko azken hilabetea zen.

Gasteizko Legebiltzarrean, kafea eta egunkari pare bat mahai gainean, lasai nire lagunaren zain. Ahotsen zurrumurru batek nire lasaitasuna eten zuen. Bertan zegoen kazetari-taldea bizkor ibili zen, kafetegiko isiltasuna alde batera utzita.

Berehala jakin nuen zergatik mugitu ziren. Korridoreetan zeuden, beti berriak dituen gizon bati entzuten, oratoria dotorearen jabe, EAJko lehendakari Andoni Ortuzar jaunaz ari naiz.

Egia esan, ez dakit zer esan ahal zuen ni iritsi arte, baina argi entzun nion honako hau: «Iritsi da Gernikako Estatutua erreformatzeko eta Euskadik Espainian duen ahokadura eguneratzeko unea. Herri-kontsulta 2015-16 ikasturtean izan liteke. Garrantzitsuena egitea da».

Hemerotekak ez duela barkatzen denok dakigu, horregatik gaur berriro irakurtzean esan daiteke ez direla hitz makalak EAJren lehendakari Andoni Ortuzar jaunak 2013. urtean Gasteizko Legebiltzarrean esandakoak.

Eta ez dira batere makalak, batez ere, kontuan hartzen baditugu duela egun gutxi Andoni Ortuzar berak esandakoak: «Hitzetik ekintzetara pasatzeko ordua dela uste du EAJk, Euskadirentzat autogobernu estatus berri bat zehazteko».

Hori entzunda, zerbait azpimarratu beharko banu, EAJren koherentzia eza nabarmenduko nuke.

Baina horrelako jarrerak ez datoz nolanahi, baditu bere arrazoi potoloak, sendoak. Nor ez litzateke kikilduko etorkizunari begira, azken urteetan EAJk daraman sufrikarioekin?

EAJ baita, era guztietako hauteskundeetan, 55 aldiz irabazi duen alderdi politiko bakarra, eta alarma guztiak piztu zitzaizkion 200.000 bototik behera erortzean historian lehen aldiz. Ez ote da koldartu, kikiltzeko arrazoi nahikoa?

Berri txarrak beti daude, egia da, baina hortaz aparte, ukaezina da Euskadi eta Nafarroako gaur egungo egoera politikoari begiratu lasai batek berrikuntzak eskaintzen dizkigula. Besteak beste, Ganbera Legegileak osatzen dituzten taldeen arteko uniformetasun nabaria.

Beste behin ere, praxia eta aditzaren arteko tartea nabarmenduz. Baztertu gabe, Legebiltzarreko egunerokoan, jarrera dialektikoa —UPNko buruzagiak salbuespen— nabarmen zibilizatu dela.

Nolanahi ere, eta hautematen dena atsegina ez bada ere, gauden tokian gaude eta nahi edo ez, denok gara parte. Errealitate horretaz jabetuta, denboraren joanean bezala, ikasi dugu praktika politikoan —tarteka— harreman afektiboak ordezkatzen duela sen ona, eta hori kaltegarriaz gain, arriskutsua izan daiteke. Horrek sentimental liluragarri bati ematen baitio bidea, eta horrek egoera delikatua eta arriskutsua dakar, beti.

Nik beste askok bezala, zangoak helburutik ez hain urrun jarri ditugula badakit, baina eginiko okerrak —guri ere— bidea aldarazi digute. Gaur derrigorrez onargarria da proiektu independentista batek sedimentazio handiagoa behar izatea, gizartearen gehiengoak metabolizatzeko.

Hori guztia egia izanik —ez baita gezurra—, egun estatuaren boterearen eta haren erakundeen mende egoteak, ezinbestez dakar Madrilek arautzea autonomiaren benetako irismena eta edukia. Beraz, gaur egun transferentzia ospetsuak kontzesio gisa erabiltzen dira, PSOEren gobernua La Moncloan mantentzearen truke.

Horrela gertatzen da estatuak nolabaiteko autonomia maila eskaintzen duenean erakunde nazionalistak eskatzen duena baretzeko, edo multzo honetako beste talderen batek neurri apalagoko lurralde eskaera egiten duenean.

Beraz, bi maila horietako helburuak bat ez datozenean, bien arteko lotura eraiki behar da, beharrezkoa izango den sostengua lortzeko. Gaur egun ez da horrela, baina horrela izango da, naiz Urkullu jaunak —bere garaian— aurkakoa esan.

Urkullurekin jarraituz, ezin da ukatu hamabi urtez lehendakari izandakoa dela, duela egun gutxi arte. Beraz, ez da estralurtar bat, auskalo nondik etorria. Ortuzarren lankidetzarekin EAJ zuzendu du hamarkadetan.

Aipatutako bizkaitar bikoteari nire galderak: Zubietako erraustegia eraiki zutenak nor dira? Zaldibarren gorde ezin izan diren astakeriak babestu zituztenak nor dira? Europak txalotutako hondakinen kudeaketa jasangarriaren bidean emandako aurrerapausoak ezerezean baztertu zituztenak nor dira? AHTren obrak azkartzea eta energia berriztagarrientzako azpiegitura erraldoiak eraikitzea erabaki zutenak nor dira? Basoak suntsitzen dituzten ekimen basatiak larrialdi klimatikoari aurre egiteko tresna egokiak dira?

Urkulluren gobernukide zirenei askotan entzun diegu: «Ez dago beste bide zuzenik», baina egunerokotasunak hain harro esandakoak gezurtatzen zituenean, gorde egin dira, behien eta berriro.

Gehiago luzatu gabe, Lakuatik orain arte eskaini duzuen lankidetza oso ezaguna da, hau: «Ez bazaude gurekin ados, jakin ezazu zu gabe aurrera aterako dugula».

Imanol Pradales lehendakari jauna, euskal gizartea zure praxiaren zain daukazu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.