Abokatua

1964: 25 bake urte. 2025: 50 urte  ‘Espainia askatasunean’

2025eko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun

Frankismoarendako urte garrantzizkoa izan zen 1964a. Erregimena nazioartean errekonoziturik eta autarkiako aurreko aroa abandonaturik, modernizazio ekonomiko eta sozialerako prozesu bat sustatzea behar-beharrezkoa zen. Horretan kokatu zuten XXV bake urte izeneko kanpaina, urte hartan diktadurak bultzaturik. «Altxamendu nazionala» eta «garaipena» ospatu baino (horretatik ere izan zen, eta aunitz), helburua zen frankismoaren erdiespenak agerian paratzea: bakea, azpigarapenetik atera izana... Kanpainaren egile nagusia Manuel Fraga Iribarne orduko Informazio eta Turismoko ministroa izan zen.

Kanpaina Te Deum batekin hasi zuten, Erorien Haranean. Ondoren sei urteko indultu orokorra eman zuten eta zigor-aurrekariak bertan behera utzi. Hartan, denetarik izan zen: propaganda, orduko kate bakarra zen TVEn, edozein film eman aurretik derrigorrezkoak ziren NODO aspergarriak, kanpainaren zabaltze ugaria prentsa eta irrati ofizialaren sare zabalean, erakusketak, esku-orriak eta zabalkunde handiko kartelak... eta, bukatzeko, Saenz de Herediaren Franco, ese hombre filma. To!

25 bake urte, zeinak finkatu baitziren fusilatu eta desagertutako milaka pertsonaren hilobietan, ehunka mila erbesteratu politiko eta emigrante ekonomikoren gainean, jendez betetako espetxeetan, kaskamotz utzitako eta bortxatutako emakumeengan, kontzentrazio esparruetan eta lan esklaboan. 1962an, Asturiasen, Bizkaian eta Gipuzkoan salbuespen egoera dekretatu zuen bake frankista, 1963an Ordena Publikoaren Auzitegia sortu zuena eta, urte hartan bertan, Julian Grimau buruzagi komunista hiltzera kondenatu eta exekutatu zuena.

71 urte iragan dira. 2025ean gaude. Espainiako historiaren gobernurik aurrerakoienak berriki iragarri du aurten ospatuko duela Espainia askatasunean izeneko kanpaina, Francoren heriotzaren 50. urtemugaren kari. Aurkezpenean, Pedro Sanchezek adierazi du «diktadura pobre eta isolatua izatetik munduko demokrazia osoenetariko bat izatera» iragan garela. Ekonomia moderno, ireki eta jasangarria, jendarte tolerante eta inklusiboa eta nazioarte mailako potentzia, multilateralismo eta bakearekin konprometitua. Bertze behin, Espainiak inbidia sortzen du munduan.

Kanpainak, sobera nekagarria izateko itxura du. Denetarik izanen da eta denendako: zinema zikloa Filmoteka espainiarrean, erakusketa ibiltariak estatu osoan, nazio lehiaketa DBH eta batxilergoko ikasleendako, aditu burukoiek gauzatutako solasaldiak, telesail dokumentalak TVEn, eztabaida instituzionalak, zenbait omenaldi (Buchenwald eta Mauthausengo kontzentrazio esparruak), memoria tokien errekonozimendua... Laburbildurik, ez da platerik geldituko garbitu gabe, bizi izandako askatasunaren eta demokraziaren aintza eta ohorerako. Baina, erranairuak dioenez, esadazu zer uste duzun eta esanen dizut zer karkaila duzun.

Franco 1975eko azaroan hil zen eta bi hilabete lehenago ETAko eta FRAPeko bortz militante fusilatu zituzten. Baina haren heriotzak ez zuen ekarri erailketak bukatzea. Aitzitik, bortz lagun fusilatzea gerraondotik ezagutzen ez bazen ere, Franco hil ondorengo urteetan, erailak zazpika kontatuko ziren: Gasteizko sarraski poliziala (1976ko martxoa), zazpi hildako; Madrilgo aste beltza (1977ko urtarrila), zazpi hildako; amnistiaren aldeko II. astea (1977ko maiatza), zazpi hildako. Aurrekoari gehitzen ahal dizkiogu Jurramendiko erailketak (1976ko maiatza), bi hildako, eta 1978ko sanferminak, bi hildako... Halere, zegoenekoz askatasunean bizi ginen.

Eta orduan Konstituzioa iritsi zen. Haren testuan, azkenean, karrikan pultsuan irabazitako askatasun demokratiko aunitz errekonozituak izan baziren ere, kontua da frankismoaren funtsezko hainbat zutabek zutik segitu zutela, hots, Monarkia, genozidaren oinordekoa eta hark aupatua; Polizia, Guardia Zibila, Armada eta Epailetza, hamarkadetan iraun zuen errepresioaren exekutatzaileak; Espainia bereizezin eta hautsezina; banku eta enpresako goi kargudunak, uztailaren 18ko kolpearen konplizeak; Gurutzada saindu hura bedeinkatu zuen Eliza, handik mila abantaila erdietsi zituena...

Bada, zer ikusteko dauka demokraziak erregeari estatuko buruzagitza ematearekin eta, edozein delitu gauzatu ere, ukiezin deklaratzearekin? Demokratikoa al da herriaren burujabetza beharrean Amada batasun espainiarraren bermatzailetzat deklaratzea? Eta zer erran inpunitate politikaz, Sekretu Ofizialen legean eta Amnistiaren legean babestutako jardun polizial kriminalekiko? Zer demokrazia mota da NBEko zenbait errelatorek eta Giza Eskubideetarako Europako Auzitegiak lege horiek erreformatzeko/baliogabetzeko egin dituzten errekerimenduak betetzeari uko egiten diona? Zergatik estatuburu bat, Juan Carlos II, alegia, edonon dela ere satrapa, zurrul eta ustel handia, zigorgabe gelditu da gauzatu dituen delitu guztiengatik? Zer dela eta, Euskal Herrian, azken hamarkadotan, ofizialki errekonozitutako 5.000tik goiti tortura kasuren ondoren, fiskal edo epaile bakar batek ere ez du inolako ikerketarik egin?

Otsailean, Iruñean, epaiketa bat izanen da talde kriminal bateko partaide izateaz akusatutako zazpi gazteren kontra. Haien delitua, desobedientzia zibileko zenbait ekintza gauzatzea (kanpaldia, eserialdiak, kontzentrazioak...) eraikuntza proiektu bateko obrak geldiarazteko. Izan ere, 228 luxuzko etxebizitza, hotel bat eta golf bat eraiki nahi dituzte Lekarozen, bertako herriak eta Baztango Udalak proiektua errefusatu duten arren. Osotara, 20 urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzen diete. Ezta Francoren garaietan ere horrelako ekintzak ez ziren modu horretan zigortzen. Baina 50 urte askatasunean kanpainak aipatzen dituen askatasuna eta demokrazia horrelakoak dira. Altsasuko gazteek ere aski dakite horri buruz, prozesu katalanekoek bezain bertze. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.