Duela 85 urte, egun bakarrean, berrehundik gora lagun erail zituzten Bilboko kartzeletan. Sarraskiaren neurria ez dago zehatz jakiterik, iturria zein den biktimak 224, 225 edo 226 izan baitziren, baina, nolanahi dela, hura izan zen 36ko gerrak gurean utzitako pasarterik beltzenetako bat. Beltzena, Errepublikaren aldekoen kasuan.
Zifrak gorabehera, oraindik ere badira bestelako hutsuneak urtarrileko lehen astelehen hartan jazotakoaren gainean. Izan ere, ondoz ondoko bi ekimenek areagotu egin zuten hilketen larritasuna. Batetik, agintariek eta komunikabideek berebiziko ahalegina egin zuten berriak ezkutatzeko, frankistek geroago Gernikako bonbardaketan egingo zuten antzera. Bestetik, inork ez zuen hartu ardurarik bere gain, eta erantzuleak atzemateko saiakera egin zenerako Bilbon sartu ziren Molaren tropak. Horrela galdu zen gure historiako orban tragiko hura argitzeko aukera, behintzat oinarrizko kronologia berregiterik badugun arren.
Egun dakigunetik abiatuta, gutxi-asko, honakoa izan zen gertaeren hurrenkera:
15:15ean, 22 hegazkinek osatutako eskuadroia agertu zen itsasadarreko zeruan, eta inguruak bonbardatzeari ekin zion. Ez zen lehen aldia kolpisten abiazioak eskualdea erasotzen zuena, ezta dozena erdi bat hildako eragiten zituena ere. Astelehen hartan, haatik, izan zen berritasunik, Junker bat eraistea lortu baitzuten hiriko defendatzaileek. Sei soldadu gaztek osatzen zuten amildu zen hegazkineko tripulazioa: haietako lau hil egin ziren aparatuak Arraiz mendixkaren kontra talka egitean, eta beste biek garaiz lortu zuten paraxutetan jauzi egitea.
Zorionekoa izan zen Karl Gustav Schmidt, 21 urteko telegrafista, preso eraman baitzuten Enekuri aldean lur hartu zuenean. 24 urteko Adolf Herrmann, berriz, Iralako bizilagunek harrapatu eta akabatu zuten, Urizar dorretxearen inguruetan erori bezain pronto. Artean amorru bizian, dozenaka gizon-emakumek hegazkinlariaren gorpua hartu eta manifestazioa abiatu zuten hiriaren erdigunerantz.
16:00etan, Gobernazio Ministerioaren egoitzara iritsi ziren protestariak, egun Sociedad Bilbaina dagoen eraikinera. Telesforo Monzon sailburua saiatu zen asaldatutako hiritarrak lasaitzen, baina alferrikakoa izan zen haren ahalegina. Mendeku gosea zuen herriak. Norbaitek ordaindu behar zuen alemaniarren bonbardaketek eragindako sumina, eta, besterik ezinean, Bilbon gatibu zeuden eskuindarrak jarri zituzten jomugan.
17:00etan, Zabalbide kalean gora, ehunka bilbotar probintziako espetxe nagusira heldu ziren. Kalkuluen arabera, 4.000 ziren manifestariak eta haiei hainbat miliziano armatu batu zitzaizkien. Jende oldeak bultzatuta, Larrinaga kartzelako zaindariek ateak ireki zizkieten erasotzaileei, eta orduan hasi zen odol-festa: nazionalen aldekoak identifikatu, bosnaka multzokatu, patiora atera eta hinki-hankarik gabe fusilatzen zituzten. Kirmen Uribek kontatzen du pasadizoa, Bilbao-New York-Bilbao liburuan: «Ehunka lagun hil ziren arratsalde hartan. Larrinagako kartzelan preso zeudenetako bat zen aitona Liborio. Hildakoen gorputzak bere gainera bota eta ezkutatu egin zen. Halaxe libratu zen heriotzatik».
18:15ean, inguruko presondegietara hedatu ziren fusilamenduak. Angeles Custodiosen izan zen erailketa gehien, bertan zeuden 190 presoetatik 108 garbitu zituzten. Galeran 54 izan ziren hildakoak eta Karmelon 7. Azken hartan, giltzapean zeudenek izan zuten jarrerak saihestu zuen biktima gehiago izatea. Larrinagan gertatutakoaz enteraturik, eskura zituzten altzari bakanak erabili zituzten barrikadak eraikitzeko eta oldarrari aurre egiteko.
20:30ean amaitu zen sarraskia, Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkari espetxeetan agertu zirenean. Telesforo Monzonek, Juan Astigarrabia komunistak eta Juan Gracia sozialistak bertatik bertara ikusi zuten gertatutakoa eta, hain zen tamalgarria hango ikuskizuna, ezen hiru sailburuetan azkena zorabiatu egin omen zen.
Honaino zorigaitzeko egun hartako kronika. Kontatutakoak ez du esan nahi frankistek eta errepublikazaleek egindakoak parekatzekoak direnik. Ez, bi bandoen jarduna ez zen inondik inora konparagarria izan. Batzuen kasuan errepresioa sistematikoa izan zen eta besteenean ordenari eusteko gaitasunik ezaren ondorio. Arratsalde hartan bertan, agintariek Asturias konpainia bidali zuten oldarraldia gelditzera, baina, soldaduek, misioa bete beharrean, erasotzaileekin bat egin zuten.
Izan zen alde esanguratsuagorik protagonisten artean. Berandu izan bazen ere, Eusko Jaurlaritza ahalegindu zen gertaerak argitzen eta ikerketa judiziala abiatu zuen. Prozesu haren baitan identifikatu zituzten, erasoan parte hartu zutelakoan, CNTren Malatesta eta JSUren Castilla batailoietako buru bana. Ez dugu jakiterik zein izango zen peskizen emaitza, epaia eman baino lehen hartu baitzuen hiria Molaren armadak.
Agirre lehendakariak 1956an itxi zuen urtarrilaren 4ko hilketen zauria, Parisen, «gu gara errudunak» aitortu zuenean. Haren bidetik, egungo belaunaldiei komeni zaigu iragana desmitifikatzea eta aitortzea errepublikazaleek ere triskantza handiak egin zituztela gudan. Bilbokoa izan zen larriena, baina lehenago antzekoak jazo ziren Ondarretako espetxean edo, itsasadarrean bertan, Altuna Mendi eta Cabo Quilates kartzela-ontzietan.
Esapideak dio gerrak guztion alderik makurrena azaleratzen duela. Etxe guztietan laratza beltz: 1937ko bilbotarrak ez ziren gizatxarkeriaren salbuespena izan.
1937ko urtarrilaren 4a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu