1936: Gipuzkoa erresistentea

Julia Monge
2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
1936ko uztailean kolpista faxistek Nafarroa eta Araba altxamendu militarraren lehen egunetan menperatu zituzten moduan espero zuten Bizkaia eta Gipuzkoa menderatzea, baina ezin izan zuten.

Uztailaren 19an bertan Greba Orokorra aldarrikatu zen Gipuzkoan eta Bizkaian, herrialde biak geldiaraziz.Gipuzkoako herrietan Defentsa Komiteak antolatu ziren berehala, udaletxeen ordezkari gisa, erakunde politiko eta sindikalen partaidetzarekin. Lehendabiziko bete beharra armatzea izan zen. Lantegi, arma-denda, baserri edo etxeetako arma guztiak konfiskatuak izan ziren. Militar matxinatuen aurkako erresistentziaren lehen egun hauetan dinamita eta molotov koktelak ere erabili ziren.

CNTko, UGTko eta ELAko sindikalistak eta Alderdi Sozialista, Alderdi Komunista, Gaztedi Sozialista Batuak, Ezker Errepublikarra, Batasun Errepublikarra, Euskal Ezker Federala, Eusko Abertzale Ekintza eta oro har donostiar gaztedia antolatzaile izan ziren. Uztailaren 19an, Madrilgo Gorteetan EAJko Irujo eta Lasarte diputatuak, beren kabuz, deia egin zioten irratiz, Donostiako biztanleriari Errepublika defenda zezan.

Milaka langile miliziano boluntario bilakatu ziren, nahiz eta bere esperientzia militarra 1934ko urriko altxamenduarena baino ez izan. Esan beharra dago Errepublikaren aldeko militar batzuen laguntza ere izan zutela, hala nola Perez Garmendia Komandantearena, «Carabinero»-en hainbat sektorearena, «Guardias de Asalto»-koarena, Mikeletearena eta Guardia Zibilaren agintari eta banako batzuena.

Uztailaren 19tik 28ra ezkerreko indar hauek baino ez ziren mobilizatu militar kolpisten aurka. Aginpidea bere esku zegoen.

Uztailaren 19tik 20ra zalantzak zituzten Donostiako militar matxinatuek, eta 21ean, miliziano talde bat Gasteizerantz abiatu zenean, militar kolpista hauek, irratiz, Gerra Agiria plazaratu zuten, kuarteletatik hiriko ateetarainoko ibilbidea hasiaz.

Uztailaren 22an, goizaldean, militar talde bi ibaiaren alde bietatik abiatu ziren, eta Urbieta kaletik zihoanari CNTko militanteak aurre egin zioten Larramendi kalean geldiaraziaz, Amaran. Defendatzaileen egoera larritzen hasia zenean, Landan itzultzea erabaki zuen beste miliziano talde bat —Arrasatetik, Eibartik eta beste gipuzkoako eta bizkaitako herri batzuetatik etorritako pertsona armatuen lagunduta—, agertu zen. Egoera horrek, militar faxisten atzeraldia eragin zuen eta Kasinoan, Maria Cristina Hotelean,La Equitativn eta Komandantzia Militarrean babestera behartu zituen. Uztailaren 23an, toki horiek guztiakmilizianoek hartuko zituzten bere esku. Hortik aurrera, Loiolako kuartelak hesituko zituzten.

Kolpistak —ordurako, Perez Garmendia komandantea erailaz, Oiartzun hartua zutenak— Errenteriarantz egiten ari ziren aurrerakada bertan behera geratzea eragin zuen ekintza horrek. Hesitzeak militarren adorea ahuldu zuen ere, eta uztailaren 28an, goizean, «Artillería Pesada Nº3» eta «Batallón de Ingenieros Nº6» erregimentuak milizianoei errenditu zitzaien bere armamentu guztiarekin.

Uztailaren 29an Gipuzkoako Mendigoizale Batzak Frente Popular egunkarian bere jarraitzaileei engaiatzeko eskatu zien. Egun batzuetara, hedabide berdinean, EAJren babesarekin Eusko Miliziak eratzen hasiak zirela iragarriko zuten.

Loiolako kuartelen armei esker lortu zen Irungo frentearen erresistentzia sendotzea, irailaren 5era arte. Egun batzuk geroago, irailaren 12an, hiria lagatzeko agindua luzatu zuen Defentsa Elkargoak, inguratuak izan baino lehenago eta munizioaren urritasuna ikusiaz. 13an, inolako erresistentziarik gabe, matxinatu faxistak sartu ziren Donostian.

Behin Donostia kolpisten esku, hiria uzterik izan ez zutenen arteko 393 pertsona izan ziren berehala fusilatuak. Frankistek eraildako donostiar gehienak Oiartzun, Hernani eta Berako kanposantuetan izan ziren fusilatuak; baita Ondarretako kartzelan edo Ulia mendatearen magaletan; Bidebietako Tiro Zelaietan (egun Allende Parkea), Aieteko inguruetan, edo burdinazko zubian ere.

77 urte iragan dira erailketa eta basakeria haiek izan zirenetik, eta justizia ez da oraindik agertu. Ez beraientzat, ezta milaka eta milaka emakumeentzat, errepresio bortitza jasan arren, herriaren bizitza eratuaz, egoera larrietan borrokatzen jarraitzea jakin zutenentzat ere.

Horregatik deritzogu ozen aldarrikatu behar dugula: «Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez!!». Ezin baitugu onartu inbasio militar frankista haren erantzuleek eta bere egungo oinordekoek egin zituzten krimen eta zitalkeria guztiez erantzukizunik gabe geratzea. Hori da, izan ere, arrazoirik nagusiena Argentinan irekita dagoen 4591/10 Kereilari gure babes guztia ematea, genozidio eta gizateriaren aurka frankismoak eragin zituen krimen guztiak argitzeko eta eragileak epaitzeko Maria Servini de Cubria epaileak daramanari.

Honegatik guztiagatik, irailaren 15ean, Donostiako Bulebarrean, 12:00etan ekitaldi publiko bat egingo dugu; gero, manifestazioan denok Amarako Easo enparantzaraino joango gara miliziano eta gudari haien guztien duintasuna aldarrikatzeko eta Euskal Herriaren askatasun egarria berresteko.

Artikulu hau ondorengo hauek sinatu dute:Félix Soto, Josu Ibargutxi, Eduardo González, Joxe Angel Ulazia, José Mariadel Palacio eta Xabier Erauskin. (Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.