18/98+... eta gehiago

2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Hurrengo egunetan kartzelatik aterako dira 18/98ko sumariotik gatibu zeuden azkeneko presoak: Txema Matanzas eta Josean Etxeberria. Haien askatasunarekin duela hogei urte hasitako ziklo bat amaituko da. Nahiz eta bukaera hori borobila ez den izango, harik eta Nekane Txapartegi Euskal Herrian gurekin egon arte. Erraz esaten da, hogei urte. Uste dugu merezi duela gogoratzea zer suposatu zuen 18/98ak, batez ere, ezagutu ez zuten gazte belaunaldientzat.

18/98ko sumarioa testuinguru zehatz batean eman zen. Lizarra-Garazi Hitzarmenaren garaiak ziren, herri bezala jarduteko itxaropena zabaltzen ari zen unea. Hor kokatu behar da Euskal Herriaren eraikuntza lanetan ziharduten antolakundeen kontra abiatu zen erasoa. Orduko «dena ETA da» filosofia G. Orwellen neolengua berrian «matxinada eta sedizio» delitu bihurtu dute. Gure jarduna publikoa eta ezaguna zen Euskal Herrian. Eta, hala ere, Estatuak tribunalak, kartzela, torturak eta deserria erabili zituen zilegi zen ildo politikoa neutralizatzeko. Ezker abertzalearen esparru soziopolitikoa zigortzea zuten helburu, baina Estatuaren estrategia harago ailegatu zen. Herri baten dinamika epaitu nahi zuten. Auzipetutako gizon eta emakumeak ideologia eta ibilbide anitzekoak ginen. Herri mugimenduetako kideak, kazetariak, hainbat enpresetako langileak, estruktura politikoetako militanteak izan ginen epaituak eta zigortuak salbuespenezko tribunal batean, azkeneko hamarkadetan euskal disidentziaren kontra erabili duten Tribunala, hain zuzen ere. Iritzi desberdinek osatzen zuten epaiketaren polifonia, baina denok bat gentozen funtsezkoenean: herria denontzako irekia eta behetik jorratu behar zela, eskuzabaltasunez eraikiz eta partekatuz.

18/98 sumarioak makro-sumario eta makro-sarekaden aroa inauguratzea zoritxarrezko ohorea izan zuen. Ondoren, dena bihurtu zen susmagarri. Orduko «uste al zuten ez ginela ausartuko?» oraingo «a por ellos!» itzulpen berria da. Komunikabide katalanen interbentzioaz asaldatzen garenean, gogoratu behar dugu Egin eta Egin-Irratia polizialki itxi zituztela 1998ko uztailean, bere zuzendaria, zuzendariordea eta bere administrazio kontseilua atxilotuak eta 115 langile inguru bortxaz lanik gabe geratu zirela. Militante politiko ezagunen kartzelatzea, ideia eta ekinbide politikoaren kriminalizazioa, desobedientzia zibil eta baketsuaren kontrako zigorra... Estatu errepresiboaren katebegiaren jarraipena baino ez da gaur egun lurralde katalanetan gertatzen ari dena. Guk aspaldi jakin arren, errepresio mekanismoak aldez aurretik probatzeko laborategia euskal lurraldea izan da historikoki.

18/98ren ondoren beste auzi batzuk ezagutu genituen: Jarrai-Haika-Segi, Egunkaria, Udalbiltza, Askapena, 35/02... Salbuespenezko egoera estalian bizitzera ohitu ginen (egun, 155. artikuluarekin legeztatu dutena!). Egia da gure herrian gauza asko ari direla gertatzen azkeneko urteetan, hilabete honetako Pariseko mobilizazioa lekuko. Tamalez, ezin dugu aro hau bukatutzat eman hurrengo hilabeteetan hainbat alorretan presoekiko elkartasuna adierazteagatik 40 bat lagun Auzitegi Nazionalean epaituko dituztelako edo Alfreedo Remirezen kasuan bezala, lagun-presoen askatasuna sarean agurtzeagatik gatibu egin dutelako, preso horiek Xabier Alegria eta Pablo Gorostiaga izan zirelarik.

Gure etxeko armairuetan ondo begiztatuz gero, seguru oraindik topatuko ditugula 16 hilabeteetan luzatu zen epaiketan jantzi genituen kamisetak. Auzitegi Nazionaleko aretoan sartzerakoan astero eskubide zibil eta politikoen defentsan lelodun kamisetak irakurri behar zituzten gure borreroak izan zirenak. Astero ostera hastera kantatzen zuen Zea Maysek, Maialen Lujanbioren hitzetan. 2005eko azaroan hasi zen epaiketa 2007ko martxora arte luzatu zen. Europa mailan, seguruenez, ezagutu den epaiketarik luzeena. Epaiketaren datuak gogoratze soilak bertigo puntu bat ematen du: 59 pertsona izan ginen akusatuen aulkietan esertzera deituak gure kontrako hasierako eskaera 911 urteetakoa izan zelarik. Gorenak, ondoren, 290 urteetan utzi zuen gure zigorra, gutariko 46 kartzelarekin zigortuz. Batez beste, 7 eta 12 urte arteko zigorrak bete izan ditugu kartzelara joan ginen guztiok. Lau lagun epaiketaren instrukzioak iraun zuen bitartean zendu ziren: Antxon Ollokiegi, Gorka Martinez, Jokin Gorostidi eta Jose Ramon Aranguren. Horrez gain, esperpento hitzak ederki deskribatzen ditu epaiketa horren saioak: ondo gogoratzen dugu nola frogak desagertzen ziren egun batean eta hurrengo egun batean abokatuek ezagutzen ez zituzten milaka orriko dokumentuak agertzen ziren bat-batean. Ehunka lekukoen debekua, euskarari traba etengabea... Bereziki aipagarria da nola tortura testigantzek markatu zuten epaiketaren alderik latzena.

Baina beste birtualitate bat ere izan zuen 18/98ko esperientziak. Bidegabekeria horri babes politiko eta soziala adierazteko zein ekonomikoki epaiketaren gastu erraldoiari aurre egiteko plataforma zabal bat antolatu zen gure inguruan adierazpen askatasuna, ideia guztien zilegitasuna, erabakitze eskubidea eta demokraziaren defentsa ardatz hartuta. Euskal Herrian zehar ehuntzen joan zen eskubide zibil eta politikoen defentsan sare herritar bat. Saretze horrek eraman zuen aurrera Elkartasun Egunaren antolaketa, historikoki Egin Eguna ospatzen zen zelaietan; 15.000 lagunen auto-inkulpazio kanpaina. Kaiera erraldoi batek era parte hartzailean gure herriaren txoko anitzetatik bidaiatu zuen. Auzolanean atera genuen aurrera bertsolari eta musikariek landutako CD bat; Fermin Muguruzaren eskutik, BECen kontzertu solidarioa antolatu zen... Gure ekinbide politiko eta sozialetan aritzeko geneukan eskubidea defendatu zen eragile zein norbanako politiko, sozial eta sindikal askotarikoen aldetik. Aniztasunean oinarritutako eskarmentu horrek bere fruituak jarraitu du ematen gerora ere. Apaltasunetik baina harrotasunez esan dezakegu horren hazia garai hartan hasi ginela ereiten. Elkartasunetik abiatu ziren lehendabiziko urrats horiek elkarlaneko hamaika dinamiketan izan dute segida, askatasun espazio komunak irabazten.

Orain prozesu katalana gaurkotasun politikora ari da ekartzen guk aspaldi esaten genuena, hau da, Estatu Espainolean dagoen gabezia demokratikoarena; alegia, gure salaketan arrazoia geneukala. 78ko erregimena sostengatzen dutenen aldetik, Euskal Herrian zein Katalunian pairatzen ari garen erasoari aurre egiteko modurik eraginkorrena burujabetza ariketa indibidual eta kolektiboak egiten jarraitzea da. Sustraik kantatu berri duena geurera ekarriz, herri izatearen nahia eta estatu izatearen arnasa eta ardatza periferian ez ezik herrigintzan ere bilatzen segituko dugu. Jarrai dezagun, beraz, haiek hortik eta guk hemendik sokatik tiraka. 78koa behingoz eroriko da. Tomba!

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE:Iñaki O'Shea, Teresa Toda, Xabier Alegria eta Ima Berriozabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.