1.365 arrazoi espetxe-politika berritzeko

Josu Oskoz eta Benito Morentin, Nahia Aia
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Aski ezaguna da Nelson Mandelak espetxeei buruz esandako hau: «Esaten da inork ere ez dakiela nazio bat egiatan nolakoa den, harik eta bertako espetxe batean egotea suertatzen zaizun arte. Nazio bat epaitzeko garaian, kontua ez da nola tratatzen dituen hoberen kokaturik dauden herritarrak, baizik eta nola tratatzen dituen gutxi edo ezertxo ere ez dutenak».

Ez dira hain ezagunak, ordea, Mandelak Hegoafrikako Robben Island espetxean kartzela-aldia egin zueneko xehetasunak. Han, 46.664 zenbakiko presoa zela, desobedientzia zibileko mugimendu baten burua izan zen eta, mugimendu horren eraginez, presoen bizi-baldintzak nabarmen hobetu ziren. Bere autobiografian (Long Walk to Freedom), borrokaren ostean zer hobekuntza lortu zituzten azaltzen du. Besteak beste, elikadura-, jantzi- eta irakurketa-baldintzek hobera egin zuten, eta lan behartuak amaitu egin ziren.

Nelson Rolihlahla Mandelak 27 urte eman zituen espetxean. Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Batzar Nagusiak 2015eko abenduan onartu zuen presoak tratatzeko gutxieneko arauen bertsio eguneratua, eta Mandelaren izena ipini zitzaien arauei, hain zuzen ere. Gaur egun, munduan zehar aitortuta dauden gutxieneko estandarrak dira arau horiek, espetxeak kudeatzeari eta askatasuna kendu zaien pertsonak tratatzeari buruzkoak.

NBEren datuei jarraituz, 11 milioi lagun inguru espetxean daude orain mundu osoan. Bistakoa da askatasuna kendu zaien pertsonak errespetuz tratatu behar direla, giza duintasunak berezkoa duen errespetuaz, alegia. Halaber, bistan da espetxean egonda ere eutsi egiten dietela beren giza eskubide besterenezinei eta oinarrizko askatasunei, giltzapeturik egoteak dakartzan legezko murrizketei dagozkienak soil-soilik izan ezik.

Alabaina, presoen eskubideak babestea ez da sekula lehentasun bat izan, ezta zigortuen gizarte-errehabilitazioa ere. Presoen egoera ez da berariaz aipatzen Giza Eskubideen 1948ko Aldarrikapen Unibertsalean. Dena den, han jasotzen diren eskubideetako batzuek zuzenean eragiten diete: torturaren debekua, epaiketa inpartziala izateko eskubidea eta errugabetasun-presuntzioa, adibidez.

NBEren Giza Eskubideen Batzordeak, 1992an bertan, hau adierazi zuen bere 21. ohar orokorrean: «Ziurtatu egin behar da espetxeratuen duintasuna errespetatzen dela, aske direnei aplikagarri zaizkien baldintza berberetan. Askatasuna kendu zaien pertsonek eskubide guzti-guztiak dituzte, espetxean egoteak dakartzan murrizketen kalterik gabe».

Hutsune hori betetze aldera, askatasuna kendu zaien pertsonen eskubideak babesteko ildo argiak jasota daude Mandela arauetan, nola prebentziozko atxiloketan daudenen eskubideak hala zigorra jada jaso dutenen eskubideak. Argitu behar da 122 Mandela arauen helburua ez dela espetxe-sistema eredugarri baten nondik norakoak xehe-xehe azaltzea, baizik eta printzipio eta jardunbide jakin batzuk adieraztea besterik ez, gaur egun funtsezkotzat jotzen direnak presoak tratatzeko, haien eskubideak ziurtatzeko eta espetxeak kudeatzeko.

Lehen arauan, preso guztien duintasuna eta torturaren erabateko debekua jorratzen dira, baita beste tratu edo zigor anker, gizagabe eta iraingarri batzuen debekua ere. Ageriko arrazoiak direla-eta jasotzen dira auzi horiek, hedatu-hedatuak daudelako. Harrigarria da, behinik behin, NBEk errepikatu behar izana 2015ean, XXI. mendean aspalditxo ginelarik, tortura zeharo debekatuta dagoela, ezin dela inolako salbuespenik egin, eta «ezin dela zirkunstantziarik batere argudiatu kontrakoa justifikatzeko asmoz».

Nabarmentzekoa da, bestalde, Mandela arauetan garrantzi berezia ematen zaiela alderdi zehatz batzuei; esate baterako, hauei: preso zaurgarrienek arreta espezifikoa jasotzeko beharra, zerbitzu medikoak («kanpoko komunitatean eskura dauden osasun-arretako estandar berberak jasoko dituzte»), diziplinaren eta zehapenen araubidea, eta presoak espetxeratzea «etxetik edo birgizarteratzeko tokitik gertu dauden establezimenduetan».

Orobat, NBEren estrategiaren oinarriak hauek dira: espetxeratzearen erabilera murriztea; askatasuna kentzen ez duten neurriak sustatzea, ahal den guztietan; giltzapetzearen baldintzak hobetzea; eta errehabilitazio- eta birgizarteratze-programak babestea askatasuna kendu zaienentzat, aske geratzen direnerako.

Mandelak hauxe esan zuen NBEren Batzar Nagusiaren aurrean, 1998ko irailaren 21ean: «Nire herrixkan eserita, Qununen, hango muinoak bezala zahartzen naizenean, orduan ere esperantza izango dut inori ere ez diotela askatasuna ukatuko, guri ez bezala; inor ez dutela errefuxiatu bihurtuko, gu ez bezala; inor ez dutela gosetera zigortuko, gu ez bezala; inori ez diotela bere giza duintasuna kenduko, guri ez bezala».

Giza eskubideen esparruaren baitan, Mandelaren ikuspegi aurreratua eta haren izena duten arauen mezua gauzatu ahal izateko, borondate politikoa, nahikoa baliabide eta konpromiso irmoa behar dira, espetxe-kudeaketako eredu eguneratu bat aplika dadin XXI. mende honetan. Eredu horretan, gainera, emakumezko presoen egoera espezifikoari heldu beharko zaio, abusuak edo genero-indarkeria jasaten baitituzte sarri. Berdin-berdin jokatu behar da haien ardurapean adingabeak dituztenen egoerarekin, bereziki zaurgarriak dira eta.

Eskumena Euskadiren esku utzi zenean argitaratutako datuen arabera, askatasuna kendu zaien 1.365 lagun daude Euskal Autonomia Erkidegoan. Berandu gabe, bizitokitik urrun zigorra betetzen ari direnak ere kopuru horri gehitu behar zaizkio: sufrimendu gehigarria jasaten ari dira, eta haien lagunak eta senitartekoak ere bai.

Giza eskubideen ikuspegitik, erronka mordoari aurre egin behar zaio, bestelako zigor- eta espetxe-eredu bat lortuko bada, orain duguna baino berme gehiago emango dituena, eta errehabilitazioan zein prebentzioan eraginkorragoa izango dena. Errehabilitazioaren eta birgizarteratzearen harira, Aukerak (Gizarteratzearen Euskal Elkargoa) garrantzitsua izan daiteke bide horretan aurrera egiteko. Osasungintzaren baitan, espetxe-osasungintzarako antolakuntza-egitura espezifiko bat eratu da Osakidetzan, ongi hornitua eta etengabeko prestakuntzarekin. Ezinbestekoa da hura ere. Bestalde, interesgarria izango litzateke tortura prebenitzeko mekanismo bat abian jartzea, gaixotasunak dauden eta askatasunik ez dagoen testuinguruetan tratu gizagabea eta iraingarria desagerraraztea jorratzen duena, besteak beste.

Halatan, 1.365 arrazoi ditugu espetxe-politika berritzeko: bereizketarik gabea, salbuespenezko espetxe-politikarik gabea, presoek eta haiekin egunerokoan eta zuzenean diharduten erakundeek parte hartuz, eta Administrazioaren jokabideak beti gidari izan behar dituen giza eskubideak ardatz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.