Azken urteotan Euskal Herriko unibertsitatean nagusitzen ari den merkatu-logikak ezagutzaren gizarte demokratiko eta justu batek behar dituen oinarrizko balioak kolokan jarri ditu. Ondorioz, langileon eta ikasleen lan-baldintzak zeharo okertu dira. Irakasleon ikuspegitik, nabarmenak dira kalteak, argi eta indartsu salatu beharrekoak. Horietako batzuk, Mark Fisherrek gogoratu dizkigu, berriki argitaratutako Realismo Capitalista liburuan: makina burokratikoaren gailentzea, lana erraztera omen zetorren teknologia digitalaren tirania eta gehiegizko kontrola, edota merkatuaren esanetara dagoen lehiakortasun antzua, ahaztu gabe, irakasle gaztearen prekaritatea edo soldata murrizketak... Langilearen autonomia erreibindikatzea ezinbestekoa da, finean. Etengabeko auditoretzak lapurtu nahi digun autonomia.
Ildo honetatik, oraingoan, elkartasun mezu bat luzatu nahi diogu abian jarri den erreibindikazio bati: 12.2 artikuluaren aurka ikasle talde zabal batek bultzatutako ekimenari. Ebaluazio Arautegiko artikulu horrek baldintza zorrotzegiak jartzen dizkie ebaluazio prozesuan. Izan ere, ikasteko eta lan egiteko denboraren kudeaketa autonomoari mugak jartzen dizkio arauak. Eta esan bezala, autonomiarik eza partekatzen dugun arazoa da. Ikasleek eta irakasleok pairatzen duguna.
Elkartasun hori adierazteko modu zuzenena ikasleei hitza ematea denez, jarraian doazen azalpenak haiengandik jasoak dira batik bat, eta jaso bezala, argitara eman nahi ditugu.
Bologna prozesuaren adierazle da gaur abian den ebaluazio arautegia eta berarekin dakartzan arazo eta akats guztiak. Bologna prozesuaren bidez, ikaslearen autonomia sustatu nahi izan zen; unibertsitate parte-hartzailea sustatu edo bestelako metodologia bat martxan jarri. Asmo horiek guztiak, ordea, ezerezean geratu dira. Adibide ugari ditugu horren adierazle, izan ebaluazio irizpide modu partekatuan definitzeko zailtasunak, izan gaur egunean etengabeko ebaluazioak dituen mugak edo eta izan, ikasgai bakoitzean emango den edukia eta horren metodologia ere gutxitan zedarritzen dela modu parte hartzailean.
Iritzi hau sinatzen dugun EHUko irakasleok marko horretan ulertzen dugu ebaluazio arautegiko 12. 2 artikulua, eta horrek dakarren kaltea ikasleari. Honela dio artikuluak: Etengabeko ebaluazioaren kasuan, deialdiari uko egin nahi dioten ikasleek kasuan kasuko irakasgaiaren irakaskuntza aldia bukatu baino, gutxienez, hilabete lehenago egin beharko dute eskaria.
EHUren baitan irakasgai gehienak gainditu ahal izateko, pisu handiena duen azken proba bat gainditu behar izaten da, etengabeko ebaluazioa ongi betetzetik urrun. Ebaluazio jarraitua gaizki aplikatzearen kaltea, gainera, ikasleek jasaten dute. Arautegi horren bidez, ikaslea derrigortua dago ebaluazio irizpideetan pisu handiena duen azken proba baino hilabete lehenago erabakia izatea, ea deialdira aurkeztuko den ala ez. Deialdiari uko egiteko dokumentuak bi ondorio dakartza; sinatu, eta ez- jakintasunetik deialdiari hasieratik uko egitea edo ez sinatu, eta ustekabeko arazoren baten ondorioz, deialdia galtzera arriskatzea.
Egoera honen aurrean, ikasleen eskaerarekin bat eginez, arau hau moldatzeko eskumena duen Graduko Batzordeari zuzentzen gatzaizkio 12. 2 artikulua bertan behera gera dadin eskatuz. Horrekin batera, errektoretzari berari dagokion ardura ongi bete eta egoerak eskatzen duen erantzukizunarekin joka dezala eskatzen diogu.
Horixe da gure ikasleen eskaera, eta elkartasunaz harago ere, kezka komuna delako, bat gatoz eskatutakoarekin.
ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Ana Beatriz Garay Ibañez de Elejalde, Jule Goikoetxea, Igor Ahedo, Luis Eguiluz, Xabier Lamikiz, Ander Iturriotz Lauzirika, Iratxe Perea Ozerin, Zesar Martinez García, Garazi Urgoitia, Igone Zabala, Joxerra Aihartza, Aitor Garagarza, Estitxu Garai, Imanol Telleria, Mario Zubiaga, Jon Azkune, Izaro Gorostidi, Iban Zaldua, Joseba Zuazo, Lydia Vazquez, Ainhoa Ezeiza, Uzuri Albizu, Irati Leon, Alex Uriarte, Egoitz Salsamendi, Kontxesi Berrio- Otxoa, Edurne de Juan, Rakel Oion, Sergio Ibañez, Mikel Torres, Maddalen Epelde, Cesar Manzanos, Irantzu Mendia, Nadia Brouardelle, Beatriz Onandia,Alberto Gomez, Nerea Osinalde, Gustavo Amores, Maria Aranzazu, Estitxu Villamor, Fernando Sarrionaindia, Francisco Enrique Velasco, Luis Enrique Garcia, Inmaculada de Hoyos Izquierdo, E. Raquel Fdz. Alonso, Concepción Raquel Cantero, Urtzi Reguero, Rafael Sagastume Fernandez, Javier Oscar Garay Plaza eta Ilargi Gorostegi.
12.2 artikulua kentzearen alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu