109 Nobel saridun vs Greenpeace

Fermin Lazkano
2016ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Greenpeace salatu berri dute 109 Nobel saridunek erakundea transgenikoen aurka dagoelako, gutun berean arroz horia (golden rice, baita genetikoki eraldatua) defendituz. Are gogorrago esateko, Greenpeace «gizateriaren aurkako krimena egiten ari dela» idatzi dute. FAOren aurreikuspen bat hartzen dute oinarritzat: 2050ean biziko direnen beharrak asetzeko, jaki, pentsu eta zuntz ekoizpena bikoiztu egin beharko dela dio. Genetikoki eraldatutako jakiek ondorio txarrik ez dutela baiesten dute.

Jaki transgenikoen artean arroz horia ekartzen dute hizpidera gero, munduko hainbat lurraldetako elikagai eskasiak A bitaminaren eskasia dakarrelako eta honek kalte larriak eragiten dituelako pertsona txiro horiengan. Arroz horiak, A bitaminaren aitzindaria den beta- karoteno ugari du bere baitan. Greenpeace aurka dagoenez, gizateriaren aurkako krimena egin lezakeela salatzen dute.

Baina gai nagusia, garrantzirik kentzeke, ez da genetikoki eraldatuak diren jakiak. Gai nagusia gosea da. Nobel saridun horiek ez dute gosea salatu, ez diote aurre egin arazoaren sorburuari.

Ultzera bat edukiz gero, bi eratara joka daiteke: edo sintomak kontrolatzen saiatu edo antibiotikoak eman.

Urtetan lehen bidea hartu izan zen, harik eta Barry J. Marshall mediku australiarrak bakterioa bere baitan sartu eta hura zela eragilea demostratu zuen arte. Harrezkero, kausari egiten zaio aurre eta ez sintomari. 2005ean Medizkuntza Nobel saria jaso zuen Greenpeaceren aurkako gutunaren sinatzaileetako bat den Barry J. Marshallek.

Ez dute metodo bera aplikatu gutunaren kasuan. Ez dira sinatzaile jakintsu horiek kausaren aurrean ezarri eta hari aurre egin, sintomak mugatzeko estrategiari jarraitu diote, eta ontzat eman dute hamaika konponbide teknikoren artean bat. Arazo berriak dakartzana gainera. Greenpeacek aipatutakoez gain, esate baterako, nekazariek arroz berriaren haziak erosi beharko dituzte ez dauzkaten sosak erabiliz; orain, aurreko uztatik bazter lagatakoak doan erabil ditzakete.

Pertsona txiroez ari gara, txiroak direlako ez daukate zer janik, eta A bitaminaren beharrean dira. Ez daukate zerekin erosi hazi transgeniko komertzialak. Gutxiago Estatu Batuetan edo Brasilen ekoitzitakoa erosteko.

A, jakina! Lurralde horietako gobernuek eros ditzakete haziok! Eta hobe lurralde «garatuetako» gobernuek emandako garapenerako fondoak erabilita bada! Alegia, gure zergak zuzen-zuzen eman Monsanto, Basf, Syngenta edo horrelakoei.

Katea itxiz, lurralde txiroetako jendea menperatu, jateko ere laguntzen beharra areagotuko baita. Baina genioena, Nobel saridun txit argiak, egiozue aurre kausari! Salatu eta konpontzen saiatu, esate baterako, Greenpeacek berak aipatzen duena, hots, munduko elikagaien herena alperrik botatzen dela.

Edo egin aurre elikagai-banaketa asimetrikoari. Harrigarria badirudi ere, 2014ko EAEn elikagaitan egiten zen familia-gastua, gastu guztien %14 besterik ez zen. 2014an 28,5 mila milioi euro gastatu bagenuen eta horien %2 besteentzako jakiak erosten erabili izan bagenu (gure elikadura gastua 14tik 16ra eramatea litzateke hori), urte bakoitzeko beste 305.656 pertsonak jan ahal izango zuketen gure maila berean. Espainiar estatuko zenbakiak eginez, sei milioi lagun baino gehiago ziratekeen onuradunak.

Sakonago begiratuz. Laguntza hori jakitan baino hazitan emango balitz, ondorio harrigarritara iritsiko ginateke. Hori bai, hazi horiek (hazi ez transgenikoak, uztako zati bat gordez doan biderkatuko liratekeenak) nonbait erein behar dira. Eta orain gogoratzen gara lurrek jabeak dituztela, eta lurralde txiroetan ere jabegoa oso esku gutxitan bilduta dagoela, eta jabe horietako asko ez direla nekazari hutsak, inbertsoreak baizik, soja, palma-olioa, kakaoa edo landare energetikoak ekoizten dituztenak «gure» lurraldeak hornitzeko.

Eta inbertsoreak direnez, burtsa bidez edo artezki, beste sektore batzuetan ere badutela interesik, esate baterako genetikoki eraldatutako hazien sektorean. Eta itxi da zirkulua, gurpil ankerra, eraztun itogarria.

Zeri begira ote daude 109 Nobel saridun horiek? Barry J. Marshallek, gutun nardagarriaren sinatzaileetako bat, ederki erakutsi du nora: beren urdailari, erreal zein irudizko adieretan. Ez ordea gosearen kausei, damurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.