1.080 euroko pentsio gutxienekoa, soldatak eta Escriva-Macron

2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak baraualdi-itxialdia egin zuen Bilbon, martxoaren 13tik 18ra, eta hiru gertakari garrantzitsu izan dira arretaz begiratu beharrekoak, lehen mailakotzat hartzekoak: informazioaren lehen mailan jartzea 1.080 euroko pentsio gutxienekoa, 14 saritan banatzekoa; Escriva ministroak Europako Batasunetik ekarritako proposamena egitea; eta Macronen noraezean ibiltzea Frantzian.

Hain zuzen, 1.080 euroko pentsio gutxienekoari eraso diote, bai botere faktikoek eta eskuinak, bai eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko sindikatuek berek ere. Pentsiodunen mugimenduak azaldua du zer den gutxieneko pentsio hori, 65 urtetik gorako edonori bizimodu duin bat bermatuko diona gizarte honetan.

Azal dezagun, berriro ere, argudiorik soilena eta nabarmenena: demagun emakume batek 65 urterekin erretiratzeko paperak aurkezten dizkiola Gizarte Segurantzari, eta aurpegiratzen diotela gizarte segurantzari gutxiegi ordaindu diola eta pentsio txikia dagokiola horren ondorioz; bada, argi eta garbi, sakon-sakoneko arrazoiren batzuengatik ordainduko zuen gutxiegi.

Oso erraza da esatea emakume hori bere bikotekidearen diru sarreren, lanaren edo eskuzabaltasunaren kontura bizi izan dela. Egia baita hori, baina alderantziz: gizonok eta gizarte osoa bizi izan gara eta bizi gara oraindik ere emakumeen lanaren eskuzabaltasunaren kontura. Doako lana, bai, baina haren balio ekonomikoak eta sozialak erruz gainditzen du Gizarte Segurantzak batez beste eskaturiko 38 urte eta erdiko kotizazio aldi horren balio guztia —horixe eskatzen du erretiro pentsioa oso-osorik kobratu ahal izateko—. Adibide hori bene-benetakoa da, eta nahikoa izan behar luke ulertzeko 65 urtetik gorako edonoren gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoa izan behar duela 2023rako, eta batez besteko soldataren %60 2024tik aurrera.

Hauek ez dira koplak, ez. Akaso ez al da hartzen denbora kotizatutzat enpresa batek legezko kontraturik gabe lanean eduki duen langile horrena, hala izan dela frogatze hutsarekin? Bada, emakumeen errealitateak gizarte osoa dauka lekukotzat. Bete dadila legea, eta kopla gutxiago!

Urrats hori ez egitearren, sistema bera jasangaitza dela argudiatzen da. Azaldu ohi da diru sarrerak ez direla behar bestekoak gastu horiek ordaintzeko, gastuak gero eta handiagoak izango direla, eta diru sarrerak, berriz, ez. Alajaina, ezta kotizazioak Big Bang hartatik eratorriak balira ere. Bada, ez, testuinguru jakin batean sortu ziren.

Soldatapeko lanak ere bere sorburua izan zuen. Esklabotza garaian ez zegoen gastuen eta diru sarreren inolako balantzerik soldatetan. Nahikoa zen esklaboei jan hondarrak botatzea, nekez esan ahal baitugu «jaten ematen» zietenik. Industria Iraultzaren eraginez, berriz, soldatek jasangarriak izan behar zuten. Gero, langileen borrokaren ondorioz, pentsioak iritsi ziren, eta, de facto, jasangarriak izan behar izan zuten, nahi eta nahi ez; iritsi zen Gizarte Segurantza ere, eta jasangarria izan zen, nahi eta nahi ez; eta osasungintza eta hezkuntza sistema ere, beste horrenbeste. Horren guztiaren definizioa ez dator bat jasangarri hitzarekin, baizik eta sostengatua hitzarekin. Erakunde sozial guztiak, baita Gizarte Segurantza ere, den-denak baitira sortzen duten ekonomiak sostengatuak, batik bat langileek beren lanarekin sostengatuak, eta hala izango da aurrerantzean ere.

Gaur egun —2018az geroztik—, trantsizio garaian beren soldatengatik borrokatu zirenen belaunaldikoak dabiltza berriro ere kalean beren pentsioen erosahalmenarengatik eta 1.080 euroko pentsio gutxieneko duinarengatik borrokan; baina Escrivak berak eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren itunetan esan berri digutenez, Gizarte Segurantza eta Pentsioen Sistema Publikoa ez dira langileenak, eta horien zati handi bat bankari eman behar zaio. Ez da sinistekoa: sindikatuak bat etorri dira, eta baietz sinatu dute.

Eta egunotan, Emmanuel Macron are urrunago joan da, eta murriztu egin du Pentsioak Banatzeko Sistema Publikoa Frantzian, bizkar emanez sindikatu guztiei, gizarteari eta Asanblea Nazionalari berari ere. Jaunxkila horrek marra gorri guztiak iragan ditu, diktadore txiki antzeko bat bihurtzeraino. Espainiako Estatuan ez bezala, ezein sindikatuk ez dio baiezkorik esan; aitzitik, ezezko borobila eman diote. Europako gizartea prestatzen ari da iraganean oinarritutako errealitate sozial eta instituzional bati erantzuteko. Europak trantsizio sozial bati aurre egin behar dio, eta hori ezin da egin Macronek nahi duen moduan.

Bien bitartean, gomendio bat mundu guztiari, izan gazte, izan pentsiodun, izan langile. Ez eman txakur txikirik ere ezein alderdi eta sindikaturi, baldin eta 65 urtetik gorakoei ukatzen badiete bizimodu duina egin ahal izateko 1.080 euroko pentsio gutxienekoa, eta langileei 1.200 euroko lanbide arteko soldata gutxienekoa. Eskatzen dizuetena eskatzen dizuetela, ez eman txakur txikirik ere, gutxienez hurrengo 12 hilabeteetan.

Gero, ikusiko duzu, baietz zurekin hitz egin nahi izan. Hori bai, gaztea baldin bazara, baliteke Lanbideko ilaran topo egitea haiekin; langile bat baldin bazara, baliteke garbiketako kontrata batean topo egitea Basurtun. Orduan, zeuk azaldu ahalko dizkiozu bere egoera berriaren zergatiak: «Izan ere, zure egoera ez zen jasangarria, eta gizarteari egiten zenionekarpenaz hobe dugu ez hitz egin...».

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.