Iritsi da EHUko hauteskundeen eguna, antzezlanaren puntu gorena. Izan ere, horixe bilakatu da tamalez, antzezlan bat. Bateko troll kontuak eta besteko buloek hartu dute eszenatokia, eta figurante bilakatu dira, beste behin, langile eta ikasleon arazoak.
Izan ere, unibertsitatea garestitzen ari da eta, 10.000 ikasle baino gehiagok agiri baten bidez egoera hori salatu badugu ere, errektoregaiek ez diote agiriari aipamenik egin; horren ordez, urtez urte betetzen ez diren promesak egiten dabiltza egunotan.
Denok gara unibertsitatea ideiaren pean hauteskunde hauetan zerbait aldatuko den ustea zabaltzen saiatu dira bata zein bestea. Gainera, ez edozein modutara, hautagai bakoitzari 25.000 euro eman baitizkio EHUk kanpaina egiteko, eta antzeman egin da: gosariak doan, propaganda nonahi… Horrela, lau urtetan ikasleekin hitz egin ordez polizia bidali duten bitartean, orain ikasleon botoak lortu nahi dituzte. Bide batez, esan beharra dago botoen %22 baino ez duela balio ikasleon bozak, baina EHUko %85 gara. Argi dago ikasleak ez gaudela unibertsitate eredu honen erdigunean.
Hala ere, batzuek uste dute gaur zer erabakia badagoela. Baina zer itxaropen edukiko dugu unibertsitatearekiko, geure poltsikoak edo geure familiaren aurrezkiak xahutzera behartuak garen ikasleok? Birmatrikulazioa urrearen pare ordaintzen dugunok? Etxebizitzan hilabetea joan hilabetea etorri dirutza uzten dugunok?
Argi dago ezetz, egungo unibertsitate eredua ez dela gizartearen ongizatera bideraturiko instituzioa; enpresa pribatuekiko guztiz mendekoa da eta horrek ikasle nahiz langileak bazter uztea dakar. Enpresei ateak ireki zaizkienetik matrikulen prezioak nabarmen igo dira, enpresa akordioen eskutik EHUren aurrekontuak urtez urte handiagoak dira, baina, kontrara, ez dago matrikulen prezioak jaisteko ez borondate, ez eta asmorik ere, eta, azkenik, ikasleen %65ek ezin dute bekarik eskatu, eta eskatzen dituztenen %53ri ukatu egiten dizkiote.
Horrenbestez, argi eta garbi dago ikasleen eta langile-familien erosahalmena gutxitzen ari den testuinguru batean Euskal Herriko Unibertsitateak ez daukala ez unibertsitatea merkatzeko ez doakotasunaren bidean pausorik emateko inolako borondaterik. Beraz, EHUren pribatizazioa guztion artean egitea edo gutxi batzuek EHUntzea bada aukeratu beharrekoa, aukera gutxi dago, ikasleok baztertu egingo baikaituzte berdin-berdin.
Hala eta guztiz ere, hauteskundeetatik kanpo unibertsitate hobe baten alde borrokan ari garenak ere bagaude, promesak egin beharrean ikasleekin eta langileekin lan egiten dugunak, hauteskunde kanpainarako oparitzen dituzten 25.000 euroak unibertsitateko baldintzak hobetzeko erabiliko genituzkeenak. Horren adibide da 10.000 ikaslek doako unibertsitatera bidean babestu dugun agiria eta, nola ez, estaltzen saiatu direna. Alabaina, doakotasunaren alde lan egiteko prest gaude eta horretara goaz, badakigulako gure baldintzak borrokatuz hobetuko ditugula.