Joan den apirilean, Ostiral Santuko Bake Akordioaren kontrako talde batek, IRA Berriak, Lyra McKee kazetaria erail zuen. Barkamena eskatu du, baina justifikatu ere egin du erailketa, argudiatuta Derryn Poliziari tiroka ari zitzaizkiola istilu batzuetan, eta Mckee «indar arerioen artean» zegoela. Erailketa horrek seko astindu du Irlandako gizartea. Eta, logikoa denez, bake akordioen aurreko garaietara itzultzeko beldurra piztu du berriro, eta prozesuan segitzeko aukerari buruzko zalantzak sorrarazi ditu. Egunotan, bada, analisi bat bestearen atzetik etorri da. Lyra McKee erailak berak ere idatzia zuen artikuluren batean: «Ostiral Santuko akordioen belaunaldikoak ginen, aurrerantzean gerrako izugarrikeriarik sekula ikusi beharko ez zutenak, baina bakearen uzta bilduko zutenak. Antza, ordea, halako uztarik ez zitzaigun heldu sekula».
Mckeeren hitz profetiko horiek egitate bat erakusten dute: Ipar Irlandako gazte askoren egoera ekonomikoa eta soziala ez dela hobetu bake akordioen eraginez. Eta hori ez dagokio soilik komunitate katolikoari. Harold Good artzain protestantea da, bake akordioetan rol garrantzitsua izandakoa eta Euskal Herrira sarri askotan etorritakoa, eta hark behin baino gehiagotan azaldu izan du akordio horien kontra dauden erakunde paramilitarrek ere gazte protestante langabeak dituztela jomugan.
Ipar Irlandako Poliziak gaztigatua du lau urteotan ugaritu egin direla eraso sektarioak. Eta badira talde paramilitar aktiboak ere, IRAko disidenteenak nahiz taldetxo loialistenak. Ez dirudi beste gatazka armatu bat antolatzen ari denik, ez behintzat aurrez bizi izandakoaren tamainakorik, baina gertatu berri denak kezkatuta dauka gizartea, lehendik ere asaldatua brexit-a eta gazte askoren itxaropenik eza dela eta. Joanak dira 20 urte pasa Ostiral Santuko Akordioa sinatu zenetik. Orduan ere izan zen haren aurkakorik, eta indarkeria iraunarazi nahi izan zuenik, gazte berriak sartuz talde armatuetan. Baina bi oztopok eragotzi zieten areago haztea. Batetik, Irlandako gizarteak oraindik ere bizi-bizirik zuen indarkeriaren oroitzapena, eta hark zer ondorio zorigaiztoko zekarzkien herritarrei.
Bestetik, IRAko kide ohiak eta paramilitar loialistek beren itzala baliatu zuten, hain zuzen, gazte asko konbentzitzeko ezen iritsia zela bakerako eta politikarako abagunea. Zilegitasuna ematen zieten militantzian jardun zuten urteek eta, kasu askotan, kartzelan emandakoek, eta, horri esker, beren ahotsa entzunarazi eta errespetarazi ahal izan zieten bake prozesua kritikatzen zutenetako askori, eta berriro indarkeria balia zezaten eragotzi.
Arazoa zertan datzan? Bada, haiek ez dutela lehen adinako itzalik gaur egungo gazteen artean, zeinak artean jaio gabe baitzeuden akordio haiek sinatu zirenean. Gaur egungo gazteentzat, oroitzapen lauso bat baino ez dira indarkeria urte haiek; alabaina, bizi-bizirik dauzkate langabezia, pobrezia, aukerarik eza eta egoera politiko aldakorra.
Horrek guztiak gogoeta eginarazi beharko liguke Euskadiko bakearen iraunkortasunaz. Erronka da ez dadila itzul indarkeria gaur egun, baina ezta hemendik hogei urtera ere. Memoria gordetzea da hori lortzeko bide bat, alderdien interesetatik aldenduko den memoria bat, indarkeriak berekin dakartzan sufrimendu izugarriak gogoraraztean zentratua. Eta beharrezkoa da, halaber, lan egitea gizarte kohesionatu bat lortzearren, berdintasun irizpidean oinarrituko dena, eta zeinean pertsona orok garatu ahal izango baitu bizi proiektu bat. Memoria gehi etorkizuna, ekuazio horrexek ematen du bidea bake prozesu iraunkor bat bermatzeko: izan Irlandan, Kolonbian edo Euskal Herrian.
(Erredakzioan itzulia)
Arriskuan ote Irlandako bakea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu