Arrailtzeko arriskua

2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko (EB) estatu kideen ohiko desadostasun eta kooperazio falta COVID-19aren krisiaren aitzinean ere errepikatzeak alarma gorriak piztu ditu europazaleenen artean ere. Izan ere, dagoeneko gero eta txikiago bilakatzen ari zen herritarren batasunarekiko atxikimenduari izugarri eragin diezaioke oraingo egoerak.

Europar integrazio prozesuaren abiapuntua izan zen adierazpenean, Schuman aitzindariak honela zioen: «Europa ez da behingoan eginen, ezta eraikuntza orokor baten bidez ere; lehendabizi egitezko elkartasuna sortzen duten ekintza zehatzen bidez eginen da». Argi ikusten zuen europar batasuna eraikitzeko ekintzen metaketa zela gakoa, eta, gainera, ekintza horiek ezinbertzean printzipio partekatuak bultzatu behar zituztela. Egun ezin dugu aurkitu «egitezko elkartasuna» sortuko duen «ekintza zehatzen» izpirik. Areago, lidergo politikoa falta da, eta estatu kideen interes partikularrak gailentzen dira uneoro. Bigarren Mundu Gerraren osteko krisi sakonena bizitzea ere ez da bi faktore horiek aldatzen ari. Aitzitik, bi arazo horiek sakontzen doaz, elkar elikatuz.

Pandemiaren olatuak erakutsi du EBk ez duela mekanismo eraginkorrik osasun (eta seguru aski, bertzelako) krisialdi bati erantzun koordinatua emateko. Herritarrok harriturik ikusi genuen nola pandemiaren Europako gunerat lehenago heldu zen laguntza Errusiatik, Kubatik edota Txinatik bertze herrialde europarretatik baino. Eta harriturik ere ikusi genuen nola egun batetik bertzerat Schengen espazioa desitxuratu zen domino efektu azkarrez, hainbertzetan goraipaturiko mugaz gaindiko lankidetza ezerezean utziz eta gurea bezalako herri zatitu bati bereziki eraginez. Eta are harrituago so egin genion Ipar eta Zentro Europako herrialde askoren elkartasun faltari hunkituenak zirenekiko. Ikuspuntu sozial batetik, herritar europarrok ezin izan dugu EBn inolako babesik edo erreferentziarik aurkitu hilabete zail hauetan. Bruselako gelditasun politikoa europazaleenak ere dezepzionatzeko gai izaten ari da. Ondorioz, galdera sinplea da: zertarako nahi dugu EB ez badigu laguntzen arazo larriak ditugularik?

Olatuaren ostean, erresaka: krisialdi ekonomiko eta sozial itzela aurreikusten da, bertze behin ere. Ortodoxia neoliberala tiraderan sarturik, oraino eztabaidagai dira zer-nolako ezaugarriak izanen dituzten berreskuratzerako funtsak eta bertzelako neurriek. Urrats positiboa da 2008ko krisian ez bezala jarduteko hautua egin izana, baina agian hori ez da nahikoa izanen. Xehetasunak ezagutzeke direlarik, diru injekzio handia bezain eraginkorra bideratzea izanen da agian azken aukera herritarrok EB merkatuaren interesen mesederako eremua baino zerbait gehiago badela konbentzitzen saiatzeko.

Baina hori ere ez da erraza izanen, sakoneko engaiamendu politikoa eskatzen duelako —hain zuzen ere, eskas dena—. Ez dago Bruselaren estatuen indar zentrifugoak integrazio politikoaren ardatzerantz erakartzen saia daitekeen gidaririk. Gainera, herritarren atxikimendua gainbeheran joateak integrazioaren aldeko apustuari pizgarriak kentzen dizkio. Afera ez da bakarrik EBn abiadura ezberdinak izatea, baizik eta norabidea falta dela. Gauzak horrela, ez da zalantzarik Brexit-a eta gero Europako Batasuna arrailtzen segitzeko arriskua erreala dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.