Uda garaian eta batzuetan lehenago (maiatzeko bat aurkitu dut aurten), mota honetako albisteren bat sortzen da: «Oporretara ez joateko 22 herrialde homofoboak», non homosexualen aurkako legeak dituzten estatuak zerrendatzen diren. Homosexualen aurkako, diot, zeren homosexualen eskubideen aurkako legeak estatu espainolean ere egon badaude: lagundutako ugalketaren tratamenduak, kasu, bikote heterosexualei bakarrik ziurtatzen baitizkio osasun sistema publikoak. Homofobia, beraz, ez da soilik 22 herrialde horien kontua, baina horrelako artikuluek arreta jartzen dute gehiegikeria instituzional latzenak izaten diren horietan: heriotza zigorra, kartzela, zigor fisikoak... Non homosexuala bera arrisku larrian dagoen, den bezala izate/adierazte hutsagatik.
Arreta guztiz justifikatua dago, baina esango nuke gutxi direla herrialde horietara joatea erabaki dutenen artean atzera egingo duten homosexualak, horrelako albiste bat irakurri eta gero. Errealitatea nolakoa den aspaldi ezaguna dugu eta badakigu noiz, nola eta zergatik armairuan sartu, bai Afrikan bai hemen. Etxetik hasita, ikastetxean, lagunartean, lanean eta bizitza eremu guztietan trebatuta, bidaia handi bat antolatu orduko, arriskuak neurtzen ikasita gaude, eta besteek inoiz kontuan hartutako baldintzak, jarrerak, egoerak, jendarteak, ezagutzen ditugu, edo ezagutzeko ahaleginak egiten ditugu, beharrezkoa baitzaigu, denbora guztian armairuan egon nahi ez badugu behintzat.
Albiste horiek horregatik dute garrantzia: guztiok, eta ez bakarrik homosexualok, errealitate gordin honetaz konturatzea eta kontzientziatzea, salaketa, azken finean. Nik, behintzat, zentzu hori ikusten diot, oharpen batena baino gehiago, edo, guztiz ere justifikatua egon litekeen boikotaz haratago. Oharra, egotekotan, homofobiaren aurkakoa da, homofobiak hiltzen duela esatea da, eta neurri edo intentsitate gutxiko homofobia babesten duten horien jarreraren ondorioak garbi erakustea ere.
Hori ez bada gakoa, turismo kontsumitzaile hutsak bezala tratatuak bagara, behar bereziak dituzten zorioneko Mendebaldeko turistak, legeak egiten eta dirua mugitzen dituztenek irabaziko dute, zentzu askotan: gure mugimenduak murrizten eta bideratzen, herrialde ezberdinen pertsonen arteko loturak mozten, mundu osoko armairuak indartzen.
BIDAIA TXIKIA
Armairura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu