Alaba gazteenaren musika zaletasunak—bateria jotzen du lau lagunez osaturiko talde hasi berri batean— Irungo Amaia kultur aretora eraman gintuen Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean. Alabak, taldekideekin batera noski, Beldur Barik programak saritu dien abestia interpretatu behar zuen urteko jaialdia izango zen horretan; guk, berriz, gaztetxoak txaloka eta zalapartaka hauspotzen dituen guraso harroarena egin, publiko artetik.
Aurkezleak —aktore lanetan aritua zirudien emakumezko irribarretsua— balioak handietsiz adoretzen zituen oholtzara igotzen zirenak, dantzari, musikari nahiz akrobata, tartean gure alabaren taldea. Haren hitzetan, denak ziren zein baino zein, eta guztiek utzi behar gintuzten aho zabalik. Erakustaldi baten eta hurrengoaren arteko trantsizioak berdintasunaren aldeko esloganez eta diskurtso feministaz osatzen zituen, eta esaldi biribil eta zuzenenaren pare, «indarkeriarekin amaitu behar dugu» esaka aritu zitzaigun aurkezle iaioa. Ekitaldiak iraun zuen ordubete pasatsuan gutxienez hogeita bost aldiz errepikatuko zigun lelo horixe bera, eta niri, alferrik ariko naiz disimuluan, merkezurreko klarion gogorrak arbelean egiten duen kirrinkak baino hozki handiagoa eragiten zidan aldiko-aldiko; hain zuzen, orain ez aspaldiko beste kanpaina batekin parekatzen nuelako, urtearen hondarrean martxan jarria eta jendartearen gaitzik txarrenetako bati aurre egitera bideratua, hura ere. Unicefek, Oxfamek edo antzekoren batek sustatuko kanpaina horrek «gosearekin amaitu beharra» aipatzen zuen hizki larriz eta irudietan azal eta hezur besterik ez ziren haurrak erakutsiz.
«Indarkeriarekin amaitu» delakoak «bukatu nahi bada, belarrondokoak dira bidea» iradokitzen didan bezala, «gosearekin amaitu» leloari txiste makabro eta zikoitzaren antza hartzen nion testuinguru horretan, eta beste esparru atseginago batera heltzeko ahaleginean, neba zaharrenaz akordatzen nintzen, Biafra aldeko ume gaixoez errukitu ordez. Nebak, nerabezaroan bederen, ondotxo zekielako zer den otordurik oparoenean ere gosearekin —edo bederen erabat ase gabe— amaitzea. Nola ulertu bestela, bizpahiru platerkada ondo beteak nahiz postrea irentsi eta ordu erdi eskasera barra erdiko ogitartekoa jan nahi izatea, anfitrioien sorpresarako? Halakoxea zuen apetitua, bai.
Lazkao Txikik zioen egunen batean erdaraz arituko garela euskaraz ari garelakoan; bada, eguna iritsi dela esango nuke, bete-betean harrapatu gaituela, gure zoritxarrerako... Baina utz ditzadan momentuz, itzulpen literalegiek eragiten didaten amorrua eta pizten zaidan nahigabea. Harritu, Beldur Barik ekitaldi hartan benetan harritu, Irungo alkateari emandako protagonismoak harritu ninduen. Beste inork baino tarte eta espazio handiagoa hartuta, indarkeria matxistak bere zabalean dituen ertzez aritu zen, horren begi bistakoak ez diren adibideak ere tartean jarriz eta azalduz. «Baina, erne! —gaztigatu zion publikoari halako batean, enfasi handiz—. Egunerokoan ohiko diren txikikeria asko eta asko, indarkeria izan litezke».
Bai, on Santano, hala dira, hala direnez, eta zure oholtza gaineko hitzak baliatuz, «telefono eramangarria kontrolatzea ere» indarkeria matxista baldin bada, zer ote da sanmartzialetan alarde parekidekoei egiten diezuna? Zer ote da balkoitik egin beharreko harrera bera ukatzea eta ez ikusian tematzea, emakumeak tarteko direlako ez besterik?
Gosetea, indarkeria matxista edota hizkuntza eskubideen urraketa, dena berdintsu dela ematen du agintarien ahotan. Zurikeriak bukatzea nahi etazurikeriekin amaitzen dugu.
ARKUPEAN
Zurikeriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu