Kanpaina entretenigarria izan da Estatu Batuetako politika krispetekin (hau da, duen garrantzirako, azaletik eta fribolitate puntu batekin) jarraitzen dugunontzat. Gauza asko, leku desberdinetan eta aldi berean. Atzera begira, ia denak hotzikarak eragiteko modukoak. Maskotajale haitiarren buloak, Elon Musk-en loteriak eta oro har hipokrisia guztiak sortutako estupefakziotik ateratzea lortu baduzu, zorionak.
Presidente bilakatu zenetik, lau urteko depresio zikloa pasa dute demokratek, agerraldi publiko bakoitzean arnasari eusten Joe Biden-en lapsus posible baten zain. Niri ere gertatu zaidala onartzen dut eta ez diot Uncle Joe-ri estimu berezirik. Urrutikoa bada ere, gainbehera baten zuzenekoa ikustea ez da inoiz erraza. Zure inguruan ikusi dituzun beste gainbehera batzuk ekartzen dizkizu gogora. Eta gainbehera horiek ez onartzeko jasan behar izan dituzun burugogorkeria, drama eta proportziorik gabeko leporaketak. Julio Zesarren hiltzailea bilakatu izan zara tarteka. Lear Erregearen alaba gazteena.
Beharbada egokitu zaizu inoiz ziurrenik demokratek izan duten barne elkarrizketa desatsegin, deseroso eta batzuetan gatazkatsu hori izatea. Ez zen Estatu Batuetako presidentearekin izango baina bai nolabaiteko presidentea ere baden zure aitarekin. Beharbada saihestu duzu, ezagutzen duzulako aita, badakizulako nola jartzen den. Baina momentu batean ikusi duzu nola atera duen autoa garajetik, zer-nolako beldurra pasatzen hasi zaren berarekin joatea dagokizun bakoitzean, autoa zuk eramango duzula insistitu arren, berak ezetz, bere autoan joango zaretela esaten dizunean, hemen bertan delako, ondo ezagutzen duelako bidea. Senideek etxeko Joe Bideni interbentzio bat egiteko adorea biltzen duzuen arte.
Gero eta gidari zaharragoak izango dituen gizarte batean, kontuan hartzekoa da 2022ko datuen arabera, Europako Batasunean gertatzen diren auto istripuetako hildakoen %30ek 65 urte baino gehiago dituztela. Noizean behin albistegietara heltzen da 87 urteko gizon batek okerreko norabidean gidatzeagatik talka egin eta bost pertsona hil zituen istripuaren antzekoren bat. Terraza bat aurretik eraman zuen agurearen hura. Istripu gehienak ez dira hain letalak, zorionez. Kolpe txikiak dira maiz, baina familia batean sekulako lurrikarak sortzeko modukoak. Botere harremanak, belaunaldi gatazkak eta kasu askotan generoa ere dagoelako tartean alabak direnean arduraren bozeramaile.
Inoiz ikasi bazuten, emakumeek lehenago uzten diote gidatzeari. Botereari eutsi nahi hau etxeko markoan gelditzen da, eta gatazka, etxean laguntzeko norbait sartzea sukaldeko mahai gainean jartzen denean. Nik dakidala, Nancy Pelosiri ez zion inork esan Kongresuko demokraten bozeramailea izateari uzteko unea heldu zela (80 urte pasatxorekin hau ere, ez pentsa), baina etxe hori gobernatzen jarraitzen du. Bera izan zen Bideni pauso bat atzera emateko esan zioten ahots esanguratsuenetako bat, sukaldean oraindik agintzen duen italiar jatorriko matriarka dela erakutsiz.
Nik ulertzen dut norberaren gainbeheraren aurkako gurutzadan ukazioa indartsuagoa dela arrisku pertsonalaren, publikoaren edo politikoaren onarpena baino. Baina azkenean egoak amore eman behar izaten du, norberak, ingurukoek edo alderdiak biziraun dezan. Bidenen kasuan bere alaba politikoa izan zitekeenak hartu du bolantea. Ez da hautagai ideala (inoiz ez da), baina dutena da.
Oso autozalea da Joe Biden. Ez dakit kotxearen giltzak ere kenduko zizkioten edo elkarrizketa hori apur bat atzeratuko zuten eta denbora bat utzi Delaware-ko errepideetan gora eta behera ibil dadin, kapotarik gabeko auto batean, ahal izanez gero, inorekin gurutzatu gabe. Zuhaitzen kontra jotzea saihesten duen bitartean, ez zait hain erretiro txarra iruditzen.