Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zubiak eta ispiluak

2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ispilu handi bat dugu etxeko sarrera-irteeran. Eguna etxetik kanpoko zereginetan eman eta gero bueltatzen garenean, hark itzultzen gaitu garenaren neurrira; goizean etxetik irteteko unean, berriz, izan nahi dugunaren isla bueltatzen digu. Geure burua ikusteko baino, denborak nola higatzen gaituen konprobatzeko balio du ispilu horrek. Iheskor begiratzen diot nik, aurrez aurre alabek (adinaren kontua izango da, zer dakit nik).

Oso bestelakoak dira ezustean, eta ia traizioz, kalean harrapatzen zaituzten ispiluak, dela denda bateko erakusleihoan, dela taberna-zulo bateko korridore estuan. Izan ere, etxeko ispiluan zu zeuk aztertzen duzu zeure burua, baina kalekoek zu aztertzen zaituzte. Askoz deserosoagoak dira: errukirik gabe eta otoz otoan ikusten duzu zeure burua, aldez aurretik zeozer edertzeko aukerarik gabe. Bada, Zubiak dokumentala (Jon Sistiaga eta Alfonso Cortés-Cavanillas) azken ispilu horietako bat da: ispilu handi bat, gupidarik gabea, nahitaez zelatatzen zaituena zuk beste aldera begiratzeko tentazioa baduzu ere.

Spoiler egiteko beldurrik ez dago hemen, kontakizunaren gertaera ezaguna baita: Juan Mari Jauregiren alarguna da Maixabel Lasa eta haren hiltzailea Ibon Etxezarreta, eta elkarrekin hitz egiteko elkartu dira, mahai baten inguruan. Jakina da, halaber, biek ala biek urteetako ahaleginean dihardutela bizikidetza deitzen dugun hori eraikitzeko, zehazki horrek zer esan nahi duen ez badakigu ere.

Begiratu izu bat, begien kliska bat, nahikoa da Maixabel Lasa eta Ibon Etxezarretaren arteko solasaldiaren islan harrapatuta geratzeko. Balio estatistikorik batere ez du, baina esango nuke ezeroso irten ginela ia denok zine-aretotik, nire atzetik zetozenen hitzak entzun bainituen, eta baita buru-makur irten zirenen isiltasuna aditu ere.

Kontraesanak agerian utzi dizkit zubi horretan aurrera egin beharrak. Neure burua irudikatu dut egoera horretan: kalera ematen duen kristalera handiaren parean bi lagunentzako mahaia atondu bitartean, ezkerrean ogia jarri dut, zapi zuri garbia laga dut plateraren ondoan (gainean beharko luke?) eta eseri egin naiz. Izendatzerik ez dagoen mina eragin didan pertsona dut aurrez aurre, urduri samar: zer esan, nola begiratu, zer galdetu? Edo nire aurrean dago izenik ez duen mina eragin diodan emakumea: nola begiratu, zer erantzun?

Egongo dira haserre, asaldatuta, beren onetik aterata irten zirenak, edota filma ikusi gabe aldez aurretik halakorik ez ikustea erabakiko dutenak ere. Ulergarria da, noski, zauri guztiek ebakiondo ia berbera utzi arren, bakoitzaren orbaintzea oso desberdina delako.

Elkarrizketa horrek ez du tranpa egiteko zirrikiturik uzten, ez du auto-atsegin emate merkea onartzen, eta zintzoa izate aldera, ez dakit zer erantzungo nukeen nik. Pentsatu nahi dut zubiaren alde horretara iristeko gauza izango nintzatekeela, baina nola jakin?

Horrexek utzi ninduen deseroso, eta asko eskertzen dut ataka gaizto horretan erori izana. Neure burua han ikusi nahi nuen. Goibel atera nintzen, barruak mugituta, hitzez azaltzen zaila den sentimenen zurrunbiloan murgilduta. Txiki-txiki eginda, hitz batez, ispilu horrek bueltatzen dituen hitzak eta irudiak zartako handiak direlako. Neure buruari galdetu nion kapaz izango ote nintzen neroni ulertzeko ahalegin hori egiteko, enpatia hitz ederra nire miseria eta zama guztiarekin zikintzeko. Erosoa da geure burua etxeko ispilu domestikatuan aurkitzea, baina gordintasunaren islari aurrez aurre begiratu beharko diogu noizbait zer garen eta zer izango garen argi ikusiko badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.