Jone Amonarriz

Zu, euskara desagerrarazten ari den hori

2024ko urriaren 24a
05:00
Entzun

Kontzientziazio kanpaina baten leloa izan ahalko litzateke. Zuzena. Argia. Deigarria. Eta akaso eraginkorra. Zu, euskara desagerrarazten ari den hori. Leloa handian eta ozen. Tonu eta estetika atsegin eta alaietatik urrun. Kezkatuta eta haserre gaudenon aurpegi ilunak irudian, eta plano ertainaren erdialdean atzamarra, zu seinalatzen. Bai, zu. Beharbada orain arte interpelatuta sentitu ere egin ez zaren euskaldun hori. 

Horrela zuzendu nahiko nuke zuregana, espero gabeko modu gordin batean, zure arreta pizteko helburuarekin. Baina ezin da. Kontziente naiz foku deseraikitzaile batetik nekez piztuko dela ezer positiborik. Ez naizela inor modu horretan inorengana zuzentzeko. Beraz, belarriak jaitsi, ideia horrekin pilotatxoa egin eta paperontzira bota ostean, burua hotz, intentziorik onenarekin eta gure hizkuntzarekiko dudan miresmen eta erantzukizunetik idatzi dizut ondorengo lerrootan esan nahi dizudana. 

Euskaraz dakiten beste guraso batzuekin erdaraz hizketan entzuten zaitut sarritan, Lazkao Txikiren esaldia orainaldira ekarrita; erdaraz, euskaraz ari zaretelakoan. Haurrak ere bide beretik, eta ezin ezer ere esan, nonbait, «beraiek erabaki behar baitute» zein hizkuntzatan komunikatu —diskurtso arriskutsuagorik?—. Pantailetan zer ikusi eta noren fana bilakatu ere euren esku, birjinak balira bezala hautu horietako bakoitzean. Eta horrela, hegan egiteko etapa batean, mundu oso bat ezagutu eta bizitzeko aukera mugatzen ari zatzaizkiete, zuen inertziek eta axolagabekeriak gidatuta. 

Azkenean, lurreratu dituzu berriro ere bi hankak lan munduan. Kostata iritsi zara zure ibilbide profesionaleko hurrengo geltokira, eta, hara, eguneratu duzu Linkedin-eko profila. Kanpoko agentzia batekin gaztelania hutsean eraiki duzu zure negozio berriaren marka. Ordutegia daraman biniloa erdaraz, eta buzoneatu duzun eskuorria ere bai. Aukera galdu bat herritarren gehiengoarengana bere hizkuntzan zuzendu eta hurbiltasunetik erakartzeko. 

Hori gutxi ez eta iritsi berria den eta euskara ikasten ari den auzokideari ogia erosten diozun aldiro eteten diozu mintzapraktikarako duen aukera apurra. Hizkuntz aldaketa bera hobeto sentitu dadin dela diozu, baina funtsean zu zara deseroso sentitzen dena euskara erabat menperatzen ez duen pertsona batekin solasean. Aldiz, euskahalduntasunetik eskainiko bazenizkio minutu pare bat egunean, bere lanerako ez ezik, familiaren integraziorako garrantzitsua zaion tresna hori garatu eta erabiltzen lagunduko zenioke. Eta zuk zeure hizkuntzan artatuko zaituen merkatari bat irabaziko zenuke.

Inori bere hizkuntz hautuaren inguruan ezer esatea ikaragarri kostatzen da. Prokrastinazioaren zamak —landu berri dute gaia Ez hain ondo podcastean— eramaten gaitu sarri kanpo eragile edo faktoreak baliatzera adierazi nahi dugun hori zeharka aipatzeko. Eskuratu duzu aurtengo Euskaraldiko txapa? Ze ona Argitxoren ipuina; inork erdaraz egiten duenean kriseilua itzali egiten zaiola-eta, alabak super ondo barneratu du ideia. Edo, lehengoan zinemara joan ginen eta aldamenean euskaldun peto-petoak gaztelania hutsean, ze pena...

Bizi dugun egoerak, ordea, zeharka baino, zuzenean hitz egitea eskatzen du. Eta hori ere falta zaigu. Ze askotan parekoa deseroso edo erasotuta ez sentiaraztearren, norberak irensten du irentsi beharrekoa, harik eta pilotatxoa estomagora iritsi eta digestio arazoak sortzen diren arte —BERRIAren irakurle, badakizu zuk ondo zer den hori—. Korapiloa askatu nahi dugun momentu horretan ez gara bereziki eraikitzaile egoten eta, beraz, nolabait kanporatu eta marmotarena egiteari ekiten diogu. Hau guztia kontatu nahi dizut, besteak beste, uler dezazun nondik sortu den artikulu honen izenburua. Dena den, azken finean, botere bat aitortzen ari natzaizu. Klik txiki batekin aukera handi asko zabal ditzazun. Inondik ere, euskarak zu baino gehiago behar duzu zuk euskara.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.