oihana arana

Zonbien inbasioa

2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

Gaur ere «zer moduz zaude?» galdetu didate. «Ondo... bueno, nekatuta» erantzun dut enegarren aldiz.

Gero eta gertuago dago uda eta kaleak badaki. Izozkia eskuetan duela agurtzen nau jendeak kalean. Abanikoak agertu dira dendetako erakusleihoetan eta euria denean ere ez duen apenas inork txamarrarik janzten. Irakurlez bete dira bankuak eta bankuetan esertzen zirenak parkeetako zelaietara joaten dira meriendatzera. Gero eta gertuago dago uda, baina artikulu honetan uda erromantizatuko dudala uste baldin baduzu, amaitu da testua zuretzat: hau ez da uda jendea. Kaioak hasi dira zabor kontainerretara gerturatzen, gero eta kale-katu triste gehiago entzuten dira atikoetan. Nik zer dakit. Gorroto dut krema, gorroto dut azala erretzea, gorroto dut izerditzea eta gorroto dut jendea hain pozik egoten ahalegintzea. Onar dezagun ez gaudela pozik eta pozik bagaude ez dela uda gerturatzen ari delako.

Uda iristen denerako nekatuta gaude. Eta barkatuko didazue baina nekea eta poza ezin ditut batera ulertu. Nekea ezin da erromantizatu. Nekeak ez dauka ezer positiborik. Eta halakorik balu, ongi lo egitea izango litzateke nekearen alde on bakarra, bene-benetan nekatuta zaudenean, ordea, ezinezkoa da ondo lo egitea. Paradoxa bat dirudi, baina buruko minak sabotatzen du loa eta logurak buruko mina areagotzen. Ez. Nekeak ez dauka ezer onik.

Nekatuta nago. Ekaina delako dela esaten ari naiz behin eta berriz. Beti da errazagoa errua astroena, kurtso amaierarena, eguraldi aldaketarena eta horrelako kontuena dela esatea. Oporrak irits daitezen zain egoteak ez du gehiegi laguntzen nekea arintzen, baina ez da ekainaren errua bakarrik. Ez naute eguzki orduek nekatzen. Ez da gauaren epelean paseatu nahi izatearen ondorioz lo gutxiago egiten dudala. Ez da eguna luzeagoa denez ordu gehiago eskaintzen dizkiodala lana egiteari. Ez naiz gaizki jaten ari. Ez naiz ari ur gutxiegi edaten. Ez da hori. Ziurgabetasunak nekatzen nau. Zalantzak sortzen dit loezina. Ekainaren hogeita hamarra baino lehen etxea hustu behar dugula jakiteak; hori egiteko denbora eta indarra nondik aterako ditudan pentsatu behar izateak; irailean bertara itzuli nahi badugu alokairua aurten baino dexente garestiago ordaindu beharko dugula jakiteak; alokairuaren igoera onartu nahi ez badugu neure burua ekaina amaitu arte idealistako anuntzioak konpultsiboki ikusten irudikatzeak; guk hau jasan behar izatea erabaki duena nekatuta ez dagoela ikusteak, eta gure nekea bere ardura ez dela nola asumitzen duen nabaritzeak. Nekatuta nago eta nekatuta egongo naiz. Nekatuta gaude, gero eta nekatuago egongo gara eta ez dirudi inori inporta zaionik.

Nekatuta nago eta nekea oso gertu dago haserretik. Nekatuta nagoenean errazago haserretzen naiz eta askoz zailagoa egiten zait haserrea beste sentimendu batzuekin ordezkatzea. Onar dezadan, nekatuta nagoenean haserretzen naiz batik bat. Eta haserretzeak izugarri nekatzen du.

Honek horrela jarraitzen badu, gero eta ilunagoa izango naiz. Gero eta isilagoa. Gero eta marmartiagoa. Honek horrela jarraitzen badu, nire ingurukoak nekatuko ditut, haserretuko ditut. Haiek zuek eta zuek zuen ingurukoak. Zonbi bilakatuko gara, gero eta bordeagoak, gero eta berdeagoak; geure begi zulo eta geure jateko grina. Harrapakinak edo harrapakariak garen jakin ez arren, jendea nekatzen jarraituko dugu eta ez dakit, garunak jaten ere hasi beharko dugu momenturen batean. Kontxako pasealekura iristen garenean, akaso, etxejaberen batekin topo egin eta uda erromantizatzea baino betebehar konplexuagorik izaterik gustatuko ez litzaiokeen izaki nekaturen betek ordaintzeko moduko alokairua jar dezan derrigortuko dugu. Bere garuna ez jatearen truke. Gu guztiok nekatuta eta haserre bizi ez gaitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.