mikel elorza
ARKUPEAN

Zomorro kontuak

2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Zomorroen inguruan nabil egunotan —ez zomorroez inguratuta—. Unai Ugalde zientzialariari entzun nion zomorroen desagerpenaren eta horren ondorioei buruz, hitzaldi interesgarri bezain kezkagarria, eta azkenaldian izurriteenak katigatu egin nau. Tigre eltxoarena apur bat jarraitu dut, gehiegi ez, eltxoek oro har, erakarpena baino, egungo terminologian esanda, autodefentsarako grina semitikoa esnarazten baitidate. Baina zimitzen izurriak bai erakarri duela nire arreta.

Animalia mitikoa, gurasoen eta aitona-amonen kontua izan da hori, gerraostekoa, jana eskas zen garaikoa, maskotismoa mainstream izan aurretik etxeaz gehien gozatzen zuten animaliak zorria eta zimitza zirenekoa. Eta orain atzera bueltan mamutxok. Zorria aspaldi zebilen, egia esan, eta latosoa izanagatik ere, ezin uka diezaiokegu kontzertatu eta publikoko ikasleak berdin erasotzeko gaitasuna. Zimitzari ere badario interklasismo asmo hau, burgeson etxeak proletarioenak bezainbat jotzen baititu ituan. Hori alde dute. Balkoietako landare eta halakoek erakartzen omen dute zimitza, eta bai, garai baten aldean geranio eta petunia gutxi ikusten da, baina bizi gaituen neorruralismo urbanitan balkoiak tomatez, piperrez eta bestelako baratzeko jendeez populatuta daude, eta gainera eraso kimikoetatik salbu, gure bio-eko-militantzia nekazariaren abaroan. Eta beraz...

Hego Euskal Herrian dabilen zimitza beganoa omen da, ez da odolez elikatzen, alde horretatik ondo, baina betikoa, hematofagoa —hizkote ederra, alajaina—, ez da oso aparte ibiliko eta noski, ez zara hasiko bere jateko ohiturez galdezka zure etxeko salan harrapatzen baduzu. Argi, ureta elikagai gabe utziko duzu zapata kolpe bakar batez. Okerragoa da Paristik heldu den albistea, hango zimitzen izurriarena, oso kezkatuta baitauka Estatua bera eta ministroak ere propio biltzera eraman ditu (hango LABI, imajinatzen dut nik, hango Jonan Fernandez buru). Izan ere, neguaren bueltan olinpiar jokoak dituzte. Olinpiar Jokoen atarian Argien Hiria Zimitzen Habia bihurtuta!

Eta hor jotzen du gure bizimoduak obszenitatearen gaina.

Gure leihoetatik zomorroak sartzen baitira, ez misilak. Eta jaurtitzen dugu elkartasun leialenaren deiadarra, bat egin dezan Palestinako herritarrenekin, baina badakizu Mendebaldeko gortasunaren eta hipokrisiaren harresia joko duela, inon den harresirik suntsitzen gaitzenetakoa.

Medioen trataera desberdinen azterketa zorrotzean, jarrera muturrekoen arteko eztabaida sutsuan murgilduko gara, ohartzeke haiengandik banatzen gaituena eki- ez den distantzia bat dela, gaindiezina. Gu hain aurreratuok, ez dugu oraindik asmatu oinazearen neurri unitatea.

Eta gaur Palestinako basa-mortuan gabiltza erosta jotzen (eta egin behar, halako triskantzarik!), baina Afganistango lurrikarara ere joan gintezke. Bonben eta lurraren dardarei zain egon gabe ere hiltzen dira han, bizirik hil ere, emakume eta haurrak. Eta Turkiak Gazako zalaparta profitatu du bere aire erasoei silentziadorea jarri behar ez izateko, kurduak zapartatzen jarraitzeko. Eta abar.

Hau dena lehen ere bagenuen, orain ere badugu eta gerora ere izango dugu: munduko injustizien aurreko tristura eta amorrua. Tristura eta amorru latza, bai: baina horixe. Obszenitatea ikaragarria da, biluztasun osoan ageri da gure pribilegioa.

Eta biluzik ez gelditzeko, itzul gaitezen mozorroetara, zomorroetara.

Balkoia fumigatu beharra dago, hurrengo ilgoran beharrezko landaketak egiteko dena listo egon dadin. Eta datorren udako Olinpiar Jokoak inoizko garbi eta aratzenak izan daitezela. Esan gabe doa, inoizko txalo zaparradarik handiena joko diogu beste atletengandik ordu erdira datorren korrikalari palestinar sufrituari. Zer besterik?

Entomologo jakintsu maiteok, seguru zaudete zimitzak eta zorriak espeziekide ez ditugula?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.