Karlos Aizpurua Etxarte.
ARKUPEAN

Zimiko bi

2017ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Bi motatako musika festibalak daude gutxienez: enpresek, bankuek eta enparauek bultzatutakoak, eta besteak. Azken horietako bi izaten dira Lapurdin: txikiena, gaur hasiko den USOPOP festibala da. Aldi honetan ere Lizarrietako lepoan kokatu dute, Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan. Dagoeneko zortzigarren edizioa du USOPOPek, baina aurtengoak bi eguneko egitaraua edukiko du estreinakoz, arrunt txalogarria dena borondatezkoek antolatzen baitute festibala, eta egiazki, hor bada lanik. Bihar Lizarrietatik Sarako plazara jaitsiko da festibala; eta hor ere izango da urrats berririk. Izan ere, goizeko hamaiketatik goiti irekiko dute «MerkatUSO» artisauen azoka. Handik gutxira hasiko da musika talde askotarikoen emanaldia. USOPOP aukera paregabea da zirkuitu ofizialetatik kanpo xamar dabiltzan musikarien zuzenekoak aditzeko. Artista bakan eta kalitatekoak gonbidatzeaz gain, antolaketaren xehetasun guztiak zaindu ohi dituzte USOPOPekoek; ostatuan eskaintzen duten jan-edana esaterako, edo haurren txokoa. Eta dekorazioa, nahiz Lizarrietako gainak edo Sarako plazak ez duten edergailuen premiarik.

Lapurdin bada ibilbide luzeagoko beste festibal bat ordea, ezaguna duzuena menturaz: Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibala. PIZTU elkartearen ekimenez sortu zen 1996an, eta urte guziz ospatzen da ekain hondarraren eta uztail hastapenaren artean hiru egunetan gaindi. Hainbat lekutan ainguratu izan da; Baxenabarren, Zuberoan eta azkenaldian Lapurdin, Lekornen zehatz esatera. Bizpahiru lagun ari dira soldatapean, baina borondatezko«zazpiehun langilez, sutsu ta ekilez» obratzen da EHZ festibala, Txato zenak Arrosako zolan kantuan dioen bezala. Euskal kultura zein euskara indartzea du helburu EHZk. Ez du hori xede bakarra ordea: Euskal Herria ikusgarriago bilakatzea, lurralde garapena, sorkuntza artistikoaren sustengua, harreman sareak eragitea, bazterketa soziala borrokatzea, kontsumo etikoa, euskal herrien arteko zubigintza... Zubigintzarena azken urteotan hobeto erreusitzen dela iruditzen zait; hasierako edizioetan hegoaldeko gutxi somatzen ziren Arrosako pentzeetan, eta salbuespenak salbuespen, oihartzun apala zuen hedabideetan. Aldiz, badirudi gero eta gehiago direla hegoaldekoak, festibalaren larretan oihal etxea altxatzen dutenen artean.

Arestiko xedeak gogoan antolatu zen lehen EHZ hura eta hala segitzen du izaten talde euskaldun zein kanpoko musikarien kontzertuetan ardaztuta. Dena den, EHZk eskaintzen duena ez da musika soilik. Ezta hurrik eman ere. Badu mundu ikuskera jakin bat, Txatoren kantuan islatzen dena «koka ta hanburgesa, euskaldun baldresa... izaki klonikoak egin nahi gaituzte... multinazional horien herria ez gara, bretoi ta korsikar, kanak ta okzitandar, nor bedera izaiteko har dezagun indar». Ikuspegi horren araberako egitarauak musikaz aparteko ekimen parrasta bat eskaini ohi du urte guziz, goizetik arratsera: antzerki, dantza, magia, bertso saio, haurren txoko, orotariko tailer, gogoetaldi, hitzaldi, mahai-inguru... bada non hauta, zinez.

Duela hiru urte USOPOPen ginen, Lizarrietan. Han ari zen Anari «badira gau ilunean baino ikusten ez diren hainbat gauza. Beldurrak eta arrainak hil arte hazi». Orduantxe jakinarazi ziguten entzun nahi ez genuena, eta «bizitzaren urertzean hondartzen diren izugarrizko balea horietako bat bezala» geratu ginen instant batez; ez aurrera, ez atzera. Harez geroztik, USOPOPeko edizio bakoitzak zimiko bat sentiarazten digu orbainean. Eta Arrosako zolan aditzeak beste bat. Baina zer arraio! «Gora bihotzak eta behera prakak!», ezta Txato?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.