Ihes betea, alegia. Xabier Letek 1980ko hamarkadan idatzi eta Mikel Laboak kantatzen zuen poema hartako ihes betea. Anjel Lertxundik nobela baten izenbururako erabili zuen Ihes betea (2006), eta Ken Zazpik Ihes betean (2010) deitu zion kanta bati. Ez dakit aurretik euskal literaturan azaltzen ote zen esaera hori.
Kontua da sarritan pizten zaidala burmuinean «Ihes betea zilegi balitz...»; ez Leteren transzendentzia mailarekin, modu dezente prosaikoagoan baizik. Zerbaitek estutu, gogaitu, inarrosi edota zanpatu egiten nauen aldiro. Esaterako, aurreko batean (2022-10-25) Vox-eko Ivan Espinosa de los Monterosi entzutean RTVEko 24 Horas-en gaueko saioan. Gauza bat da kontserbadorea eta atzerakoia izatea; beste bat gezurti, tranposo eta manipulatzaile konpultsibo gisa jokatzea, masailak gorritu gabe gainera, nola eta bizarrak ez zion lotsa ezkutatzen. Ikus-entzulearentzat, iraingarria.
Hartan, Jose Barrionuevo Barne ministro ohi sozialistak El País (2022-11-06) egunkariari emandako elkarrizketa iritsi da eta astindu ditu bazterrak. Lasai ageri da gizona kamera aurrean, hurbil eta guzti esango nuke, bai janzkeran kamisetaz, traje eta gorbatarik gabe eta baita hitz egiteko eran ere. Sala handi klasiko batean dago, baina berdin egon zitekeen taberna batean.
1982-1986 bitartean Espainiako Barne Ministerioa eta haren adarrak zuzendu zituen gizona solte mintzo da, konfiantza giroan, lagunarteko solasean balego bezala. Joxe Mari Larretxea Goñi ETA pm-ko errefuxiatua atxilotzeko agindua berak eman zuela: «Harrapatu zuten, baina hain zen handia gizona, ez zen maletategian kabitzen. Aurre egin zuen, bitartean jendarmeak iritsi ziren eta bertan behera geratu zen kontua». Gutiérrez Argüelles inspektorearen agindutara zihoazen hiru geo-k (Grupo Especial de Operaciones) parte hartu zuten Larretxea bahitzeko operazioan. Beste pasadizo hau ere kontatzen du Barrionuevok: GALek (Grupos Antiterroristas de Liberación) 1983an bahitutako Segundo Marey libre utz zezaten agindu zuela berak, iradokiz beste alternatiba ETArekin zerikusirik ez zeukan gizon hura hiltzea zela.
Barrionuevori hamar urteko kartzela zigorra ezarri zion 1998an Espainiako Auzitegi Gorenak Mareyren bahiketagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, baina laster indultatu zuen Jose M. Aznarren gobernuak: hiru hilabete egin zituen espetxean; tarte horretan ordenagailua erabiltzen ikasi omen zuen. Ministro ohiak inolako damurik erakutsi gabe kontatzen ditu orain bere balentriak; alderantziz, harroxko jarrita kameraren aurrean: «Ordenaren zaintzaileak ginen».
«Umiliazioa» da Barrionuevoren elkarrizketa kalifikatzeko gehien entzun den hitza: biktimekiko umiliazioa. Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak eta Rafaela Romerok Gipuzkoako Aldundian Mugikortasun diputatu den PSEko kideak erabili dute hitz hori. Baita Maider Garciak ere, GALek eraildako Juan Carlos Garcia Goenaren alabak. Beste kontzeptu bat ere aipatu du Maider Garciak: Barrionuevok erakusten duen «inpunitatea». Inpunitate horrek eragiten duen «amorru itzela» azpimarratu du Edurne Brouardek. Izan ere, Felipe Gonzalez presidentearen ministro ohiak justifikatu egiten du ETAkoen eta beste herritar batzuen kontra erabilitako gerra zikina, inolako erreparorik gabe. Zalantzarik ez, sobera babestuta sentitzen da nonbait Barrionuevo. Hala ere, kontuak eskatu dizkiote berandu antzean, egia esan Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak eta Fernando Grande Marlaska Barne ministroak. Gainontzean, isiltasun konplizea Madrilen. Bistan da PSOEk badaukala oraindik lana estoldak garbitzen. X jaunarenetik hasita. Ihes betea ez baita zilegi segun eta zein zirkunstantziatan.
ARKUPEAN
...zilegi balitz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu