Manolito Gafotasek badu amets bat: uda honetan auzotik irten eta hondartza ikustea. Hala kontatzen dio Sita Asuncioni idazlan batean. Erregutzen dio, arren, aprobatzeko matematikak. Aurten ere ez direla inora joango, aitaren kamioiaren letrak ordaindu behar direlako eta blablabla. Baina, akaso, dena gaindituko balu, Susana Bragasucias edo Orejones Lopezekin igerilekura joaten utziko liokete. Beraz, mese-mese, aprobatzeko matematikak.
Total, Manolitok matematikak suspenditzen ditu eta gainera, betaurrekoak hautsi (klasiko bat). Hainbat desgrazia eta kasualitateren ostean, ordea, galdu eta hondartzara iristen da. Familia osoa joaten da haren bila eta hara non, itsasertzean paella bat jaten amaitzen dute, pozez txoratzen. Manolitok Pinpinela kantatzen du eta gurasoek pelikuletako muxu bat ematen diote elkarri. Nire aita ahaztu zen bere zakur biziaz eta nire ama bere esklabo biziaz—dio Manolitok. Ez zirudien gu ginenik: zoriontsu ginela zirudien.
Eta hori aditu orduko, hasten naiz ni negarrez. Ez dut izaten argi, ordea, zein den moraleja. Zeren nik poztu nahi dut Manolitok bere ametsa bete duelako. Bihotzez diot, pozten naiz ihes egin duzulako, Manolito. Baina malkoa xukatu ahala sumatzen dut halako ziztada bat. Ez dakit zure ametsa ospatzen, klase ertainaren aspirazioa erromantizatzen ala antzeko zerbaitetan nabilen. Ez baitakit, Manolito, ihesarenak funtzionatzen duen.
Begira, Manolito. A. Pacheco murgildu zen turismoaren industrian eta liburuxka batean bildu du aztertutakoa. Ondorio nagusia zera da: turismoa esplotatzailea da, territorioa merkantzia bilakatzeko tresna bat. Jasangaitza zeharo. R. Valsen hitzak ekarri ditu gogora. Hark turismoa bizimolde inperialistekin lotu zuen. Bizimolde inperialistak (eta hor sartzen da turismoa, baina ez hori bakarrik) ez dira jasangarriak. Ez ekologikoki, ez sozialki. Soilik sostenga daitezke beste bizi askoren pribatizazio eta esplotazioari esker. Honek zera esan nahi du, Manolito, gehiengoarentzat berez direla ezinezko. Gainera, jadanik 2024a da. Bai, niretzat ere dena errazagoa zen zure garaian. Baina egoera egun dago txungo de remate, zuk esango zenukeen moduan. Zalantza dut bidaiatzearena konkista demokratikotzat jo daitekeen. Ez dakit, Manolito, berriz ere hondartzara joaterik izango duzun.
Zure aitonaren arabera, Carabancheleko zorua nazkagarria da. Zerua, aldiz, munduan den politena. Edo bestela esanda: Carabancheleko baldintza materialak lazgarriak dira, baina horiei beharrean goiko urdinari begiratuz gero, bista ederra da. Ulertzen zaitut, Manolito. Nik ere egingo nuke ihes. Are gehiago udan.
Ihesa bainoago, atsedentxo bat sikiera, ezta? Azken buruan, hemen inor ez dago deskantsuaren kontra. Gainera, desira eta plazera birkonfiguratu daitezke. Akaso lortuko dugu inoiz urrutira joateko premia sostengaezinik gabeko atsedenik. Denontzako uda desiragarririk. Ez dizut ukatuko, udak mola cien kilos. Mundu zitalaren kontra errazago egingo nuke mar-mar sonbrila baten azpian. Lizar Begoñaren eleberri hipnotikoan ikasi dut hori.
Nik ere izan ditut urrutira joan gabeko udak. Zakurraren putza dira, zuk esango zenukeen moduan. Pozten naiz hondartzaz gozatu duzulako. Kontatuko dizut gauza bat eta egingo dut zurekin zerura begiratzearen alde. Noizean behin, oskarbi denetan behintzat. Biarritz Plazan eman dut azken uden parte handi bat. Ez da hondartza bat, Intxaurrondo auzoan dago, bloke artean ezkutatuta. Amonarekin izaten naiz han, plastikozko mahai baten bueltan. Hark ere ezin du itsasora joan. Dio plazan Kontxan baino hobeto egoten dela. Nik batzuetan bat egiten dut. Jartzen naiz txulita, Mexikon izan direnei diedan inbidia baretzeko. Egiten dugu topa eta batzuetan Joxe Ripiau entzungo balitz bezala da: sosik ez badugu, hemen dantzatuko dugu. Eta bai, Manolito, zerua zoragarri izaten da halakoetan.