oihana arana

Zerura begira

2025eko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zerura begira nengoen eta nahi gabe esan dut «Gurago nuen tunela zubi gorri hori baino». Pasa dira urte batzuk eraiki zutenetik, askotan igarotzen naiz bertatik, baina oraindik ez naiz aldaketara ohitu.

Gure herrian, bizilekutzat genuen auzoa bidegorriarekin elkartzen zuen zubi zaharraren ondoan eraiki zuten zubi berria. Bat amaitu arte ezin zuten bestea eraitsi. Umeak ginen orduan, baina herrira sartzen naizen aldiro etortzen zait irudia burura. Zubi zaharra nolakoa zen esaten ez dakit, baina akordatzen naiz obrekin. Ez dakit zenbat denbora pasatu den ordutik, baina esango nuke oraindik igartzen dela non zegoen zubi zaharraren hasiera, ez dakit eraikin berrietan lehen zeuden gauza horien markak topatzea gustatzen zaidan edo ez. Markaren arabera, seguruenik, baina orokorrean baietz esango nuke.

Gu hazi ahala hazi dira gure herriak, eraiki dituzte etxeak, parkingak, errepideak, egin dizkiete igogailuak etxe zaharrei, berriztu dituzte fatxadak eta lehenengo pisura arteko atarte zatiak. Gusanitosak jaten harrapatu gintuen Gasteizerako autopistaren inaugurazioak. Pipak jaten genituen bitartean eraiki zituzten oraindik mamu den tren batentzako harrizko zutabe erraldoiak.

Haizea zebilenetan fabriketako kea iristen zen gure ikasgeletako leihoetara. Fabrika horiek kooperatibak zirela eta kooperatibismoa zer zen ulertu behar genuela esan zigutenerako itxi zuten gutako askoren gurasoen lantegi zen kooperatiba hura. Unibertsitatera joateko herria utzi nuenean zabaldu zuten bertako unibertsitatearen eraikin berria. Gure amaren etxearen ondoan, sekula amaituko ez zituztela ematen zuen bi eraikin amaitzen ari direla ikusi nuen itzuli nintzen azken aldian. Herriak zerbait esan nahi ote didan pentsatu beharko dut, akaso.

Txutxeak erosten genituen lekua beste zerbait da orain. Antzokia existitzen ez zenean museoko gela batean ikusten genituen Doraemonen pelikulak pantaila handian. Ez dakit umeek etxerako lanak liburutegian egiten jarraitzen duten. Oraindik amaitu gabe daude nerabezaroan habitatzen genituen obrak. Sekula etxe izango ez den oroitzapen multzo hori. Grafitiak, zigarrokinak, vodka botila hutsak.

Batzuetan egiten duzu ihes nonbaitetik, baina nonbait horrek ez du zugandik ihes egiteko asmorik. Nahi gabe eramaten duzu maite duzun jendea paisaia menditsu horretara. Ikus dezaten non sortu den zaren nostalgia eskukada hori; bakarrik itzultzeak min ematen dizula jakin dezaten.

Gerora egin dut irakurketa poetikoa, baina zerurik ikusten ez nuelako joan nintzen handik; erromantizatzeko moduko bizileku baten bila. Txorakeria bat dirudi zeruarenak, baina itsasbazterrean edo ordekan, bailara menditsuetan baino zeru zati handiagoa ikusten da, askoz handiagoa. Hiria erromantizatzen igaro nituen lehenengo hilabeteak, baina hiritar bihurtzen hasten zarenean konturatzen zara hiriak ere beti daudela obretan. Porlanetik ihesi etorri nintzen eta hemen ere etxe izan ziren lekuetan obrak. Belarria apur bat zorroztu eta obrak. Bizilagunaren etxean obrak. Gaur ezer ez dagoen lekuan aldamioak bihar. Ez gelditu hesiaren edo aldamioaren ondoan. Atzo goizean egon nintzen lekua gaur ez da existitzen. Leihoak eta ateak tapiatu dizkiote. Aurki eraitsiko dute.

Etxe deitzen diogun hori ere ez da gurea izango inoiz. Alokairuko etxeetan norbere espazioa eraikitzea apur bat zaila da, muga eta arau zorrotzek zaildu egiten dute atxikimendua. Are gehiago, noizbait bota egingo gaituztela badakigunean. Ezingo dugu ordaindu eta ume rubiodun familia bati alokatuko diote.

«Adi! Tren batek beste bat ezkuta dezake». Batzuetan ahaztu egiten zait zenbat antsietate kabitzen den Donostiako Renferen geltoki txatxu honetan. Zergatik ahaztu ote ditut aurikularrak etxean. Etor dadila trena, mesedez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.